2012/09/27

Zazpigarren eguna | Sail ofizialeko asko

2012ko irailaren 27a, osteguna

Atzo Greba Orokorra deituta zegoen Hego Euskal Herrian, eta Zinemaldian ere eragina izan zuen. Donostiako denda eta taberna gehienak ateak ixtea erabaki zuten. Zinemaldiko arduradunek ere, egunez aldatu ezin zitezkeen Kursaaleko ekitaldiak baino ez zituzten mantendu. Bertaratu zirenek Emily Tang txinatarraren All Apologies, zein Bahman Ghobadiren Fasle Kargadan/Rhino Season pelikula poetikoa ikusi ahal izan zituzten. Pablo Larrainen NO (EZ) filmak ere zeresana eman du. Zabaltegi perlak sailean aurkeztu duten film txiletar honek Canneseko aurtengo errealizatzaileen hamabostaldian pelikula onenaren saria jaso zuen.  Nazioarteko presioaren aurrean Augusto Pinochet diktadoren txiletarrak bere presidentetza babesteko erreferendum bat antolatu behar zian zuen 1988an. Gertakari horitan oinarritutako Antonio Skármenta idazlearen Referéndum eleberrian oinarritutako filma da. René Saavedra (Gael García Bernal) publizista gaztea ezezkoaren aldeko kanpainaz arduratuko da eta azkenean irabazi egingo dute. Publikoaren Saria jasotzeko hautagaietako bat da.


Osteguneko protagonista nagusia J. A. Bayona gaztearen The Impossible (Ezinezkoa) filmeko protagonistetako bat izan da: Ewan McGregor. Filma aurkeztera ez ezik Donostia Saria jasotzera ere etorri da aktore eskoziarra. Pozik utzi ditu alfonbra gorrira zein Maria Cristina hotelera hurbildu diren jarraitzaileak. Gabonetan Tailandiara joan den familia baten benetako istorioan oinarrituta dago filma.
Costa-Gavrasen Le Capital filmak ere harrera beroa jaso du ikusleen artean, gutxitan gertatzen denaren  aurka, filmeko une batean  ikusleak txaloka hasi baitziren. Pelikulak, Marc Tourneulien izeneko bankari baten igoera geldiezina du hizpide. Egungo egoera ekonomikoaren gogoeta planteatzen du. Zuzendariaren hitzetan “sozietatearen gehiengo nagusi bat da galtzailea”. Haren emazte eta ekoizle Michele Ray-Gavrasen ustez gizarte zibila antolatu bitartean ez da ezer aldatuko.  Frantzian inork ez duela dirurik inbertitu nahi izan aipatu zuen eta gainontzeko herrialdeetan banatzea errazagoa izan dela. Batek baino gehiagok jarri izan dio Costa-Gavrasi “zuzendari politiko” etiketa, berak film guztiak politikoak direla esan du gaur arratsaldean eman duen prentsaurrekoan. Irudi bitartez, gizartearekin lotura handia duten istorioak kontatzen ditu. Askok thrillertzat badute ere, jatorri greziarreko zuzendariak nahiago izan du suspense pelikulatzat izendatu. Stephane Osmonen eleberrian oinarrituta dago lana eta idazleak, bien artean aldea dagoela aipatu du. Frantzian, gurearekin alderatuta zineak eta kulturak orokorrean babes handiagoa dutela aipatu dute denek. 
Carlos Sorin  argentinarraren Días de Pesca izan da Sail Ofizialaren barruan aurkeztu den eguneko beste pelikula bat nahiz eta aurreko bi filmek baino harrera hotzagoa izan duen. Marco (Alejandro Aguada) alkoholiko izandako 52 urteko gizonaren gora beherak kontatzen dira pelikulan.
Eguna amaitzeko Publikoaren Saria irabazteko hautagaia den Cesare deve morire (Zesarrek hil egin behar du) filma aurkeztu dute Paolo Taviani eta Vittorio Taviani zinemagile ezagunek. Erromako Rebibbia espetxeko presoek antzeztutako antzerkiaren bertsio zinematografikoa da. Shakespeareren Julius Caesar da antzezlan honen atzean dagoen obra.

Iruzkina: Aquí allá (Antonio Méndez Esparza, 2012)



Mexikoko historia denbora errealean ikustea latza da. Are latzagoa Antonio Méndez Esparzaren Aquí y allá pelikulako herrixka batean kokatzen baduzu. Erritmo latinoan doa narrazioa uneoro, eta zer edo zer gertatuko dela dirudienean, ahorita mismo teknika erabiltzen du zuzendariak, narrazio geldoarekin jarraitzeko.

Pedro protagonista Guerreroko herrira joango da AEBtik bueltan musika talde bat sortzeko, lasaitasunez betiere. Mexiko baina, asko aldatu da bera alde egin zuenetik, eta oztopoak aurkituko ditu bai taldea egiteko orduan, bai eta familia kontuetan ere.

Filmeak Mexikoko zonalde batzuen egoera ondo deskribatzen badu ere, allá ia bi ordu irauten duen pelikulak, aquí 18 ordukoa dirudi. Bada, zine geldoa ere egin behar delakoan nago, komertzialtasunak ezartzen dituen erritmoak irentsi ezinak izaten baitira normalean. Baina kontuz ibili behar da, Latinoamerikan ez dira abiaduragatik famatuak.

Gainera, musikak Pedroren bizitzan duen garrantzia ikusita, efektu sonoro eta musikal dotoreak espero dira. Hala ere, mexikarren folklore aberatsa kontuan hartuta, txiste hutsa dirudi Copa Kings taldeak sortzen dituen kantak. Musika, filmaren antzera, lo egiteko aproposa da.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Antonio Méndez Esparza
Gidoia: Antonio Méndez Esparza
Argazkia: Barbu Balasoiu
Aktoreak: Pedro De los Santos, Teresa Ramírez Aguirre, Lorena Guadalupe, Pantaleón Vázquez
Iraupena: 110 m.
Herrialdea: Espainia-AEB-Mexiko

Gorka Bereziartua: "Aurreko urteetan baino pelikula sarigarri gehiago ikusi ditut aurten"


Ander Barinaga-Rementeria eta Julen Biguri

Elkarrizketak aurretiaz lotuta behar luketela esan zigun irakasle batek unibertsitateko lehenengo urtean. Beranduegi gogoratu gara aholku horretaz. Eskerrak Gorka Bereziartuak bi gazteren azken orduko eskaerari jaramon egin eta kafe baten inguruan gure galderak erantzun dituen. Argiako kazetariak sei urte daramatza Donostiako Zinemaldian gertatzen denaren berri ematen. Aurten, Sail Ofizialeko filmak ditu hizpide Boligrafo gorria blogean zein sare sozialetan (@boligorria).

Kazetari lanetan zabiltza Donostiako Zinemaldian.

Azkeneko bost edo sei urteak daramatzat Zinemaldira etortzen. Mikel García eta biok etortzen gara. Nik Sail Ofizialeko filmen berri ematen dut eta berak Zabaltegi sailari buruz idazten du.
Astekari bat garenez, egunerokoaren berri emateko, batez ere sareko edizioan idazten dugu. Bertan bi sail hauetako filmen kritikak, prentsaurrekoak zein beste kontu batzuk lantzen ditugu. Ondoren, astekariko artikulu batean balorazio orokor bat egiten dugu. Albiste normalak landu beharrean punta atera ahal zaien albisteak lantzea gustatzen zaigu. Beste leku batzuetan argitaratzen ez diren gauzak. Egia esan ez da horren zaila, hemen dagoen faunarekin istorio pila bat daude. Albiste normalak hainbat leku eta hizkuntzatan irakurri ahal dira.

Kulturari garrantzia handia ematen dio Argiak.

Astekaria zein interneteko edizioa kulturan nahiko erreferentziala izan da. Argian 80ko hamarkadan zebilen jendeak beste proiektu kultural asko sortu zituen. Urte askotatik datorren, kulturari garrantzia emateko joera bat dago. Interneteko aro honetan ere kulturari bere pisua ematen saiatzen gara. Prentsan, orokorrean kulturako orriek pisu gutxi daukate. Kultura askotan, arrazoi ez kulturalegatik izaten da albiste, zentsura politikoa dagoelako…  Barrura begiratzeko leihoak filmaren kasuan gertatu den bezala. Pelikula arazorik gabe estreinatzen baldin bada ez dela ezer gertatzen ematen du.

Zer nolako presentzia du euskarak Zinemaldian?

Urratsak egiten ari dira. Duela urte batzuk, lau bost urte, akreditazioa eskatzera etorri “kaixo, akreditazioaren bila nator” esan eta “perdona, ahora te atiende el de euskera” esaten zizuten. Egia da gero eta film gehiago dagoela euskarazko azpitituluekin, baina oraindik asko dago egiteko. Zinemiran gertatu dena ikustea besterik ez dago. Hemengo filmen saileko estreinaldien atalean euskarazko lan bakarra dago: Joxeanjel Arbelaitzen Leku Hutsak, Hitz Beteak. Sartzeko moduko film asko zeuden, adibidez, ez dut uste Barrura Begiratzeko leihoak kalitate irizpide bategatik geratu denik kanpoan, nahiz eta Zinemaldiko zuzendariak Zinemira aurkezterakoan hori esan zuen. 1800 pelikula ikusi dituztela eta batzuk derrigorrez kanpoan geratu behar dutela esan zuen. Egia da ere, beste sail batzuetan, Barrura begiratzeko leihoak baino askoz film txarragoak ikusten ditugula. Ni ez nintzen prentsaurrekoan egon, baina beste kazetari batzuei galdetu eta esan zidaten azalpen hori inork galderarik egin baino lehen eman zuela eta excutatio non petitari buruz badakigu zer esaten den.  Oraindik ere, euskararen alorrean, egiteko asko dago, proiektatzen diren pelikuletan kasu. Zinemirak euskarazko pelikulak proiektatzeko izan beharko luke. Azpitituluen kasuan ere urrats handiak eman behar dira. Ikusi ditudan Sail Ofizialeko film bat ere ez da euskarazko azpitituluekin proiektatu nahiz eta euskaraz aritzen garen medio asko egon.


Sare sozialek, filma ikusi eta berehala iritzia plazaratzeko aukera ematen dute.

Asko aldatzen da prentsan eta sare sozialetan esaten dena. Blancanieves adibidez, ez zait batere gustatu, baina aurrekoan pelikulatik atera berritan idatzi nuen tweeta irakurri nuen eta zabor hutsa zela jartzen nuen. Nik artikulu batean ez nuke inoiz hori idatziko. Blogean idazterakoan tonua asko lasaitzen duzu, matiz gehiago sartzen dituzu. Egunkarietan lan egiten dutenek garrantzitsua dena askoz hobeto neurtzeko aukera daukate. Guk berehalakotasunean irabazten dugu, pelikula bukatu eta kritika daukazu biharrera itxaron gabe. Egia da irakurle batzuek hori eskertuko dutela, baina askotan denbora gehiago eskertuko nuke kritika sosegatuago bat egin ahal izateko. Biak dira beharrezkoak. Internetek gainera etengabe editatzeko aukera ematen dizu eta nik hainbat espresio biguntzen ditut. Mugikorretik ere editatu dezakezu.

Zein filmek harritu zaitu?

Nahiko Sail Ofizial ona izaten ari dela uste dut. Javier Rebolloren El muerto y ser feliz gustatu zait, batez ere egiten duen jokoagatik. Gauza bat ikusi eta narratzaileak berbera esan edo kontrakoa esaten du, hein batean, ikuslea ere lan bat edo ariketa bat egiteko beharrean jartzen du. Ikusten duzunari jaramon egin behar diozu, baina bestalde, offeko ahotsa ere beste autoritate bat da. Françoise Ozonen filmeko (Dans la Maison) fikzio mailen arteko jokoa ere gustatu zait. Nahiz eta egoera batzuk nahiko fortzatuak iruditu zaizkidan. Blancanieves ordea ez zait batere gustatu. Azken urteetan Sail Ofizialekko filmez arduratu naizenez, Mikelek Zabaltegi egiten noiz utziko zidan pentsatzen egon naiz, normalean film hobeak ematen baitituzte, beste jaialdi batzuetan saritutakoak kasu. Pelikula hauen kasuan, hautaketa lehendik eginda dago. Oliver Stoneren Savage ere ez zitzaidan batere gustatu.

Zer irakatsi dizu esperientziak?

Normalean ez naiz askorik dokumentatzen filma ikusi baino lehen, bestela baldintzatuta zoaz zine aretora. Esperientziarekin ikasi dut hori, lehen informazio gehiago biltzen nuen.

Eta iazkotik zer duzu gogoan?

Los pasos dobles ez zitzaidan batere gustatu, noraezean zihoan pelikula bat da. Niri ez zidan ezer esan. Aurreko urteetan baino pelikula sarigarri gehiago ikusi ditut aurten.

Iruzkina: Foxfire (Laurent Cantet, 2012)



Gazte eta errebelde. Feminista eta iraultzaile. 1953 urtean AEBn bizi diren neska talde batek Foxfire sortuko dute, inkonformismoaren sugarra. Laurent Canteten filmeak emakumeak AEBn hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea lortu zuten urtean kokatzen ditu Legs, Maddy, Lana, Rita eta Goldie gazteak. Konformismoarekin eta diskriminazioekin akabatzeko guda deklaratuko diete instituzio eta gizon aberatsei.

Peter Weiren Dead Poets Society (1989) eta Søren Kragh-Jacobsen zuzendari daniarraren Los Chicos de San Petri (1991) pelikulen antza handia du film frantsesak. Hala ere, emakumeak izango dira oraingoan protagonista, ezarritako arauen kontra borrokatuko dutenak. Baina guda txiki horretan oztopoak aurkituko dituzte gazteek.

Zuzendariak esan bezala, Izola Forrester edota Angela Davisen moduko emakumeei homenaldia egin nahi izan die. Gainera, mugimendu iraultzaileen eta, batez ere, feministen narrazio historikoa bideratzea izan da Canteten erronka. Era berean, egungo emakumeen egoera salatu nahi izan du, alde horretan nahiko motz geratzen den arren.

Laurent Cantet 7 Días en La Habana pelikulako La Fuente laburmetraia ere zuzendu du, Zabaltegi Bereziak sailean aurkeztu dutena Donostiako Zinemaldian. Habanako klixeak alde batera utziz fikzio komikoak aurkeztea du helburu azken film honek. Foxfiren baino lan hobea bideratu du laburmetraian, nahiz eta lehen hau txarto ez egon. Finean, arratsaldetxo baten ondo pasatzeko pelikula on bat baino ez da Foxfire; zoritxarrez, emakumeen egoeraren salaketan nahiko motz geratzen dena.

Julen BIGURI

Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Laurent Cantet
Gidoia: Laurent Cantet, Robin Campillo
Argazkia: Pierre Milon
Aktoreak: Raven Adamson, Katie Coseni, Claire Mazarolle, Madeleine Bisson, Rachel Nyhuus
Iraupena: 143 m.
Herrialdea: Frantzia-Kanada

Zinema Eraikitzen 22. saria eta Norteado Saria eman dituzte

Sebastián Leio zuzendari txiletarraren Gloria filmak irabazi du Industriaren Zinema Eraikitzen saria. Filmeko protagonistak, Gloriak, 58 urte ditu eta ez  dauka inor bere inguruan, bakarrik dago. Hutsune hori betetzeko, milaka gauza egiten ditu egunean zehar, eta gauez, maitasuna bilatzen du ezkongabe adinduentzako festen munduan; baina han, zentzurik gabeko abenturatan sartzea baino ez du lortzen. Zoriontasun hauskor hori hankaz gora jarriko da Rodolfo ezagutzean. 65 urteko gizona duela gutxi banandu da eta Gloriarekin obsesionatuko da. Harreman bat hasiko dute, baina gauzak korapilatu egingo dira Rodolfok seme-alabekiko eta emazte ohiarekiko duen dependentziagatik. Gloria buru belarri sartuko da harreman horretan, eduki dezakeen azkena dela irudituko baitzaio, baina azkenean, munduko errealitate krudelaren kontra joko du. Ondorioz, Gloriak bere burua berreraiki beharko du zahartzarorako itzulerarik gabeko bideari indarberrituta ekiteko.
Sari honekin Daniel Goldstein, Deluxe-Spain dolby, Imasblue, Kodak (División de Cine Profesional), Laserfilm, Nephlilim producciones, No Problem Sonido eta Vertigo Filmsek filmaren postprodukzio kostuak ordainduko dituzte, 35mm kopia bat lortu arte eta filma Espainian banatu ahal izango dute

Ana Guevara eta Leticia Jorgeren Tanta Agua (Horrenbeste ur) filmak irabazi du Norteado saria. Produkzio Uruguai, Mexiko eta Holandarra da.
Filmeko pertsonaia nagusiak, Lucíak, 14 urte ditu baina gazteagoa dirudi. Argala da eta neskatila gorputza du. Gurasoak dibortziatuta daude, eta anaia eta bera amarekin bizi dira. Alberto, haien aita, kiropraktikoa da. Gutxitan ikusten ditu seme-alabak. Horregatik, etxetxo bat alokatu du termetan. Oporrak motzak izango dira eta zeruak euria mehatxatzen du. Hara iristean panorama ezin okerragoa da. Debekatuta dago igerilekuan sartzea ekaitz elektrikoaren arriskuagatik. Alberto seme-alabak entretenitzen saiatuko da, familia-txangoaren porrota konpontzen saiatzeko. Baina gero eta gehiago saiatu, orduan eta gutxiago lortuko du. Sari honekin filma hainbat naziotan ikusi ahal izango da Cervantes Institutuaren munduko sarearen bidez.

Iruzkina: BYPASS (Patxo Telleria eta Aitor Mazo, 2012)




Film batekin barre egitea, negar egitea baino zailagoa izaten da askotan. Badago kontrako efektua lortzen duen pelikularik ere: une gogor eta garratzenetan jendea barre zantzoka hastea. Bypass-ek, oker ez banago, ikuslearen barrea du helburu eta premisa hori primeran bete duelakoan nago. Ez dut, prentsako proiekzio batean, horrenbeste barre entzun Segio Castellittoren Venuto al mondo drama eman zutenetik. 


Xabi (Gorka Otxoa) da zuzendari bizkaitarren bigarren film luzeko protagonista. Hiltzera doan bere lagun Mariari (Sara Cozar) agur esatera joango da ospitalera. Gelara sartu aurretik baina, Maria berarekin guztiz maiteminduta dagoela jakingo du eta haren azkeneko egunak samurtze aldera, bera ere maiteminduta dagoela esango dio. Hau entzutearekin batera, Mariaren osasunak hobera egingo du. Xabik gezurrarekin jarraitu beharko du, egia esanez gero Maria hil egin baitaiteke. Inork ez dakien arren, Xabik neskalaguna du Bartzelonan eta haurdun dago. 

Xabik lehenengo gezurra esaten duenetik, gezur bat bestearen atzetik etorriko da eta hainbat muturreko egoera biziko dituzte pertsonaiek. Telleriak primeran kudeatu ditu tentsio uneak eta istorioa in crescendo doa happy ending batekin amaitzen den arte.
Film on bat egiteko baina, gidoia ez ezik, aktoreen lana bera ere oso garrantzitsua da. Sara Cozar eta Gorka Otxoak primerako lana egiten dute. Mikel Losadak ere onerako harritu ninduen, azkeneko film eta antzezlanetan asko hobetu duelakoan nago. Aitor Mazok ere primeran konbinatu ditu zuzendari eta aktore lanak. Barbara Goenaga eta Itziar Atienza ere txukun aritu dira. Unax Ugalderen agerraldia ez da beste munduko ezer, baina Patxo Telleriaren kameoak dena konpontzen du. 


Musikak ere garrantzia berezia dauka lanean. Bingen Mendizabalek konposatutako soinu bandaz gain, hainbat euskal talderen kanta ezagunak tartekatzen dira. Goseren abesti bera bi aldiz entzun beharra ez zait askorik gustatu. Gose zein beste talde baten beste abestiren bat jarri zezaketen.Hasieran filmaren izenburua izan behar zen “Nemekitepa“ abestiak ere garrantzia berezia du istorioan eta abestiaren euskarazko bertsio bat ere agertzen da. Sara Cozarrek a capella abesten duen kanta ere oso hunkigarria. A zer nolako ahotsa! Asier Pujolen muntaia eta grafismoa bera ere txalogarriak dira. Asko gustatu zaizkit hasierako tituluak. 

Komedia erromantiko unibertsala sortu dute Telleria eta Mazok. Gauza tristeekin barre zein barregarriekin negar egin daitekeela erakutsi digute. Beste pauso bat euskal zinemagintza garaikidearen normalizaziorako bidean. 

Ander Barinaga-Rementeria

Iruzkina: Casa Vacía (Jesús María Palacios, 2012)



Hutsik dagoen laburmetraia. Dokumentala izan nahi ez duen dokumentala. Hutsari gorazarre egiten dion diskurtso hutsa. Horixe da, hustasun hutsa, Jesús María Palaciosen Casa Vacía betetzen saiatzen dena. Hala ere, Oteizaren eta Nestor Basterretxearen miresleak ez direnak deskodetu ezinezko ikusentzunezko piezarekin topo egingo dute. Bi artistak bizi izan ziren etxeari buruzko dokumental hau, nahita ala nahigabe, hustasunean galtzen da.

Julen BIGURI

Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Jesús María Palacios
Gidoia: Jesús María Palacios
Argazkia: Jesús María Palacios
Iraupena: 21 m.
Herrialdea: Espainia

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money