2012/09/22

Iruzkina: Blancanieves (Pablo Berger, 2012)



Sevilla aldeko Carmen Edurnezuri da Pablo Bergerek aurkezten duen pertsonaia Blancanieves film mutuan. Grimm anaien egokitzapen askea bideratu du zuzendari bilbotarrak. Toreroen eta flamenkoaren erritmoetara mugitzen den esperimentu bitxia da Bergerek sortutako pelikula. Maribel Verdú, Daniel Gímenez Cacho, Pere Ponce eta Macarena García aritzen dira aktore lanetan.

            Zuri-beltzean eta super 8 antzeko formatuan aurkeztutako Edurnezuriren ipuinak interesa sortzen du lehenengo momentutik, ez baita film konbentzionala. Hala ere, zinearen munduan sartuta dagoen edozeinen arreta gutxiagora joango da pelikula aurrera doan heinean.

Argiztapen eta argazki lana ona bada ere, eta izan beharra du zuri beltzeko pelikula mutu onargarri bat lortu nahi izanez gero, ez du gidoian asmatzen. Egia bada iraultzailetzat hartu ahal dutela egokitzapena, baina, zoritxarrez, iraultza guztiak ez dira onerako. Pablo Bergerren gidoia flamenkoaren eta zezenen Espainiako folklorean eta txiste errazetan galtzen du haria. Gag txikiz beterik dagoen ipuina bihurtu du bilbotarrak filma.

Maribel Verdú edo Daniel Gímenez Cachoren lanak, besteak beste, onak badira ere, ez dute pelikularen beste aldea estaltzen. Gutxienez, antzezpenez gain, atrezzo eta jantzi lan bikainak aurkezten dira filmean. Bai eta Andaluziako eraikin liluragarriak ere.

Esperimentu ona liteke Blancanieves, baina hobetu beharrekoa. Barre erraza alde batera utzi eta Charlie Chaplinen edo The Artist-en mailako pelikulen antzerako zer edo zer egiten saiatzea liteke aproposena. Esan bezala, esperimentu ona, baina sail ofizialerako zapore gazi-goxoa.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:

Zuzendaria: Pablo Berger
Gidoia: Pablo Berger
Argazkia: Kiko de la Rica
Aktoreak: Maribel Verdú, Daniel Giménez Cacho, Pere Ponce, Sofía Oria, Macarena García, 
Ángela Molina, José María Pou, Inma Cuesta
Iraupena: 98m.
Herrialdea: Espainia-Frantzia



Bigarren eguna | Nork esan zuen bigarren zatiak onak ez zirenik?



2012ko irailaren 22a, larunbata.
Larunbatetan ohikoa denez, jende asko hurbiltzen da Donostiara, eguna giro onean pasatu eta zorte apur batekin horren urrun dauden izarren bat hurbiletik ikusteko aukera izango duelakoan. Goizetik jendez lepo egon dira Maria Cristina eta inguruko kaleak. Guk, nahiago izan dugu eguna pelikulaz pelikula eman.
Ez dago eguna pelikula yanki batekin hastea baino hoberik. Ben Afflecken azken lana hori baita, pelikula yanki bat. Txukuna eta entretenigarria, baina guztiz amerikarra. Argo, historian oinarritutako istorioa da. 1979an Irango iraultzako erreboltetan bahitzea lortu ez zuten sei amerikarren istorioa. Irango iraultzaileek AEBetako enbaxada hartu zutenean, bertako sei langile, ihes egitea lortu eta Kanadako enbaxadan ezkutatuko dira. Harrapatuko dituzten beldurrez bizi diren bitartean, CIAko Tony Mendez (Ben Affleck) agenteak plan arriskutsu, eta itxuraz zoro batekin, Irandik ateratzea lortuko du. 
Donostiako Zinemaldia, pelikulak estreinatzeko aparteko zita ez ezik, beste hainbat ekitaldi burutzeko aitzakia ere bada. Urtero, Espainiako Zinematografia Sari Nazionala ematen da San Telmo Museoan. Aurten, Yvone Blake figuringileak jaso du saria. Ez da bere lehenengo saria izan, azken lau hamarkadetan Oscar sari bat eta lau Goya sari irabazi baititu Nicolás y Alejandra, Remando al viento, Cancion de cuna  eta  El puente de San Luis Rey filmetako jantzien diseinuagatik. Saria bihotzez eskertu ondoren, ospatu diren 22 edizioetatik seitan baino ez dutela emakumeek jaso esan du. Izan ere, bera da emakumezko aktoreak kenduta sari hau jasotzen duen lehen lantalde teknikoko kidea. Azken hauei eskaini zien saria, baita bere senar “andaluziarrari” eta bere seme Davidi (egun argazki zuzendaria da).
Argentina, Frantzia eta Espainiaren arteko koprodukzio bat da eguneko beste filmetako bat. Inor hilko ez duen soldatapeko hiltzailearen istorioa da Javier Rebolloren azkeneko laneko protagonista: Santos (José Sacristán). Santos, gaixorik dago, minbizia dauka eta denbora gutxian hil egingo da. Autoa hartu eta helburu zehatzik gabe bada ere errepidera aterako da. Ibilbide iniziatiko guztietan bezala, bidelagun bat izango du: Roxana Blancok antzezten duen erizain gaztea. Filmean, istorioa bera baino, hau kontatzeko era da ikusleen artean hain kuttun egin duena. Sekuentzian gertatzen dena, edo irudietan ikusten denaren kontrakoa deskribatzen du narratzaileak, ikuslearen esku utziz ahotsa edo irudia lehenesteko erabakia. Hasieran narratzailea astun hutsa dela pentsatu arren, azkenean horrek ematen diola xarma film luzeari.
Marialy Rivasen Joven y Alocada filmak, hitzik gabe utzi zituen bertaratutakoak. Baten bat, berotu beharrean, hotz utzi eta aretotik alde egitera ere ausartu zen. Ez da hasiera eta bukaera duen ohiko istorio bat. Blog baten sarrerek ematen diote forma istorioari. Daniela (Alicia Rodríguez) familia ebanjeliko eta kontserbadore bateko hamazazpi urteko neska errebeldearen eguneroko gorabeherak kontatzen ditu. Muntaia eta grafismo bitxia lagun, onerako zein txarrerako, zeresana eman duen filma da. 6,986 puntu lortu ditu Euskaltel Gazteriaren sarian, momentuz, Infancia Clandestina filma baino ez dauka aurretik.
Zinemaldian baina, badago film laburrentzako tokia ere (nahiz eta presentzia handiagoa eskertuko litzatekeen). Principe zinema aretoan aurtengo Kimuak katalogoan hautatutako zazpi lanak aurkeztu dituzte: Mikel Ruedaren Agua!, Isabel Hergueraren Bajo la almohada, Ander Mendiaren Beerbug animaziozko pieza, Oteizaren lana ulertu ezean nahiko korapilatsua den Jesús María Palaciosen Casa Vacia, Paul Urquijoren Monsters do not exist pederastiari buruzko hausnarketa, Ramon Agirre protagonista duen Koldo Almandozen Deus et machina eta Martin Rosetek zuzendutako Voice Over film labur bikaina.
Nork esan zuen bigarren zatiak onak ez zirenik?

Iruzkina: Amour (Michael Haneke, 2012)



Maitasunak ez omen du adinik, ez gutxienez Michael Haneke zuzendariarentzat. Amour filma aurkeztu baitu zuzendari austriarrak Zinemaldiko 60. edizioan. Donostian harrera ona izan badu ere, jadanik kritika onak lortutako pelikula dugu Amour, izan ere, Canneseko Urrezko Palmorria eta FIPRESCI saria lortu ditu.

Filmaren protagonistak Anne (Emmanuelle Riva) eta Georges (Jean-Louis Trintignant) dira, laurogei urte inguruko bi musika-irakasle. Bien arteko amodioa da gai nagusia, betiere Hanekeren argumentu gordin eta hunkigarriekin. Bada, zahartzaroan sartuta daudela, bizitza luze eta zoragarria izan ostean, ez dirudi hortik aurrera ezer onera joango denik. Annek, gainera iktus bat jasan beharko du, benetako amodioa azaleratzen lagunduko duena.

Amour hunkigarria da benetan, eta seguruenik Hanekeren filmik zintzoena. Sentimendu errealenetan eta gordinetan barrena doa zuzendari austriarra azkeneko pelikula honetan. Eta, betiko moduan, narrazio leun eta lasaiaz baliatzen da istorioari dramatismoa gehitzeko. Michael Hanekek beste askotan lortu ditu kritika onak besteak beste, Cannesen eta Zinemaldian Funny Games (1997), Code Unknown (2000), The Piano Teacher (2001) eta The White Ribbon (2009) pelikulekin.

Aktoreen lana paregabea da ere ikus-entzunezko pieza honetan. Besteak beste, Emmanuelle Rivak eta Jea-Louis Trintignantek sortutako buruz burukoa, argumentuaren euskarri nagusienetarikoa. Zer esanik ez, Isabelle Huppert-en papera, Hanekerekin The Piano Teacher pelikulan ere lan ikaragarria egin zuena. Baina horietaz gain, badugu ere RamonAgirre donostiarra minutu gutxiko bigarren mailako lan ona egiten.

Finean, benetako amodioaren isla da honako hau, alderik onenak eta txarrenak berdin aurkezten dituena. Baina austriarraren beste lanen antzera, zakarra eta tristea den artelan hutsa era berean.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa

Zuzendaria: Michael Haneke
Gidoia: Michael Haneke
Argazkia: Darius Khondji
Aktoreak: Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva, Isabelle Huppert, Alexandre Tharaud, Ramon Aguirre
Iraupena: 127m.
Herrialdea: Frantzia-Alemania-Austria

2012/09/21

Lehenengo eguna | Hasiera borobila

2012ko irailaren 21a, ostirala.


Bat eta bakarra izaten da Donostiako Zinemaldiari hasiera ematen dion filma. Nicholas Jareckiren Arbitrage opera prima izan da Zinemaldiko arduradunek aurten aukeratutako pelikula. Zuzendari estatubatuarraren lehenengo fikziozko film luzeak Richard Gere eta Susan Sarandon izarrak, eta hauen atzetik dabiltzan milaka zale ekarri dituzte Donostiara. Ostirala izanik eta eguraldia lagun, jende asko batu da alfonbra gorriaren inguruan. Jose Coronado, Cayetana Guillén-Cuervo eta Barbara Goenagak aurkeztu duten irekiera ekitaldian 60 zenbakia izan da protagonista. 
Eguneko beste hizpideetako bat Michael Hanekeren Amour filmaren aurre-estreinaldia izan da. Cannes-eko urrezko palma eta FIPRESCI sariak irabazi dituen filmak zur eta lur utzi ditu Antzoki Zaharrera zein beste aretoetara hurbildu direnak. Jean-Louis Trintigant eta Emmanuelle Riva aktoreek Printzipaleko pantaila handia txiki utzi dute. Nahiz eta pelikularen gaia gogorra izan, Ramon Agirre donostiarraren agerraldiekin irribarrea piztu zaie bati baino gehiagori, ezaguna zutelako edo euskalduna zelako, batek jakin. 
Benh Zeitlin zuzendari amerikarraren Beats of the Southern Wild filmeko, Quvenzhané Wallis-ek interpretatzen duen Hushpuppy txikia ere ez da berehalakoan ahazteko moduko pertsonaia. Mississippy ibaiaren meandroek osatzen duten gune zingiratsu batean, mundutik bereizita bizi den komunitate baten istorio bitxi baina interesgarria.
Pablo Berger zinemagilearen Blancanieves film mutua hizpide izango da gaur eta bihar. Grimm anaien Edurnezuri ipuinaren egokitzapen askea da bilbotarrak proposatu duena. Maribel Verdú, Daniel Giménez Cacho, Macarena García, Pere Poce zein Ramón Barea aktoreek hezurmamitzen dituzte istoria fantastiko honetako pertsonaiak. Apustu handia bai, baina beldur naiz erantzuna ez ote den txikia izango. Teknikoki plano zaindu eta argiztapen egokia izan arren, istorioa nahiko sinplea izan da eta aukeran barre erraza bilatzen duten gag gehiegitxo. 
José Luis Rebordinos eta bere lantaldeak memorian luzaz gordeko den edizioa izatea nahi dutela nabari da. Iaz Donostia Sari bakarra egon bazen, aurten bost sari emango baitituzte. 60. urteurreneko Donostia Sari bereziak: Dustin Hoffman eta Oliver Stnone aktore eta zuzendariari eta John Travolta, Ewan McGregor eta Tommy Lee Jones aktoreei.

Hiru, bi, bat… ekin!

Ander Barinaga-Rementeria

2012/09/08

60. zinemaldiko sariak


60 zenbaki borobila dela eta Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek aurtengoa edizio berezia izatea nahi dute. Ohikoak diren Donostia sariak ez ezik, urteurrena ospatzeko sari bereziak ere emango dituzte.
John Travolta aktorea izango da Donostia sarietako bat, bera izango da hiruretatik lehena. Grease musikalarekin egin zen ezagun. Pulp Fiction zein beste hainbat filmek eraman zuten aktorerik ezagunenetariko bat izatera. Zinemaldiko edizio honetan Savages bere azken lana aurkeztuko du. Zinemaldiko lehenengo igandean jasoko du Donostia Sarietako hirugarrena.
Ewan McGregor aktore gazteak jasoko du beste bat, irailaren 27an. Saria jaso ondoren The Impossible filma estreinatuko dute. Juan Antonio Bayonak zuzendu du luzemetraia eta 2004ko tsunamian bizitako esperientzia lazgarria du ardatz. Telecinco Cinema eta Apaches ekoiztetxeen koprodukzio bat da eta Warner Bros. etxeak banatuko du.
Tommy Lee Jones aktoreak irabazi du aurtengo beste Donostia sari bat. Hollywoodeko aktore ezagunenetakoak Oscar sari bat irabazi zuen 1993an The Fugitive filmagatik. Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean aurkeztuko du bere azkenengo lana Hope Springs. Irailaren 28an jasoko du saria Kursaal aretoan. Oscarra ez ezik Canneseko jaialdian gizonezko aktore onenaren saria zein Urrezko Globo bat ere irabazi ditu aktore amerikarrak.
Urtemuga ospatzeko bi sari gehiago emango dituzte aurten. Oliver Stone zuzendariak jasoko du lehena eta Dustin Hoffman aktoreak jasoko du bigarrena.  

2012/08/25

Irailaren 4tik 8ra gasteiz pantaila txikiz beteko da

Datorren irailaren 4an hasiko da Gasteizko FesTVal telebista eta irrati jaialdiaren laugarren edizioa. TVEk Isabel eta Stamos Okupa2 telesailak emango ditu, Antena3en Imperium eta Fenomenos ere ikusi ahal izango dira, baita Telecincoren El don de Alba eta La voz. Se busca cómico para película saioa estreinatuko du Canal + kateak eta Euskal Telebistak El conquistador del Aconcaguaren denboraldi berria aurreestrinatuko du.
Aurreko urteetan ez bezala estreinaldiak Principal Antzokian izango dira. Gobidapenak hilaren 27tik aurrera FesTVal-en bulegoan eskatu ahal izango dira. San Prudentzio, 30en.
Informazio gehiago: www.festval.tv

2012/08/04

Olinpiar Jokuak, kazetariak eta kaleratzeak


Telebista eta irratietako programazioaren ordu asko ari dira betetzen Londresko Olinpiar Jokuak. Milaka eta milaka kazetariren lanari esker du ikus-entzuleak hango berri. Kazetarien lanari esker bakarrik ez, baita produkzio lanetan dabiltzan beste ehundaka laguni esker ere. Mundu mailako ikuskizuna izanik, komunikabideek beren baliabideak erakusteko erabiltzen dituzte Olinpiar Jokuak.

Krisi ekonomikoaz gain, kazetaritzak bizi duen krisia ere nabari da Londresen. Izan ere, ohi baino kazetari gutxiago bidali dituzte komunikabideek oro har, eta berriemaile bereziak bidali dituztenek nahiko lan izan dute kontuak egiten. EiTBren kasuan, esaterako, Asier Aranguren bakarrik bidali dute. RTVEk, baina, 123 profesional bidali ditu. Hori bai, zuzeneko 18 kate ditu webgunean lehiaketa guztiak ikusteko.

Horra hor krisiaren adibide. Baina bien bitartean, eraikuntzaren atzetik, kazetaritzan daude langabe gehien. Egunero, gainera, geroz eta kazetari gehiago kaleratzen dituzte. Azken adibdiea, 24h-eko Xavier Fortes aurkezlea, edota TVEko Los de Desayunos de TVE saioko Ana Pastor zuzendari eta aurkezlea. RTVEko zuzendaritza aldaketak ari da egiten telebistako eta irratiko saio nagusietan. Telebista eta irrati publikoek herritarren erreferentzia izan beharrean, alderdi politikoen tresna direla argi geratu da beste behin. Hori bai, kazetaririk gabe ez dago kazetaritzarik, eta kazetaririk gabe ez dago demokraziari. Are gehiago, telebista eta irrati publikoetan; izan ere, herritar guztiak ordezkatu behar ditu telebista edo irrati publiko batek. 

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money