2011/12/29

Urte berriarekin batera 'Eguberri off' saioa estreinatuko du ETBk

Urtarrilaren 1etik aurrera gabonen inguruan ditugun galdera guztiak erantzuten saiatuko dira Nagore Aranburu eta konpainia. Zergatik hasten dugu urtea 12 mahats janda, zergatik ez ditugu jaten 12 madalena? Gabonak noiz hasten diren badakigu, baina noiz bukatzen dira?
Noiz arte atera daiteke etxera etorritako bisitei gabonetan sobratutako turroi biguna? Belengo estalpea Palestinan bazegoen, ze kristotarako jartzen dugu guk jaiotzan goroldioa? Ta jaiotzako figuratxoak txikiak badira, zergatik izaten da etxe gehienetan Jesusito hiru aldiz handiagoa?
Erderaz horrelako saioak arruntak badira ere gutxitan ikusi ditugu bakarrizketak euskaraz. Anartz Zuzazuaren zuzendaritzapean arituko dira Kontxu Odriozola, Mikel Pagadizabal, Iban Garate, Egoitz Lasa eta Itziar Urretabizkaia aktoreak. Beste hizkuntzetan funtzionatu duenak funtzionatuko ote du euskaraz?

2011/12/11

DONOSTIAKO ZINEMALDIAREN INGURUKO ZENBAKI BEREZIA

Kapuko Donostiako 59. zinemaldian izan zen eta hilabete batzuk beranduago zenbaki berezi bat prestatu dugu. Bertan hainbat elkarrizketa, eremu ikusezin eta erreportaje irakurri ahal izango dira. Baita zinemaldian aurkeztu ziren filmeen iruzkinak ere.



Zenbakia deskargatzeko egin klikatu hemen

Elkarrizketa: Ramon Agirre: "Ez utzi, ekin eta heldu adarretatik"


Testua: Irati Aguirre / Argazkiak: EiTB
Ramon Agirre (Donostia, 1954) euskal aktore, idazle eta margolaria da. Hainbat paper antzeztu ditu bere karrera emankorrean. 30 film baino gehiagotan parte hartu du. Antzerkian ere, beste horrenbeste antzezlanetan eta telebistan ere bere lanak egindakoa da. Euskal aktore osoaren titulua lortzeko, baina, Goenkale telesailean agertzea falta omen zitzaion, eta hemezortzigarren denboraldiko protagonistetako bat da. Aurtengo Donostiako Zinemaldiko Zinemira saileko epaimahaiburu izendatu dute. Hori izan da berarekin biltzeko baliatu dugun aitzakia.
Zein da Ramon Agirreren eguneroko plana zinema epaimahaiburu denetik?
Deitu, eta baietz esan nion. Baina eginkizun zerrenda pasa zigutenean, esan nuen: Uff! Hiru film besterik ez dira ikusi behar ditugunak, eta gero bat aukeratu behar dugu. Filmak ikusteko ere denboraz larri nabil, baina oso gustora.
Ikusi behar dituzun hiru film horiez gain, zein gehiago ikusiko dituzu?
Ez dut denbora askorik, baina momentuz pare bat ikusi ditut. Gaur, esate baterako, Berlinen aktore, film eta zuzendari onena izendatutako pelikula ikusi dut. Oso ona izan da. Iraniarra da. Ahalik eta pelikula gehien ikusiko ditut, baina batez ere hiru horiek, saria emateko. Kosta egiten zait niri ezezkoa esatea, eta deitu zidan pertsona oso sinpatikoa izan zen; eta nola ez, kargua onartu nuen.
Euskal McDoorman zara batzuentzat.
Euskal McDoorman… (kar, kar, kar) Orduan esan beharko dut berak esan zuen bezala, zinearen etorkizunerako potroak behar direla…
Nola ikusten duzu zinearen etorkizuna?
Hori galdera metaforikoa da. Nik uste dut, nire lagun batek esan zuen bezala, ez dagoela zertan kezkatu. Jendeak historiak ikusi, gorpuztutako historiak entzun nahi dituen bitartean bizirik egongo da zinea. Akaso formatua aldatuko da, non ikusi, etxean, mobilean… Baina historiak egingo dira, antzeztuko dira…
Aldaketa horretan, zinea beste gailuetara eramatearen aldekoa zara? Badaude purista batzuk uste dutenak filmeak aretotan ikusteko direla.
Akaso oso purista izango naiz, baina, filmak baldintzarik hoberenean ikustea gustatzen zait. Momentuz, uste dut baldintzarik onena dela aretoa, itxia, iluntasuna… Etxean nik oso zine gutxi ikusten dut, eta ordenagailuan zeresanik ez. Aretoak ematen dituen baldintzak eta iluntasuna pelikulaz gozatzeko onenak dira. Purismotasun kontua baina gehiago, erosotasun kontua da.
Eta euskarazko zinemaren etorkizuna?
Orain arte ez da apenas istoriarik izan, beraz, etorkizun oparoa du. Atzetik ez du asko, beraz, aurrera begira izango du. Nik uste, baietz. Gremio honetan, eskarmentu handiko jendea dago.Teknikari asko daude Madrilen, baita aktoreak ere; gainera, adin batekoak direnak. Errodaje oso baloratuak egiten dira Espainian. Txominista deitu didazu, baina uste dut batzuek esku ona dutela zinema egiteko. Diziplina hori euskaldunoi ez doakigu gaizki
Adibidez, izenen bat?
Adibidez, Asier Altunak poesia handia du.
Jendea oso gustura atera zen…
Ederra izango da seguru.
Euskarazko zinema kontsumitzen duen ikusleriarik ba al da?
Gauzak ondo egin behar ditugu. Elikadura pixka bat eman behar diogu euskal zinemari, eta ez bi urtean behin pelikula bat ikusi. Urtero bost film egitea ez da asko eskatzea. Industria pixka bat sortu behar da. Oraindik euskal zinemagintza oso gaztea da, eta goruntz egin behar du.
Zein aholku emango zenioke mundu horretan sartu nahi duen gazte bati?
Kalitatetik kantitatea ateratzen da. Nire aholkua da egin dezala. Nahi badu eta gustatzen bazaio, ez dezala alde batera utzi dirua ez duelako. Egin nahi badu, egin dezala edozerren gainetik. Ez utzi, ekin eta heldu adarretatik.
Potroak…
(Kar, kar, kar) Bai, potroak. Nahi baldin baduzu, aurkituko dituzu momentua eta taldea.

Elkarrizketa: Loreto Mauleon: “Bi anai ez da guztientzat egindako pelikula, baina ikusten saiatzea gomendatzen dut”

Loreto Mauleon, Donostiako aktore gaztea, ezagutu dugu Zinemaldiko 5. egunean. Imanol Rayok zuzendutako Bi anai filmean lan egin du; Bernardo Atxagaren eleberriaren irakurketa zinematografikoa da. Filmaren inguruko iritzia eman, eta aurretik egindako lanak aztertu ditu: hala nola, Goenkale telesailean eta La máquina de pintar nubes pelikulan egindakoak.
Testua: Julen Biguri / Argazkia: EiTB

Zein izan zen zure lehenengo esperientzia aktore lanetan?
Profesional moduan La máquina de pintar nubes pelikula izan zen lehena, baina lehendik ikastolan ere egiten nituen antzerkiak.  19 urte nituen, eta oso barneratuta dut esperientzia hori. Gero, poliki-poliki hasi nintzen lan ezberdinak egiten: Goenkale, adibidez. Eta orain Bi anai pelikulan lan egin berri dut.
Bi pelikuletan Bingen Elortzarekin lan egin zenuen. Pertsonaiek lotura berezia dute bi filmetan.
Bai, lotura oso berezia. Lehenengoan, La máquina de pintar nubes-en Bingen nire atzetik zebilen helduagoa nintzelako. Oraingoan, nahiz eta bion aldetik erlazioa egon, ni naiz bere atzetik dabilena.
Erraza al da binomio hori lanera egokitzea?
Oso aktore ona da. Oso gaztea da, baina burua bere lekuan dauka. Erraza da horrela lan egitea.
Eta Imanol Rayoren opera prima izan dela kontuan hartuta, nolakoa izan da esperientzia?
Erraztasun asko izan ditugu antzezteko orduan. Orain arte egindakoaren oso ezberdina zen bere proposamena, baina oso argi dauka zein den lortu nahi duena.
Gidoia irakurri aurretik irakurrita zeneukan Bernardo Atxagaren eleberria?
Bai, ikastolan irakurri genuen, baina ez nintzen asko gogoratzen. Horregatik berriro eman nion begiradatxo bat. Baina pelikulak eta liburuak ikuspuntu ezberdinak lantzen dituzte, betiere Atxagaren oniritziarekin. Filmak irakurketa dokumentalagoa bideratzen du. Mantsoa da, eta agian mundu guztiak ikusteko modukoa ez da, baina ikusten saiatzea gomendatzen dut.
Landutako pertsonai guztietatik zein da ilusio gehien egin dizuna?
Poz gehien eman zidana La máquina de pintar nubes-ena izan zen, lehena zelako eta dena berria zelako niretzat. Baina azkenean pertsonaia bakoitza estimatzen duzu. Joana (Goenkale) da pertsonaia famatuena, telebista askoz komertzialagoa baitelako. Hasiera batean arraroa egiten zitzaidan Joanaren papera antzeztea, baina azkenean ohitu egiten zara.
Zer dauka Joanak Loretorena, eta Loretok Joanarena?
Pertsona berdinak gara azkenean, beraz, antzekotasunak ikusi behar dira nahiz eta beste pertsonai bat izan. Hala ere, izaera ezberdina daukagu. Berarena gogorregia da, eta espero dut nirearen oso antzekoa ez izatea.
Nola prestatzen dituzu zuk pertsonaiak?
Noski, aktore bakoitzak bere moduak dauzka. Hala ere, nik ez daukat aktore moduko ikasketarik. Horregatik ez dut pertsonaia aztertzeko metodorik zehatzik. Gidoia irakurtzen dut, eta nire eta bere izaerak alderatuz, beste pertsonaiekin dituen erlazioak aztertuz eta nire senak esaten didanari kasu eginez sortzen dut pertsonaia. Gainera, antzezpen librea bideratzeko askatasuna ematen dute zuzendari askok.


2011/11/28

Eremu ikusezina: Zuzenekoak

Telebistako zuzeneko konexioak egin ahal izateko egin beharreko pauso guztiak erakutsiko dizkizuegu erreportaje honetan.


2011/10/25

Elkarrizketa: Blanca Portillo: “Antzerkiak derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke”

Madrilen jaio zen Blanca Portillo aktorea. RESAD Arte Dramatikoaren Goi Eskola Errealean graduatu ondoren, 30 antzerki lanetan parte hartu du; baita telebistako eta zinemako hainbat proiektutan ere. Hori gutxi balitz, 1997. urtetik aurrera zuzendari moduan ikusi dugu hainbat lanetan.


Testua: Goizane Aviles / Argazkia: Julen Hernandez
Aktore moduan lan egin duzu. Kameren aurrean antzeztu duzu, eta kameren atzean ere ibilia zara. Zein duzu nahiago?
Ni aktorea naiz ezer baino lehen. Zuzendaritza zaletasun aparta da perspektiba zabaltzen dizulako. Aktore moduan lan egiten duzunean, zati bat bakarrik ikusten duzu. Kamera atzean lan egiten duzunean, berriz, dena ikustera behartuta zaude, hau da, ikuspuntu panoramiko bat erabiltzera. Ni antzerkiak liluratzen nau, barrutik, kanpotik, edozein puntutatik. Beraz, lanbide honetaz ikastea dut gustuko, dena ikastea, ez zati bat bakarrik. Horregatik, batzuetan historia bat imajinatzen dut, eta nola egingo nukeen amestu ondoren, zuzentzera animatzen naiz. Baina ni aktorea naiz, eta argi dago zuzendaritza lanak aktore moduan hobetzen zaituela. Hortaz, nire ustez, antzerkiak derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke.
Beraz, zein duzu nahiago: antzerkia, zinema ala telebista?
Galdera hori gorroto dut. Gauzak ez dira horrela. Ez da bata bestea baino gehiago gustukoago duzun. Nik ez nioke bat berari ere uko egingo. Antzeztea eta aktore izatea gustatzen zait. Antzerkian, telebistan edo zineman lan egitea gustatzen zait proiektua ona bada, edota pertsonaia interesgarria bada. Hori bai, beti esan dut norbaitek pistola bat buruan jarri eta bakar bat aukeratu beharko banu, antzerkia aukeratu nuke. Izan ere antzerkian hazi naiz, eta uste dut nire gaitasunak maximora eramaten dituena dela.
Zergatik aktore?
Talde txiki batekin ibiltzen nintzen larunbatetan irakasle batengandik hurbil egon nahi nuelako. Irakaslea mago bat zen, jeinu bat. Han kasualitatez sartu nintzen, esperientzia ezberdin bat bilatzeko asmoz. Baina egun batean, entsegu baten bukaeran, handik zebilen batek esan zidan: “Ezin duzu imajinatu nola hunkitu nauzun, nola egin dudan negar zuk egindakoa ikusten”. Egun horretan esan nuen: “Hau da egin nahi dudana”. Zerbait egiterakoan, niretzat garrantzitsua den historia bat kontatzean dudanean, gustatzen zaidan historia bat, hunkitzen nauena… hori egitean norbait hunkitzen badut, hori da egun nahi dudana. Hori 17 urte nituenean gertatu zen, eta handik aurrera ez diot lan egiteari utzi.
Pertsonai berri bat proposatzen dizutenean, eskatzen duen prestakuntzarekin, ikerketarekin… Pertsona moduan, esperientzia horrek guztiak zer ematen dizu?
Nire ustez, lanbide hau oso aberasgarria da errespetuz, maitasunez eta seriotasunez egiten baduzu. Gaur egun, jende askok aktore esaten dio bere buruari, baina, benetan eta serio egiten baduzu, oso lanbide gogorra da. Denetarik ikasten duzu: artea, historia, geografia, bizitza, lexikoa, analisia… Denetarik. Zeure buruaren aurka egiten baduzu, zeure burua hobeto ezagutzen laguntzen dizu, gizakia hobeto ezagutzen, edota errespetu handiago izaten. Gaiztoa den pertsona bat interpretatzea tokatzen zaizunean, orduan ikasten duzu norbera zenbateraino den gaiztoa. Orduan ulertzen eta justifikatzen duzu zergatik den jendea era batekoa, kontuan izan gabe haien iritziak, ulertu eta justifikatu behar duzu. Askeago egiten gaitu, lanbide hau ondo eta bihotzez egiten bada, asko ikasten da.

2011/10/07

Igandean itzuliko da 'Finlandia' saioa etb1-era


Igandean (urriak 9) itzuliko dira Anjel Alkain eta konainia 'Finlandia' saioarekin ETB 1-eko gauak alaitzera. Ainere Tolosa eta Aitziber garmendiak aurkeztuko dute saia aurten ere eta bidelagun izango dute iazko talde osoa. Iazko bidetik joango da On Time-k ekoitzitako saio hau. Baina aurten tarte berriak ere egongo dira. Alkain eta Pagadik 'Aire Aire' saioa paroidatuko dute eta bertan 'Goenkale'ko kontuei buruz arituko dira Jose Mari Iriondo eta Ainhoa Goikoetxearen azalean. Ze ai oteye? tartean berriz famatuak bizitza errealean nola moldatzen diren azalduko digute. Joseina Etxeberriak Gaztean martxan jarri berri duten Lip dub lehiaketaren nondik norakoak erakutsiko ditu. Kerman-ek ere ez du hutsik egingo eta aste honetan tenisean ahaleginduko da.

Koikili eta Agirretxe futbolariak izango dira igande honetako saioko gonbidatuak. Elkarren aurka lehiatu beharko dute. Eriz Magoa, Iraola Tecnologies,eta beste tarte askorekin jarraituko dute. Igandeko Kunjuntuban Bonny M-ek 'Mandubin' abestuko du.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money