2011/10/25

Elkarrizketa: Blanca Portillo: “Antzerkiak derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke”

Madrilen jaio zen Blanca Portillo aktorea. RESAD Arte Dramatikoaren Goi Eskola Errealean graduatu ondoren, 30 antzerki lanetan parte hartu du; baita telebistako eta zinemako hainbat proiektutan ere. Hori gutxi balitz, 1997. urtetik aurrera zuzendari moduan ikusi dugu hainbat lanetan.


Testua: Goizane Aviles / Argazkia: Julen Hernandez
Aktore moduan lan egin duzu. Kameren aurrean antzeztu duzu, eta kameren atzean ere ibilia zara. Zein duzu nahiago?
Ni aktorea naiz ezer baino lehen. Zuzendaritza zaletasun aparta da perspektiba zabaltzen dizulako. Aktore moduan lan egiten duzunean, zati bat bakarrik ikusten duzu. Kamera atzean lan egiten duzunean, berriz, dena ikustera behartuta zaude, hau da, ikuspuntu panoramiko bat erabiltzera. Ni antzerkiak liluratzen nau, barrutik, kanpotik, edozein puntutatik. Beraz, lanbide honetaz ikastea dut gustuko, dena ikastea, ez zati bat bakarrik. Horregatik, batzuetan historia bat imajinatzen dut, eta nola egingo nukeen amestu ondoren, zuzentzera animatzen naiz. Baina ni aktorea naiz, eta argi dago zuzendaritza lanak aktore moduan hobetzen zaituela. Hortaz, nire ustez, antzerkiak derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke.
Beraz, zein duzu nahiago: antzerkia, zinema ala telebista?
Galdera hori gorroto dut. Gauzak ez dira horrela. Ez da bata bestea baino gehiago gustukoago duzun. Nik ez nioke bat berari ere uko egingo. Antzeztea eta aktore izatea gustatzen zait. Antzerkian, telebistan edo zineman lan egitea gustatzen zait proiektua ona bada, edota pertsonaia interesgarria bada. Hori bai, beti esan dut norbaitek pistola bat buruan jarri eta bakar bat aukeratu beharko banu, antzerkia aukeratu nuke. Izan ere antzerkian hazi naiz, eta uste dut nire gaitasunak maximora eramaten dituena dela.
Zergatik aktore?
Talde txiki batekin ibiltzen nintzen larunbatetan irakasle batengandik hurbil egon nahi nuelako. Irakaslea mago bat zen, jeinu bat. Han kasualitatez sartu nintzen, esperientzia ezberdin bat bilatzeko asmoz. Baina egun batean, entsegu baten bukaeran, handik zebilen batek esan zidan: “Ezin duzu imajinatu nola hunkitu nauzun, nola egin dudan negar zuk egindakoa ikusten”. Egun horretan esan nuen: “Hau da egin nahi dudana”. Zerbait egiterakoan, niretzat garrantzitsua den historia bat kontatzean dudanean, gustatzen zaidan historia bat, hunkitzen nauena… hori egitean norbait hunkitzen badut, hori da egun nahi dudana. Hori 17 urte nituenean gertatu zen, eta handik aurrera ez diot lan egiteari utzi.
Pertsonai berri bat proposatzen dizutenean, eskatzen duen prestakuntzarekin, ikerketarekin… Pertsona moduan, esperientzia horrek guztiak zer ematen dizu?
Nire ustez, lanbide hau oso aberasgarria da errespetuz, maitasunez eta seriotasunez egiten baduzu. Gaur egun, jende askok aktore esaten dio bere buruari, baina, benetan eta serio egiten baduzu, oso lanbide gogorra da. Denetarik ikasten duzu: artea, historia, geografia, bizitza, lexikoa, analisia… Denetarik. Zeure buruaren aurka egiten baduzu, zeure burua hobeto ezagutzen laguntzen dizu, gizakia hobeto ezagutzen, edota errespetu handiago izaten. Gaiztoa den pertsona bat interpretatzea tokatzen zaizunean, orduan ikasten duzu norbera zenbateraino den gaiztoa. Orduan ulertzen eta justifikatzen duzu zergatik den jendea era batekoa, kontuan izan gabe haien iritziak, ulertu eta justifikatu behar duzu. Askeago egiten gaitu, lanbide hau ondo eta bihotzez egiten bada, asko ikasten da.

2011/10/07

Igandean itzuliko da 'Finlandia' saioa etb1-era


Igandean (urriak 9) itzuliko dira Anjel Alkain eta konainia 'Finlandia' saioarekin ETB 1-eko gauak alaitzera. Ainere Tolosa eta Aitziber garmendiak aurkeztuko dute saia aurten ere eta bidelagun izango dute iazko talde osoa. Iazko bidetik joango da On Time-k ekoitzitako saio hau. Baina aurten tarte berriak ere egongo dira. Alkain eta Pagadik 'Aire Aire' saioa paroidatuko dute eta bertan 'Goenkale'ko kontuei buruz arituko dira Jose Mari Iriondo eta Ainhoa Goikoetxearen azalean. Ze ai oteye? tartean berriz famatuak bizitza errealean nola moldatzen diren azalduko digute. Joseina Etxeberriak Gaztean martxan jarri berri duten Lip dub lehiaketaren nondik norakoak erakutsiko ditu. Kerman-ek ere ez du hutsik egingo eta aste honetan tenisean ahaleginduko da.

Koikili eta Agirretxe futbolariak izango dira igande honetako saioko gonbidatuak. Elkarren aurka lehiatu beharko dute. Eriz Magoa, Iraola Tecnologies,eta beste tarte askorekin jarraituko dute. Igandeko Kunjuntuban Bonny M-ek 'Mandubin' abestuko du.

2011/09/22

Iruzkina: Amen (Kim Ki-Duk, 2011)


Kamera baten bitartez zerbait grabatu, ondoren gehienetan grabatutakoa editatu eta ikusteko prest dago. Edozeinek egin dezakeen gauza da hori gaur egungo kamerak ezagututa eta ordenagailu orok duelako bideoa muntatu edo editatzeko programa bat. Ba hori da Kim Ki-Duk korear zuzendari ospetsuak egin duena. Edozeinek egin dezakeen bideo bat baina ordu eta pikuko iraupenarekin. Arte abstraktuarekin gertatzen denaren berdina dugu hemen.
Ahozabalik atera da jendea film hau ikustetik Kursaaleko 1.aretoan. Ahozabalik “izugarria” esaten dutenak eta ahozabalik “ia-ia lo geratu naiz” diotenak. Ez du inor indiferente utzi nahi pelikula honek. Belarrientzat erosoa ez dela esatea falta da pelikula honen inguruan. Soinua eta batez ere ahotsak grabatzeko aparatuak etxean utzi dituztela dirudi eta horren ordez jasangaitza den ingurugiroko zarata entzuten da. Merezi du pelikula hau ikusteak, batez ere Zinemaldian noizbehinka nolako hanka-sartzeak egiten dituzten ikusteko.

EiTBko Gaur Egun eta Teleberri saioetako erreportajea

ETB 1 - Gaur Egun

http://www.eitb.com/eu/bideoak/osoa/741824/zinemaldia-gazteak-aukera-baten/
ETB 2 - Teleberri

http://www.eitb.com/es/videos/detalle/741873/zinemaldia-jovenes-buscan-oportunidad/

2011/09/20

Harrera beroa‘Bertsolari’ filmari

Asier Altuna bergararrak, bertsoaren mundura hurbildu nahi izan ditu ikus-entzuleak. Nahi eta egin. 2009an BECen ospatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusia ardatz, 90 minututan, bertsolaritzaren mendeetako historia eta artea laburbiltzen saiatu da. Horretarako bidelagun izan ditu, besteak beste, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, John Miles Foley, Joseba Zulaika eta Miren Amuriza. Argazki bikain batek lagunduta eta muntaia txukun eta zaindu batekin, gaur egungo gizarte ikusgarri eta efektista batean inoiz baino biziago iraun duen artea azaltzeko saiakera bat da hau. Peñagarikano bertsolariaren hitzetan bertsolaritza hemen zein nazioartean ezagutarazteko balioko du. Txalo zaparrada izugarria jaso zuten lantaldeko kideek filma amaitzearekin batera, jendez lepo zegoen Kursaaleko areto nagusian. Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu da, lehiaketaz kanpo bada ere.

Zazpigarren Zinema mugimenduan sariak


Bi filme saritu dituzte aurtengo Zinema mugimenduan sailean. Bietako bat The last Friday (Yahya Alabdallah) jordaniarra izan da. Bertan berrogei bat urteko gizon dibortziatu batek lau egunen buruan, oradindu ezineko ebakuntza bat egin beharko duela jakitean hasiko da filmea. Protagonistari askorako balio ez badio ere, 5000 euro jaso dituzte Frantzian post-produkzio lanak burutu ahal izateko. Beste 15.000 euro soinu nahasketetarako. 2500 euro ingelesezko edo frantsesez azpititulatzeko. Eta 35mm formatuan kopia bat. Bigarren filmeko lantaldea ere ez da esku hutsik geratu. Confessioan and struggle (Eliane Raheb) film libaniarrak 5000 euro jaso ditu post-produkziorako eta lanaren kopia bat jasoko du 35mm formatuan. Dokumental honetan Libanoko gerra zibileko gertakrari tragikoak kontatzen dira.

2011/09/19

Glenn Close aktoreak jaso du aurtengo Donostia Saria

Aktore estatubatuarraren ibilbidea saritu nahi izan dute Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek

Testua: Haizea Olleta Holgado


Glenn Close aktore estatubatuarra larunbatean heldu zen Donostiara. Bere film berria, Albert Nobbs aurkeztu du eta igande gauean Donostia Saria eman diote Kursaal Auditorioan  21.30 hasi den gala jendetsuan. "Zinema jaialdi ospetsu batean aipamen bat jasotzea hunkigarria da benetan" adierazi du izarrak. Aldi berean, “hauskor” sentitzen dela ere gaineratu du goizean emandako prentsaurrekoan.

Prentsaurrekoan bere azkenengo filma aurkeztu du, Albert Nobbs. Gustura azaldu ditu filmaren nondik norakoak eta lan hau egiteko gogoak dituela aitortu du. "Bakarrik dagoen jende desberdinaren biziraupenari buruzko istorioa" dela azaldu du Closek, "eta horregatik egin nahi izan dut". Rodrigo Garcia zuzendariarekin lanean gustura dagoela onartu du, eta emakumeei papel interesgarriak ematen dizkiela esan du. Filmearen zuzendariak eman dio Donostia Saria Kursaaleko oholtzan. “Gabon, pozten nau Donostian egoteak” hitzekin hasi du hitzaldia. Talde lana izan du diskurtsoaren ardatz. Kursaalera hurbildu den alabari eskaini dio saria, bere ama izatea ohore bat dela adierazi ondoren.

Albert Nobbs pantaila handian

Albert Nobss XIX.mendeko Irlandan girotuta dago. Emakume baten istorioa kontatzen du. Filmean Glenn Closek gizon baten antza hartzen du hotel batean lan egin ahal izateko. Pelikularen aktore-zerrenda aurpegi ezagunez beteta dago, hala nola: Mia Wasikowska, Aaron Johnson, Janet McTeer, Pauline Collins, Brenda Fricker, Jonathan Rhys Meyers eta Brendan Gleeson.

Glenn Closek beste famatu askoren lekukoa hartuko du bart. Julia Roberts (2010), Meryl Strrep (2088), Woody Allen (2004), Robert de Niro (2000), Francis Ford Coppola (2002), Lauren Bacall (1992), Bette Davis (1989) edo Gregory Pecker (1986) izan dira besteak beste, aurreko edizioetako Donostia Saria jaso dutenak.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money