2011/05/17

ELKARRIZKETA: Jabi Elortegi

Jabi Elortegi zinema eta telebista zuzendari, errealizadore eta gidoigileari elkarrizketa.[vimeo http://www.vimeo.com/22412202 w=492&h=277]

“Nire mundua errodajea da”


Jabi Elortegi zine zuzendari eta errealizatzaileak ikus-entzunezkoen munduaren egoera izan du hizpide

Izaskun MOYANO GARCIA


Ikus-entzunezko munduan hain murgilduta dagoen gizon herrikoiarekin solasean ibili gara. Bermeon, bere txikitako herrian, izan gara eta denetarik kontatu digu. Alde batetik, ikus-entzunezko mundua bere ikuspuntutik azaldu digu. Bestalde, bizitako esperientziez eta bere ibilbide profesionalaz ere aritu da hizketan. Izan ere, asko dira kamera atzean ezkutatzen diren sekretuak.

Gizon lasaia dela erakusten digu zinema zuzendariak, Bermeoko Kultur Etxeko gela argitsu batean. Lotsatia dela onartu duen arren, bi kamera eta galdera sorta baten aurrean gustura agertu da. Izan ere, profesional gisa, taldean lan egitera ohituta dago, eta ondo konpontzen da. Bestalde, guztiz herrikoia da, ahal duen guztietan etxera itzultzen delako, lanetik deskonektatzeko asmoz.

Madrilen burutu zenituen ikasketak.

Betidanik gustatu izan zait musika, baina ikus-entzunezko mundua ezagutu, akademia batzuk begiratzen hasi eta Madrilen aurkitu nuen CEF. Bertan ikasten nengoela, musika baino irudia gehiago gustatzen zitzaidala konturatu nintzen, eta horrela hasi zen dena.

Bermeotarra jaiotzez. Eta bihotzez? Kanpoan ikasten edo lanean Bermeoren faltarik sumatzen da?

Nire mundua errodajea da. Ez daukat familiarik, zeren azken finean, eguneko hamar ordu errodatzen pasatzen ditugu. Gauza bat amaitzean, hurrengo eguneko grabaketa prestatu; grabatutako materiala berrikusi… Ordu asko dira. Beraz, nahiago dut kanpoan egon. Hori bai, asteburuetan Bermeora itzuli nahi izaten dut. Hona natorrenean, txikitako lagunekin nago, arrantzaleekin… Niretzat hori, brutala da.

Pausoka ekoiztetxeko kide zara.

Gernikako ekoiztetxeko albistegietan hasi nintzen lanean, eta beste ekoiztetxe batzuetan, dokumental eta erreportaia informatiboak errealizatzen. Baina momentu bat iritsi zen, non fikzioa egin nahi nuela. Garai hartan, fikzioa Pausokan egiten zen. Beraz, bertara joan nintzen eta ordutik bertan jarraitzen dut. Gainera, egun batean, Goenkale-ko zuzendari izan behar nuela esan zidaten. ‘Pentsatu nuen: Goenkale? Hamar urte eman ditu emititzen, eta ni zuzendari izatearekin amaitu egingo da?’ (kar, kar, kar) Beno, datorren urtean 18 urte egingo ditu, eta oraindik hor dabil; beraz, jarraitu dezala!

Egun, Euskal Herrian eta munduan nola ikusten duzu ikus-entzunezkoen mundua?

Mundu hau sormenezkoa da, baita ezegonkorra ere. Baina lana dagoenean, lana dago. Audientzia badago aurrera, bestela kanpoan geratzen zara. Errodajean, gauzak kontatzeak edo jendea mugitzeak ematen dizun venenue, niri beste ezerk ez dit ematen.

Lana sortu egin behar da. Baina kontatzeko gauzetan ez dago mugarik, momentu honetan behintzat. Gaur egun, baliabideak daude. Facebook, Tuenti, Twitter… bezalako sare sozialetan eskegi ditzakezu zure lanak, jendeak ikusi ditzan. Beraz, kasu horretan, aukera asko daudela ikusten dut. Krisialdian bizi gara, eta egoera honetan lehenen kentzen dena publizitatea eta artearekin zerikusia duena da, ez delako diru- zuzena ikusten. Baina batzuetan pentsatzen dugu pelikularik gabe ere bizi gaitezkeela.  Egia da, pelikulek batzuetan gauzez ahazteko eta beste mundu batera joateko balio dutela, baina ahora eramatekoa nonbaitetik lortu beharra dugu.

“Pelikulek beste mundu batera joateko balio dute”

- Telesailak (Goenkale, Balbemendi), telebista programak (Agitación + IVA), musikalak (Go!azen), luzemetraiak (Zorion Perfektua)... Denetarik probatu duzu. Zein da gehien gustatu zaizuna?

Ez dakit. Ez dut uste batekin geratuko nintzenik. Bakoitzak bere gauzak ditu eta denekin ikasi dut. Gehien bete nauena, nik uste Go!azen izan dela. Umeak oso zintzoak dira, dudarik gabe; eta umeak proiekzio bati begira ikusterakoan ‘horra heldu naiz” esaten duzu. Gainera, Euskadin inoiz egin den generoa da, erronka handia, musikala… Asko gozatu nuen.

Baina, aurretik egindakoa egin ez banu, horra ez nintzatekeen helduko; eta hori besteetatik ikasi dudana baliatuz egin dut. Beraz, batekin geratzekotan, ez nuke jakingo zein aukeratu. Orain komedia egiten ari naiz, eta uste dut genero zailena dela. Jendeari barrea eragitea ez da batere erraza. Poligoneros izena duen telesail baterako kapitulu pilotu bat grabatzen ari gara.

Nahiko formatu komertzialak landu dituzu. Badago egitea gustatuko litzaizukeen baina errentagarritasun komertzial eza dela eta, alde batera utzi duzun proiekturik?

Ni telebistako zuzendari/ errealizadorea naiz, eta telebistan audientzietatik bizi zara. Hau da, ez duzu edozer gauza egiteko aukerarik. Jendeak ez badu hori ikusten, kalera zoazelako lehen astean. Azken finean, telebistan lan egiten dudanez, ez dut ezer konkretuki pentsatuta. Zinemarako, ordea, badut bai proiekturen bat ez dena oso komertziala, baina jendeak ikusteko modukoa da.

Zuzendari moduan hainbat erabaki hartzen dituzu, baina nork dauka azken hitza: zuzendariak ala ekoiztetxeak?

Ekoiztetxeak berak dirua jartzen du eta bere helburuak ditu. Nik, zuzendariak, ere berarekin bat egin behar dut, baina kontuan hartu behar da berak ni kontratatu nauela nigan konfiantza jarriz. Egia esan, askotan borroka handia sortzen da. Baina azkenean, nik uste azken hitza ekoiztetxeak berak duela.

Go!azen-en gazteekin aritu zara lanean. Beste proiektuetan, ordea, nagusiekin. Lanerako orduan zer dituzu nahiago, gazteak ala helduak?

Gazteek egundoko indarra eta bizitasuna ematen dizute. Gaztaroko ezaugarriak dituzte; batik bat, ilusioa eta arazoak, eta hau polita da. Nagusiek aldiz, profesionaltasuna, esperientzia, lanbide honen gorabeheren jakintasuna dituzte, besteak beste. Azken batean, bakoitzak bere ezaugarri onak eta txarrak ditu, eta balantza erdian mantentzen dute. Egia esan, nik gazteekin oso ondo pasatzen dut.

Badago berarekin lan egin nahiko zenukeen aktore, teknikari, argazki-zuzendari, ekoizle, gidoilaririk...? Edo lan egin eta gustuko izan ondoren, errepikatzea gustatuko litzaizukeenik?

Nire eskuetan balego, badakit norekin egingo nukeen lan. Ondo pasatzen dudalako eurekin, eta batez ere, oso profesionalak direlako. Kamerak, soinua, nire laguntzaileak, jantziak… Eta nola ez, baita aktoreak ere. Meritu handia dute, eta nik beren lana ezagutzen ez dudanez, errespetu handia diet. Hauek azken finean, zure istorioa kontatuko dutenak dira, eta castinga edota aukeratzeko momentua da nire ahultasun handiena, inork ez baitaki hautatua ona den ala ez; zure apustu soil bat baino ez da. Baina egia esan, niri aurpegi berriak gustatzen zaizkit. Talentu berriak aurkitzea gustatzen zait. Talentu berria freskotasuna baita.

“Castinga da nire ahultasun handiena”

Kamera atzean esperientzia handiko gizona zara, baina pentsatu duzu inoiz zu zeu kamera aurrean jartzea?

Ez, sekula ez. Ezin dut nire burua kamera aurrean ikustea jasan. Baliteke lotsa kontua izatea. Ez zait gustatzen nolakoa naizen kamera aurrean, ezta nire ahotsa entzutea ere. Kameoren bat egin dut inoiz aukera izan nuelako. Zorion Perfektua-n ni neu aurkeztu nintzen. Honela ekoizleak ere pozarren zeuden dirua aurreztu zutelako. (Kar, kar, kar) Bestalde, Balbemendi-n ere egin nuen zerbait, baina ‘ti-ta, esaldi bat eta banoa’.

Amaitzeko, zer gogorarazten dizute edo zer iritzi duzu hitzon inguruan?:

Sinde Legea: beharrezkoa da, baina ez dagoen moduan. Berrikusi egin behar da.

Goenkale: harrobia.

Eitb: hemengo telebista.

Pausoka: aukera eman zidan ekoiztetxea

Oscar eta Goya sariak: ez badituzu ez dizu axola, baina ematen badizkizute garrantzitsuak dira.

Donostiako Zinemaldia: munduko lehen mailako sariak dira. Gure zinemaldia da, eta oso garrantzitsua gainera. Telebistatik ikusten nuen beti eta momentua heldu zenean, Zuzendari gazte onena-ren sailerako izendatu ninduten. Oso urduri jarri nintzen, baina gero oso polita da. Agian pixka bat salduta sentitzen zara; hala ere, ilusio handiz aurkezten duzu zure proiektua.

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money