2012/05/20

EiTBk 30 urte

Gaur 30 urte,1982ko maiatzaren 20an, Eusko Legebiltzarrak Euskal Irrati Telebista sortzeko legea onartu zuen.


1979ko Autonomia Estatutuan komunikazio erakunde bat sortzeko aukera bildu zen. Eusko Jaurlaritzako lehenengo hauteskundeak EAJk irabaiz zituen 1980an eta Karlos Garaikoetxea lehendakariak, Ramon Labaien izendatu zuen kultura zinegotzi. Labaienek Euskal Irrati Telebista sortzea beharrezko eginbehartzat zeukan euskara normalizatzeko bidean. 1981ean Bizkaiko Foru Aldundiak Iurretan 53.000 m2 lur erosi zituen eta urte horretako azaroan hasi ziren Euskal Telebistaren egoitza izango zenaren eraikitze lanak.
EiTB 5/1982ko maiatzaren 20ko legearen bidez sortu zuen Jaurlaritzak, Autonomia Estatutuko 19. artikuluari jarraiki.[1]

Hasiera denak izaten dira zailak, hutsetik hasi behar izaten da askotan eta hau izan zen EiTBren kasua. Hego Euskal Herrian ikusi zitezkeen telebista kate bakarrak RTVErenak ziren. Irrati eta Telebista bat ezerezetik martxan jartzeak gainera, lan handia eskatzeaz gain, formakuntza bat ere eskatzen zuen. Hori dela eta 1981ean Gasteizen Telebista Eskola bat zabaldu zuten Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren sotoan. EiTB martxan jarriko zuen langile talde bat heztea zuen helburu eskola honek. Studio Hamburg enpresa alemaniarra kontratatu zuten aholkulari moduan eta 1982an euskal langile talde bat –zazpi kazetari eta 24 teknikarik osatua- Alemaniara joan zen ikasi beharrekoak ikastera. [2]
Bitartean, gurean Iurretako estudioak eraikitzeko lanek martxa onean jarraitzen zuten. Madrileko Page Ibérica enpresa punta-puntako instalazioak eraikitzen ari zen Bilboko IDOM enpresaren zaintzapean.

Madrilen PESA enpresa (Productos Electrónicos S.A.) lehenengo unitate mugikorra eraikitzen zebilen eta bertatik aireratu zen lehenengo aldiz Euskal Telebistaren seinalea euskaldunen etxeetara 1982ko abenduaren 31n. Gaueko hamabietan Euskadiko Orketra Sinfonikoak interpretatutako Agur Jaunak kantak eman zion hasiera Euskal Telebistaren lehenengo emanaldiari. Irudietan antena paraboliko baten mastan eskegita zegoen ikurriña bat ikusten zen.

ikurrina.png
Ikus-entzuleek ikusi zuten lehenengo irudia

Xabier Elorriagak zuzendu zuen lehen saio hura eta Elene Lizarralde eta Mari Jose Insausti izan ziren aurkezleak.

Hitzokin hasi zuten saioa:

Mari Jose: Ikusle maiteak, jaun-andreak, gabon. Gabon eta Urte berri on!

Elene: Urte berri on, bai, gure oso-oso berri Euskal Telebista estudiotik. Urte hau aurrekoa baino hobea izan dadila zuretzat, zure senideentzat, zure lagun eta adiskideentzat, herri honetako seme-alabentzat eta munduko herri guztietakoentzat.

Mari Jose: Eta, lehen ordu hauetan, 1983ko lehen minutu hauetan, Euskal Telebista honek bere lehen programari ekiten dio. Bere lehen probatako programari.

Elene: Nahiz eta erabateko egia izan ez, pentsa dezagun unetxo batez gure Euskl Telebista hau erabateko errealitate bat dela, eta Euskadi osoa gu ikusteko eta entzuteko antenaz berterik dagoela. Euskadiren zerbitzuan jaiotzen da Telebista hau; ikusteko eta entzuteko, hain zuen ere.

Mari Jose: Eta zergatik ez, hau guztia errealitate izango da later asko. Eta, horretarako, hori guztia egia izan dadin, gaur, 1993. urtearen sorreran, jandaurreko lehen pauso hauek ematen ditugu, benetan uste duguna baino gehiago zaretelakoan. Zorionak, bada, eta aurrera.

Elene: Eta, hasteko, hona Karlos Garaikoetxea lehendakariak urte zaharraren inguruan emandako mezua. Adi-adi bazaudete gu ere aipatzen gaituztela konturatuko zarete.



 


Hainbat arazo tekniko zirela eta, lehenengo emanaldi honek hainbat muga izan zituen, besteak beste, ikusle askok ezin izan zutela ETBren seinalea hartu. Durangaldean inongo arazorik gabe ikusi ahal izan zen programazio guztia. Bilbo inguruan erdizka baino ez. Lehenengo emanaldi hau baino lehen, Ganetako ekableatu zerbitzua tximista batek hondatu zuen, Zaldiarango zentroko ekipamendua atzeratuta zebilen eta Jaizkibelgo zentroak TVErekin adostu behar zuen emanaldien amaiera ETBko seinalea emititzen hasi ahal izateko. Andoni Areizaga, EiTBko zuzendariak hurrengo hilabeteetako plana zein izango zen zehaztu zuen: “Zero programa honen ondoren, hiru etapa izango ditugu. Lehenengoan seinaleak baino ez dira igorriko, eta telebistak emanaldietara egokitzeko balioko du. [...] Bigarren etapa urtarrilaren bigarren astean zehar izango da, eta bertan albistegi laburrak eskainiko ditugu, bai euskaraz, bai gaztelaniaz eta bai filmen bat ere. Hori guztia ordubetean. Hirugarren etapari bigarren hiruhilekoan ekingo diogu; horrela pixkanaka hiru orduko emanaldietara iritsi nahi dugu urtearen bukaerarako”.

Euskadi Irratia, hilabete lehenago hasi zen emititzen 1982ko azaroaren 23an. Radio Euskadi berriz, lehenago, 1946ko abenduaren 21ean sortu zen "Radio Euzkadi, la Voz de la Resistencia Vasca" izeneko irratiaren ondorengoa litzateke. Lapurdin sortu zen irrati hau eta 1977ra arte iraun zuen erbestetik Euskal Herriaren berri emanez. 1983ko apirilaren 29an sartu zen EiTB taldearen barruan. Gaztelaniaz emititzen du. Bere euskarazko baliokidea, lehen aipatu, Euskadi Irratia litzateke.

1983ko urtarrilean Euskal Telebistak kontratuak egiteko ahalmena bereganatu zuen, ordura arte langile guztiak kultura sailarentat egiten baitzuten lan.

1983ko otsailaren 16an amaitu zen froga-emisioen epea. Urte horretan bertan hasi ziren Donostiako Miramongo produkzio-zentroaren eraikuntza lanak. Beste hainbat unitate mugikor ere erosi zituzten.

1986ko maiatzaren 31n sortu zen ETB 2 katea. Jose Maria Gorordo zen EiTBko zuzendaria eta garai hartako egoera aprobetxatuz, isilean eta inori ezer esan gabe aireratu zuten ETB 2 katea probatan. EiTBn lanean ari ziren langile gehienek ere ez zuten honen berririk izan harik eta emititzen hasi zen arte.

Euskal Irrati Telebistako Zuzendaritza Nagusiak jakinarazten dizue gaur, maiatzaren 12ko zazpi eta erdietatik aurrera, Euskal Telebistak programa berria hasiko duela probatan [...] Erabaki hau euskal titulartasun publikoko komunikabideak hazi eta kontsolidatzeko prozesuaren barruan kokatzen da.

Ohar honekin eman zuten ETB 2 katearen sorreraren berri emititzen hasi baino ordu erdi lehenago. Il carnavale di Venezia filmarekin hasi zen Euskal Telebistako bigarren katearen bidea. Kate berri hau sortzeak iritzi eta kritika ugari izan zituen. Baina hiru ziren funtsean, bigarren katearen sorreraren inguruko eztabaidagai nagusiak: erabakiaren zilegitasuna, neurriaren legezkotasuna eta EiTBren ereduaren aldaketa (euskara eta euskal kultura bultzatzeko sortu baitzen eta erabaki honekin gaztelera hutseko kate berri bat sortu baitzen). Iurretako instalazioetan beste plato bat prestatu beharra zegoen ETB 2ren eta ETB 1en emisioak aldi berean egin ahal izateko. 1987ko otsailaren 20an Miramoneko EiTBren egoitza inaguratu zen. Urte bete beranduago, 1988ko azaroaren 20an Baionako EiTBren egoitza zabaldu zen.

90eko hamarkadan telebista kate pribatuen etorrerarekin batera, audientzia bereganatzeko lehiak gora egin zuen nabarmen. Hamarkada honen lehenengo urtean sortu zen Euskadi Gaztea irrati formula, 1990eko martxoaren 21ean hain zuzen ere.

2001ean ETB Sat katea sortu zuten Digital+ bidez zein ASTRA satelitearen bitartez ETBren emisioak Europara zabaltzeko. Canal Vasco katea berriz, Amerikan emititzeko sortu zen. Kate bi hauek produkzio propioa baino ez dute emititzen eta euskara zein gazteleraz emititzen dituzte edukiak. Azken kate honen eduki gehienak baina, gazteleraz dira. ETB Sat-ek bi hizkuntzen arteko banaketa orekatuagoa egiten du. Orain artean Euskal Autonomia Erkidegoan emititzen zen ETB Sat-en seinalea eta gainontzeko Europako eskualdeetarako emititutakoa ezberdinak ziren. 2011ko irailetik hona, EAEko ETB Sat-en emisioei ETB K Sat izena jarri diete eta ETB 4ren proiektuaren ordezko bihurtu da, kirola ardatz harturik osatuta baitago emisioa. 1998an EiTBren sorrerako legea aldatu zen ikus-entzunezkoen egoera berrira egokitzeko asmoarekin eta Eusko Jaurlaritzak EiTBren kontrol handiagoa izateko asmoarekin. 1999an inaguratu zuten EiTBren Iruñako egoitza.
2002an, Andoni Ortuzar buru zuen EiTBren zuzendaritzak, Iurretako egoitza Bilbora eramateko asmoa adierazi zuen. Horrela Bizkaian zehar sakabanatuta zituen hainbat egoitza batu nahi ziren. San Mames-en kokatuta zegoen Bilboko Erakustazoka Barakaldora eraman zutenean, 7 eta 8. pabilioiak EiTBren esku geratu ziren, 8. Pabiloia baina ez du osorik erabiltzen EiTBk, bertan beste komunikazio enpresa batzuk (Antena 3, El Mundo...) eta Bizkaiko Ogasunaren instalazioak daude. Instalazio berriak 2007ko apirilaren 3an inaguratu ziren, eraikitze lanak guztiz bukatu gabe zeudela eta 2007ko irailaren 25ean amaitu zen transladoa. Digibat sistemaren bitartez Miramon eta Bilboko egoitzak elkarrekin lotuta daude.

2008ko urriaren 10ean, arratsaldeko seirak inguruan, ETB 3 katea jarri zen martxan Bilboko egoitzako Multibox aretoan egindako emankizuna bukatu ondoren.
Itzalaldi analogikoarekin batera, 2010ean EiTBri, LTD bidez emititu ahal izateko lau katedun Mux edo Multiplex bat eman zitzaion. LTD bidezko emisioak ETB 1, ETB 2, Canal Vasco eta ETB SAT (egun ETB K Sat) kateak emititzen zituen. Baina, ETB 1 eta 2 ez ziren Multiplex horretako kateak betetzeko ETB 3 eta ETB 4 sortzea erabaki zen. ETB 3, lehen aipatu bezala 2008an hasi zen emititzen eta haur eta gazteentzako programazioa eskaintzen du euskara hutsean (Gaur egun batez ere haurrentzako marrazki bizidunak ematen ditu, Teknopolis, Sut&Blai, Hitzetik Hortzera eta Gazte Klip bezalako programa bakar batzuk kenduta). ETB 3 sortu zenetik, Canal Vasco satelite bidez baino ez da ikusten. ETB 4-k berriz kirol programazio zabal bat eskainiko zuen eta bere emisioak 2009an hastea adostuta bazegoen ere, oraindik ez da kate berri hau sortu. Horren ordez, ETB K Sat-ek eskaintzen du kirol programazio hori. Ez da berdina beraz, Europan satelite bidez ikusten duten ETB Sat eta EAEn ikusten den ETB K Sat.



[1] Estatutuko 19. artikulua
1.- Euskal Herriari dagokio giza kominikabideei dagozkienetan Estatuko oinarrizko arauen legeria aurrera eramatea, Konstituzioaren 20. artikuluan agintzen dena beti ere errespetatuko delarik.
2.- Titulartasun estatala duten komunikabideei aplikatu behar zaien arautegi bereziari dagokionez, goiko parrafoan aipatu diren gaien bururapena Estatutoarenarekin koordinatuko da.
3.- Artikulu honetako lehen parrafoan esaten den bezala, Euskal Herriak erregula, sor eta atxiki ditzake bere telebista, irrati eta prentsa propioa, eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen giza komunikabide guztiak.
[2] Erredakzio sailetik Luis Alberto Aranberri Amatiño, Xabier Zaldua (Radio San Sebastián-SER), Mikel Urretabizkaia (Egin), David Barbero (Deia), Luis Maria Mendizabal (Diario Vasco), Maria Francisca Fernandez Valles (Eusko Jaurlaritzako prentsa bulegokoa), Estepan Aldamiz-Etxeberria (Deia) eta Aingeru Epaltza (kazetaritza ikasketak oraindik amaitu gabe zeuzkana) joan ziren. Teknikariak bestalde, Eloy Diaz de Monasterioguren, Juan Luis Olaeta, Juan Jose Cuadrado, Javier Coto, Kepa Garai, Gontzal Urrestarazu, Esther Arrieta, Iñigo Urrega, Rafa Ocio, Juan Karlos Loroño, Juanma Sancho, Angel Etxeandia, Julio Mendikute, Javier Aparicio, Karmelo Egia, Patxi Hidalgo, Antxon Astrain, Fran Arrieta, Josu Dilla, Jon Mikel Telletxea, Felix Gonzalez, Sabin Arruti, Bernardo Amo, Oscar Argudo, Iñaki Arranz, Gozon Asla, Josu Aurtenetxe, Iñaki Beobide, Joseba Esnal, Roberto Martinez, Fidel Molinero, Xabier San Salvador, Iñaki Ugalde eta Josu Uriarte joan ziren Hamburg-era.

Testua: Miguel Aizpuru eta Ander Barinaga-Rementeria (http://eitb.wikispaces.com/)

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money