2012/09/29

Iruzkina: Emak Bakia Baita (Oskar Alegria, 2012)


“Emak saria baita!” pentsatu dut Oskar Alegriaren filma ikusi eta berehala. Izan ere, artelan bikaina da Emak Bakia Baita, bai argazki eta bai egitura aldetik; saritzeko modukoa. Man Rayren Emak Bakia (1926) film abangoardistari egindako omenaldirik onena da Alegriaren luzemetraia, bai eta Biarritz ingurutik argazkilari amerikarra bizi izan zen etxe baten izena ere.

Oskar Alegriak Emak Bakia etxearen bila abiatzen da, eta horretarako bide luze eta magikoa ibili egin beharko du. Bidai horretan Euskal Herriaz gain, Frantziaren, Italiaren eta Errumaniaren sekretu askorekin egingo du topo zuzendariak. Eta Emak Bakia etxearen inguruan bueltak eta bueltak emanez narrazio lirikorik bikainena bideratzearekin batera, zine esperimentalaren iraultza aldarrikatuko du.

Bakarrizketa umoretsua ere lortzen du Alegriak, bere abizenaren omenez. Eta absurduena poesia eta kanta bihurtzen du, irribarreak edonon sortuz. Haizeari, bizitzari eta izenen antropologiari buruzko poesia dugu azken finean.

Oskar Alegriak, gainera, zoriaren bitartez lortutako dokumental borobila lortzen du. Baina Man Rayk behin adierazi zuen moduan, “dado jaurtiketa batek ez du inoiz zoririk saihestuko”. Dado jaurtiketa ona, beraz.
Musika aldetik ere Emak Bakia Baita konbentzioak apurtzen ditu. Kanta batzuk soinu eta kolpeez sortuta dauden bitartean, Maite Arroitajauregik -Mursegok- cello sentikorrarekin sinatzen ditu Errumania aldeko oihu eta zurrumurruak.

Alegriak lortu duena urteetan ikusi ez dudan melodia da. Begientzako musika zuzendu du historia osoko argazkilaririk onenetarikoari omenaldi fin-fina eginez.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Oskar Alegria
Gidoia: Oskar Alegria
Argazkia: Oskar Alegria
Iraupena: 83 m.

François Ozonen 'Dans la Maison' filmak irabazi du Film Onenaren Urrezko Maskorra

 





 Christine Vachon ekoizlea buru den Sail Ofizialeko epaimahaiak François Ozonen Dans la Maison dela Sail Ofizialeko film honena uste du, bera izan baita Donostiako 60. Zinemaldiko Filme Onenaren Urrezko Maskorra irabazi duena. Hau ez da baina, film frantsesak jaso duen sari bakarra, Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria jaso baitu. Juan Mayorgaren El Chico de la última fila lanean oinarrituta dago eta bera ere Kursaaleko eskenatokira igo da Ozonekin batera saria jasotzeko eta zuzendari frantziarrarentzako hitz onak baino ez ditu izan. Ozonek Espainiako politikariak kritikatu ditu eta kultura ez dela inoiz deuseztatu behar baieztatu du, bestela ezinezkoa litzatekelako krisitik ateratzea. Txalo artean hartu dute bai ikusle eta bai kazetariek. 

Epaimahaiaren Sari berezia berriz, Pablo Berger bilbotarraren Blancanieves filmak irabazi du. Sorpresarik ez beraz, bi sari garrantzitsuenetan. Bergerek Oscarra balitz bezala eutsi du saria eta hura ere irabazteko asmoa duela esan du saria jaso ondoren eman duten prentsaurrekoan.
Zilarrezko Maskorrek ere garrantzia handia dute, aurten aurreko urteetan bezala, zuzendari onenarena, emakumezko aktore onenarenaren sari bi eta gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak banatu dituzte.
Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Fernando Truebak irabazi du, El artista y la modelo lana zuzentzearren. Zuri beltzeko lan ausarta. Saria Jean Rochefort eta Aida Folc aktore protagonistei eskaini die, beraiek gabe ezin izango zukeelako lana burutu. "Saria bitan banatu ahal izango banu, zati bana emango nieke" gehitu du zuzendari madrildarrak.
Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra ex-aequo Macarena García eta Katie Cosenirentzat izan da. Lehenengoak Bergeren edurnezuri haragitzearren jaso du saria eta bigarrenak aldiz Canteten Foxfire pelikulan antzezten duen nerabe errebeldearen azalean sartzearren.
Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra José Sacristán aktoreak irabazi du Javier Rebolloren El Muerto y Ser Feliz filmeko gizona. Saria ez du berak jaso, antzoki txiki batean antzerki obra bat baitzeukan, baina bideo bat bidali du esker oneko hitzekin.
Epaimahaiak argazkigintza ere kontuan hartzen du eta aurten Bahman Ghobadi turkiarraren Fasle Kardagan/Rhino Season filmean Touraj Aslani argazki-zuzendariak egindako lana goraipatu dute epaileek.
Epaimahaiak sari hauetaz gain, egokitzat jotzen duen beste edozein alderdi tekniko edo artistiko nabarmentzeko sari bat ematen du urtero eta aurten Ziad Doueiriren Le Attack filmak irabazi du.


Epaimahaikideak

Christine Vachon ekoizlea da aurtengo Sail Ofizialeko epaimahaiko presidentea. Telebistan zein zinean lan handia egindakoa da. 1995ean Killer Films ekoiztetxea sortu zuen.
Ricardo Darín aktore argentinarra da beste epaimahaikide bat. Aktore lanetan esperientzia handia badu ere zuzendari lanetan ere aritu da. Michel Gaztambide euskal gidoigintzan lan handia egindakoa da. Donostiako zinemaldian eman izan dira bere lanetako batzuk. Egun telebistan eta zinean gidoilari lanak irakasle lanekin bateratzen ditu. Mia Hansen-Love zuzendari gaztea, Julie Taymor eta Agusti Villaronga zuzendariak eta Peter Suschitzky argazki-zuzendaria dira gainontzeko epaimahaikideak.




 60. EDIZIOKO IRABAZLEAK
  • Urrezko Maskorra filme onenari: Dans la Maison (François Ozon)
  • Epaimahaiaren Sari Berezia: Blancanieves (Pablo Berger) 
  • Zilarrezko Maskorra zuzendari onenari: François Ozon (Dans la Maison filmagatik)
  • Zilarrezko Maskorra emakumezko onenari: ex-aequo Macarena García (Bergeren Blancanieves) eta Katie coseni (Canteten Foxfire).
  • Zilarrezko Maskorra gizonezko aktore onenari: José Sacristán (Javier Rebolloren 'El Muerto y Ser feliz' filman egindako lanagatik)
  • Epaimahaiaren Saria argazkigintza onenari: Fasle Kardagan/Rhino Season
  • Epaimahaiaren Saria gidoi onenari: François Ozon (Dans La Maison)
  • Epaimahaiaren Saria, Epaimahaiak egokitzat duen beste edozein alderdi tekniko edo artistiko nabarmentzeko: The Attack (Ziad Doueiri)
  • Kutxa-Zuzendari Berriak Saria: Carne de Perro (Fernando Guzzoni)
    • Aipamen bereziak: Parviz (Majid Barzegar) eta El Limpiador (Adrián Saba).
  • Horizontes Saria: El último Elvis (Armando Bo)
    • Aipamen bereziak: Era uma vez eu, Verönica / Once upon a time Was I, Veronica (Marcelo Gomes) eta Después de Lucía (Michel Franco)
  • Serbitzu Saria: Pura Vida (Pablo Iraburu eta Migeltxo Molina)
  • SGAE-Autore Fundazioa Publikoaren Saria: The Sessions (Ben Lewin)
    • Europar filmaren saria: The Angels' Share (Ken Loach)
  • Euskaltel Gazteriaren saria: 7 Cajas (Juan Carlos Maneglia eta Tana Schémbori)

Iruzkina: Zuloak (Fermin Muguruza, 2012)


Fight The Power! Zuloak Fermin Muguruzaren klixez beteriko dokumentala da. Oraingoan, reggae-trikitrixa-punk edo dub-ska-rock musika egin ordez, dokumentala-musikala-fake-erreportajea egin du. Mix interesagarria atera zaio hala ere, esperimentu entretenigarria.

Zuloak taldeari buruzko dokumentalak found footage teknika intimitatea urratzen duen kamera batekin nahasten du, dokumental errealaren eta fakearen generoak nahasten dituen moduan. Arrate Rodriguezek riot grrrl talde bat sortu nahi du Euskal Herrian, nahiz eta “masturbazioa autodeterminazioa da” esaldiaren antzeko taldea lortzen duen azkenean. Feminismoari buruz hitz egiten ikusten ditugu, baina askotan entzundako diskurtsoa dugu Zuloak taldearena. Egia da oraindik ere, zoritxarrez, errepikatu beharreko diskurtsoa dela feminismoarena, baina klixe gehiegi erabili gabe. Ez dute Pussy Riot errusiarren mezuen aldekorik lortzen.

Zuloak riff errazetako eta erritmo zaharren talde feminista da, The White Stripes-en eta Las Vulpes-en nahasketa sinplea. Baina eszenatokietan ikusten duguna emakumeen iraultza da, bai musikala eta bai sexuala.
Muguruzaren filma era berean euskal musika berritzaileari egindako omenaldia dugu, besteak beste Mursego, Anari, The Sparteens, Napoka Iria eta Zea Mays agertzen baitira. Hala ere, omenaldi nahiko eskasa da, Bidehuts disketxeaz eta musika nahiko normalizatuaz gain oso artista gutxi agertzen dira eta.

Pelikula gomendagarria bada ere, filmea klixeetatik atera beharra du, Negu Gorriak eta Kortaturen garaiak jadanik atzean geratu dira, eta gaur egun arriskatzea eskatzen zaio zuzendari askori. Baina, kontxo, fight the power! Eta gora emakumeen borroka! Egin beharreko lana ondo egin du Ferminek, eta musika euskaldunari irundarrak bakarrik dakien moduan eman dio bultzada, indarrez borrokatuz.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Fermin Muguruza
Gidoia: Eider Rodriguez, Fermin Muguruza
Argazkia: Aritz Moreno
Iraupena: 99 m.

Iruzkina: Io e Te (Bernardo Bertolucci, 2012)


Bai, Bernardo Bertolucci ideiarik gabe gelditu da. Berriro ere jende agorafobikoen istorioak kontatzen ibili da Io e Te pelikulan. Eta berriro ere protagonista gazteek diskurtso pseudointelektuala erabiltzen dute, errebeldia poetikoa eta horren antzeko txorakeriak. Dena den, Bertolucci zuzendari ona izaten jarraitzen du, zuzendaritza lana ez baita txarra oraingo honetan.

Hala ere, kosta egiten zaigu ulertzea Dreamers (2003) edota El Último tango en París (1972) filmetan egin zuen antzera, zergatik espetxeratzen ditu protagonistak gela txikietan. Traumaren bat ote? Agian italiarraren errebeldia kontzeptua etxeko gela txiki baten giltzapetuta geratu zitzaion gaztetan, nork daki.

Protagonista pseudointelektualak Lorenzo (Jacopo Olmo Antinori) eta Olivia (Tea Falco) dira. Munduari bizkarra emateko (edo, esan bezala, agorafobikoak direlako) soto baten giltzapetuta geratzea erabakitzen dute. Filme osoko antzezpenetan Sonia Bergamasco baino ez da nabarmentzen, Lorenzoren amaren papera egiten duena, eta besteak beste, La Meglio  Giuventú (Marco Tulio Giordana, 2003) Tv moviean ikusi duguna. Protagonisten antzezpena ez da beste munduko ezer, gaztetxo bohemioak baino ez dira, heldutasunik gabekoak.

Hori dela eta, mesedez, Bertolucci, kalera atera zaitez, gazteen errealitatea bestelako baita. Pelikula onak egiten dituzu, baina zure filmografia oiartzunaren efektua hartzen hasia da, eta errepikapenak nekatzen amaitzen duela badakizu.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Bernardo Bertolucci
Gidoia: Niccolò Amanniti, Umberto Contarello, Francesco Marciano, Bernardo Bertolucci
Argazkia: Fabio Cianchetti
Aktoreak: Jacopo Olmo Antinori, Tea Falco, Sonia Bergamasco, Veronica Lazar, Tommaso Ragno, Pippo Delbono
Iraupena: 97 m.
Herrialdea: Italia

Bederatzigarren eguna | Azken orduak



2012ko irailaren 29a, larunbata
Hasten dena amaitu egiten da eta Zinemaldia ere iritsi da bederatzigarren egunera. Egun berezia izan da gaurkoa, goiz-goizetik kaleak zale zuri gorri eta txuri urdinez bete baitira. Zinemazaleak, kazetariak, kritikariak, industriako akreditatuak, gonbidatuak… gustu eta zaletasun ezberdinak hiri bakarrean. Batzuk futbol partidagatik urduri, besteak sarituak nortzuk izango diren asmatu ezinik. Guk ere egin dugu kiniela:

Zurrumurruak gora behera, gauera arte hori besterik ez dira izango. Saria jasoko duela dakigun bakarra momentuz Dustin Hoffman aktore eta zuzendari estatubatuarra da. Donostian da egunotan Quartet filma aurkezten eta iluntzean 60. urteurreneko Donostia Sari berezia jasoko du itxiera galan. Aurten banatu dituzten Donostia Sarietatik azkena. Quartet musikari erretiratuentzako zahar etxe batean gertatzen den istorioa da. Maggie Smith da lau aktore protagonistetako bat. Nahiz eta pelikula txukuna iruditu, apur bat hotz utzi ditu bertaratutakoak orokorrean.

Euskaltel Gazteriaren Saria Juan Carlos Maneglia zuzendari paraguaiarraren 7 cajas lanari eman diote. Film honek iazko Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen Donostian.
SGAE-Autore Fundazioaren Publikoaren Saria aldiz, Ben Lewinen The Sessions  filmak irabazi du, arnasa hartu ahal izateko birika artifizial bati lotuta dagoen, birjintasuna galtzea erabakitzen duen, 38 urteko gizonaren istorioa da.

Iluntzean gehiago. 
Ander B.

Iruzkina: The Bay (Barry Levinson, 2012)


Ez naiz inozentea edo hipokondriakoa, baina igeri egiteko edota makailua jateko gogoak kendu zaizkit Barry Levinsonen The Bay ikusi ostean. Hala ere, ez du The Impossibleren zorabio ratioa gainditu. Beldurrezko zine gorearen eta zombien maitaleren bat maitemintzea lortu du akaso, baina beste munduko ezer ez.

Modan dagoen found footage teknikaz baliatzen da Chesepeake Bay ondoko herrian gertatutako pandemiari buruz hitz egiteko. Amets amerikarrak sustatzen dituen makroproduzkioek itsasoa kutsatu eta esteroidekin hazitako isotopo eta bakteriak jendea barrutik jaten hasiko dira. Poliziak eta gobernuak, noski, isiltasunaren politika ezarriko dute hdabideetan eta herrian dirutza emanez.

Barry Levinsonen filmografia aipagarria bada ere -Good Morning, Vietnam (1987), Rain Man (1988) eta Sleepers (1996)-, generoko filme nahiko pobrea zuzendu du oraingo honetan. Again bere sorterri aldeko satira bideratu nahi izan ote du, hau da, Baltimore ondoko herri amerikar “perfektuen” kritika, baina odol eta suspense gutxiko pelikula egin du. The Blair Witch Proyect (Daniel Myrick eta Eduardo Sánchez, 1999) eta REC (Jaume Balagueró eta Paco Plaza, 2007) pelikulen bertsio ekologista liteke The Bay.

Donna Thompsonen (Kether Donohue) narrazioak, gainera, found footage teknikarekin lortutako sinesgarritasun isla txikia apurtu baino ez du egiten. Azkenean, beldurrezko pseudo-dokumentala lortu ezean generoko pelikula erraza atera da.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Barry Levinson
Gidoia: Michael Wallach
Argazkia: Josh Nussbaum
Aktoreak: Kristen Connolly, Jane Mcneil, Anthony Reynolds, Michael Beasley, Cristopher Denham, Kether Donohue
Iraupena: 85 m.
Herrialdea: AEB

Iruzkina: The Angels' Share (Ken Loach, 2012)




Umore britainiarreko komedia bikaina Ken Loachen The Angels’ Share.  Pelikulan Glasgow inguruko kaleetatik galduta dabizen gazte ganorabako batzuk komunitate zerbitzuak egitera zigortu dituzte, horietako batzuentzat bizitza berri batsortzeko aukera izango da zigorra. Protagonista eskoziarren ergelkeria bizitzan daukaten sortearekin bakarrik alderatu daiteke. Ken Loachek, berriro ere maisuki zuzendu ditu Paul Labertyk idatzitako egoera absurduak.

Filmak hooliganen eguneroko bizitzaren satira bideratzearekin batera, luxuzko merkatuaren kritika egitea ere lortu du, betiere Eskoziako umorea tresna nagusitzat erabiliz. Egia da, gigoiaz gain, Paul Brannigan, John Henshaw eta Gary Maitlanden antzezpenei esker hain maila altuko komedia lortu duela Ken Loachek.

Whisky onaren antzera, neurriz gozatzeko komedia da honako hau. Ironikoki alkohola baitelako Robbie hooliganaren bizitza aldatuko duena. Robbie whisky onenek askatzen duten aingeruen lurruna lortzen saiatuko da, baina patuak baino ez daki aingeruen dohaina lortuko ote duen.

Anglofiloentzat sorturiko filma dugu The Angels’ Share, pelikula eskoziarra bada ere. Ken Loachen beste filme handienetako bat da azken hau, Sweet & Sixteen (2002) edota The Wind that Shakes the Barley (2006) pelikulen maila berekoa.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Ken Loach
Gidoia: Paul Laverty
Argazkia: Robbie Ryan
Aktoreak: Paul Brannigan, Siobhan Reilly, John Henshaw, Gary Maitland
Iraupena: 101 m.
Herrialdea: Erresuma Batua-Frantzia-Belgika-Italia

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money