2012/03/07

Ikusentzunezko greziar iraultza

Julen BIGURI

Latza da greziarren egoera gaur egun. Zakarra. Ohituta gaude antzinako tenplu eta orakuluen dekadentzia ikusteaz. Ohituta ere aspaldiko zibilizazioaren arrasto higatuak bisitatzeaz. Baina ohituta al gaude hotelen erreinuaren dekadentziaz? Eta turisten ahanzturaz? Eta krisi ekonomiko eta sozialei aurre egiteaz?

Yorgos Lanthimos-ek irrealitate krudeleko filmak egiten ditu horretarako. Latzak. Zakarrak. Isiltasunek hitz egiten dute greziarraren filmetan. Askotan ez dakigu antzezpenak noraino doazen, ezta zein neurritan isiltasun horien beharra dagoen, baina hor daude.


Atenaseko zuzendariak Lakis Lazopoulos-ekin (My Best Friend, 2001) eman zuen pantaila handirako jauzia, lehenago antzerki eta bideoklipekin esperimentuekin ibilia baitzen. Baina bere opera prima Kinetta (2005) izan zela esan dezakegu. Bertan narrazio ez linealak, isiltasun luzeak eta desenfokeak dira ugari. Gus Van Sant-ek erabiltzen dituen tresnetaz baliatzen da greziarra. Pentsa genezake planoak nahigabe atera direla, prestakuntzarik gabe, baina ez da hala gertatzen. Zuzendariak turisten erreinuaren ahanzturan murgiltzen gaitu, greziarren bakardadean; eta bakardade horren parte izatea da jolasaren gakoa.


2009an proiektu landuagoa bideratzen du: Dogtooth. Filma mundutik paseatzen uzten du, eta erantzuna bikaina da: Canneseko “Un certain regard” saria eta Oscarretan Ingelesez besteko film onenaren sarirako proposamena lortzen du, besteak beste. Baina zerk uzten du ikuslea hain ahozabalik? Gizakiaren krudeltasunak.


Errealitatean bideraezina den egoera bat planteatzen zaigu, gizakiaren eta animalien arteko muga definitzen bat ere laguntzen ez duena. Manipulazioari eta ezjakintasunari buruzko gogoeta baino, saiakera bat dugu ikus-entzunezko pieza hau. Azken bost urteetako pelikularik onenetarikoen artean egon beharko luke Dogtooth.

Ondoren, duela gutxi estreinatu duen pelikula (Alps) prestatzen duen artean, Attenberg (2010) pelikulan parte hartzen du aktore eta produktore gisa. Artelana bere laguna den Athina Rachel Tsangari-k zuzentzen du. Istorioak animaliaren eta gizakiaren muga jorratzen du berriro ere, baina Sir David Attenborough-en (hortik izena) dokumentalez baliatuz. “Homo hominis lupus” da, besteak beste, filmak azpimarratzen duen tesia. Hala ere, otsoaren papera Ariane Labed lotsati eta hauskorrak antzezten du; Veneziako Film Festibalean saritua izan zen antzezpena.


Batzuk oraindik ez dakigu zertaz baliatuko den azken pelikulan Yorgos Lanthimos, baina jakiteko irrikitan gaude. Azken finean, bere ibilbide zinematografikoak erakusten duenez, gizakiok ezkutuan ditugun emozio eta egoerak islatzen artista hutsa da. Horretaz gain, Grezia pairatzen ari den krisialdi gogorrean ere 7. arteak aurrera egin ahal duela erakutsi digu, eta nola, gainera!



2012/03/06

Zazpi urteren ondoren bukatu da MusikHerria

MusikHerria diskoetxeak amaiera eman dio zazpi urteko ibilbideari. 2005eko martxoan ospatu ziren GazteMugi topaketetan sortu zen MusikHerria diskoetxea. Zazpi urteko ibilbidean 74 talde zein bakarlari pasatu dira MusikHerriatik, eta 82 lan kaleratu dituzte CD, DVD eta liburuak aintzat hartuta. "Iertzian erori den kolektibo bat berpiztea" zaila dela uste duten arren, "bide berriak lantzea" pentsatu dute. Proiektuan erabili gabe utzi duten dirua Lodosako Ibaialde ikastolari ematea erabaki dute.

Beranduegiren 50. saioa emango dute gaur

Argia.com atariaren Beranduegi web telebistak 50. saioa beteko du gaur. Ohiko formatutik aldenduko den saio berezia prestatu dutela adierazi dute saioa egiten dutenek. Lehenengo saioak, Gorka Bereziartuari Unai Brea batu zitzaion unea eta bestelako momentu gogoangarriak. Lehiaketa berria abiatuko dute gaurko saioan.

Twitter-eko erregina

Lady Gaga, twitter sare sozialean, 20 milioi jarraitzaile baino gehiago lortu dituen lehenengo pertsona bihurtu da.  Twitter baina, ez da musikariak duen sare sozial bakarra. Facebook-en 48,8 milioi fan ditu eta 830.000 zirukulu Google+ sare sozialean Mashabek argitaratutako datuen arabera. Twitter-en lehenengoa da, Facebook-en hirugarrena, seigarrena MySpace-n eta zortzigarrena LastFMko zerrendan. Abeslari estatubatuarrak bere kontua berak kudeatzen duela esan badu ere, bere inguruan aholkulari talde handi bat duela aitortu du.
Sare sozialetako arrakasta hau ikusita, bere sare sozial propioa sortzea erabaki zuen: Little Monsters.
 

2012/03/03

Series Yonkis deskargen webgunea Sinde-Wert legearen aurka

Espainian Sinde-Wert legea indarrean sartu zen iragan martxoaren 1ean. Kultura Sailak lege honen bitartez webguneak itxi ahal izango ditu. Momentuz, 200 webgune baino gehiagok beraien burua salatu dute bere eraginkortasunik eza agerian uzteko. SeriesYonkis deskargen webgune ezaguna izango da dudarik gabe Kultura Sailaren helburu nagusienetako bat.  Webgune honetako arduradunek baina, ez die erraz jarriko webgunea itxi nahi dutenei, webgune honen klonak edo kopiak sortu dituzte beste domeinu batekin. Momentuz bi kopia edo mirror sortu dituzte: seriescoco.com eta serieskiwi.com.
Peliculasyonkis.com webgunearekin ere gauza bertsua egin dute: peliculascoco.com izeneko kopia sortu dute. Honekin webgune hauen arduradunek ixteko salaketak indargabetu nahi dituzte.
Webgune hauen jabeek ez dutela inongo legerik urratzen esan dute, beraiek telesail eta filmak ikusteko lekuetara loturak edo link-ak baino ez dituztela.
Webguneak bikoiztuz jarraituko dutela esan dute, arazorik balego funtzionamenduan jarraitzeko.

2012/03/02

Gaur gauean itzuliko da 'Vaya Semanita' ETB2ra

Aste batzuetako atsedenaldiaren ondoren gaur gauean itzuliko da 'Vaya Semanita' ETB 2ko programaziora. 22:10etatik aurrera aurreko ataletako pertsonairik arrakastatsuenak eta pertsonaia berriak ikusi ahal izango dituzte ikusleek. 
Pertsonaia berrien artean Nekane Amaya bermeoko ijito jeltzalea ezagutu ahal izango da. Beste pertsonaia berrietako bat Katxi izango da despedidaz despedida dabilen tipo bat. Goierriko Goreti ileapaintzaileak berriz Iñaki Anasagasti hartuko du berean eta Ana Urrutia eguraldiko aurkezleak 'Eguraldia' saioarekin itsututa dagoen zoro bati egin beharko dio aurre.
Kontaidazu familia, Al salir de misa... eta sketch berri gehiago prestatu ditu Pausoka entertainment ekoiztetxeak euskal telebistarekin elkarlanean.

2012/02/29

ELKARRIZKETA: Yannick Vergara: “Beti gustatu izan zaizkit erronkak eta ez naiz kikiltzen ametsak egia bihurtzeko borroka honetan”

Yannick Vergara (Gurutzeta, Barakaldo, 1983) antzerkian, zinean eta telebistan lan asko eginikoa da. Goenkale saioak egin zuen ezagun. Aste batzuetako atsedenaldiaren ondoren, ostiralean euskal telebistaren bigarren katean ikusiko dugu berriz Vaya Semanita saioaren atal berrietan pertsonaia zahar eta berriak hezur-haragitzen.
Leyre, Vaya Semanitako pertsonaia berria (Argazkia: Miriam Cabeza)
Noiz esan zenion lehenengoz zure buruari aktore izan nahi zenuela?
Ez dut momentu zehatzik gogoan, baina bai aurreskolan denek printzesa izan nahi zutenean, nik aktore izan nahi nuela.
Eta pentsatu zenuen inoiz horren urrun iritsiko zinenik?
Urrun? Egia esan, ez dut sekula horretan pentsatu. Ez dakit urrun heldu naizen ala ez. Hasieran jende askori erakutsi behar izan nion honetarako gai nintzela eta hori lortzeko ondo prestatuta egon behar nuen; beraz, nahikoa lan izan nuen (eta dut) interpretazioari buruzko guztia ikasten. Helburua argi zegoen: aktore moduan lan egitea, hemen, Madrilen, atzerrian...berdin zitzaidan, baina bizimodua aktore gisa atera nahi nuen.
Argazkia: Fernando Foto
Errazak izan ziren lehenengo urratsak?
Lehenengo urratsak beti izaten dira zailak. Esan bezala, oztopo askori egin behar izan nion aurre hasieran, baina beti gustatu izan zaizkit erronkak eta ez naiz kikiltzen ametsak egia bihurtzeko borroka honetan. Momentu latzetan ere gauza asko ikasten da eta nik ikasi dut une gogor horiei alde ona ikusten.
Hainbat irakasle ezberdin izan dituzu.
Bai, zorionez teknika eta metodologia ezberdinak ikasteko aukera izan dut. Bakoitzak tresna ezberdinak eman dizkit eta, orain, batetik bestera egiten dut salto, egoerak eskatzen didanaren arabera. Gainera, iaz Adán Blacken esanetara ikasteko parada izan nuen eta esperientzia zoragarria izan zen: lanean ari naizen bitartean, jolasten, amesten eta nire buruarengan konfiantza izaten ikasi nuen.  
Arte Dramatikoaz gain, itzulpengintza ere ikasi zenuen Gasteizen.
Bai, txikitatik besteekin komunikatzea gustatu izan zait eta hizkuntzak ikastea aukera paregabea zen hori lortzeko. “B plan” gisa hartu nuen nire gurasoen lasaitasunerako eta batzuetan oso erabilgarria izan zait.  
Vaya Semanita saio historikoaren belaunaldi berriko aurpegietako bat zara. Zer nolako esperientzia da bertan lan egitea?
Krisi garaietan ere, gogor eta ilusioarekin lan egiten duen familia ederra osatu dugu eta horrek ez du parekorik. Lantalde moduan egiten dugu lan eta horrek errazago egiten du programaren erritmo bortitza jarraitu ahal izatea. Gainera, aktore moduan pertsonaia ezberdin asko lantzeko aukera ematen digu eta izugarri ikasten da. Bihotzez eskertzen diot Vaya Semanitako familiari hasieratik erakutsi duen niganako konfiantza eta egunero eskaitzen dizkidan babesa eta maitasuna.
Aurretik Goenkale-n ibili zinen... Vaya Semanita-rekin alderatuta desberdintasun handia dago?
Vaya Semanitak askoz erritmo azkarragoa du eta gehiena platotik kanpo grabatzen dugunez, lanordu gehiago behar dira. Gainera, denok egiten dugu lan egunero, Goenkalen ez bezala; beraz, askoz nekatuago bukatzen dugu astea. Hala ere, erritmoa eta erregistro aldaketa alde batera utzita, oso antzekoak dira: familia giroa dago hasierako egunetik, pertsona zoragarriek egiten dute lan eta, ahal den neurrian, produktua maitasun handiz hartzen saiatzen dira.
Ez da fikziozko umorean lan egiten duzun lehen aldia baina, aurretik Qué vida más triste eta Euskolegas telesailetan ere parte hartu zenuen.
Bai, atal gutxi batzuetan azaldu nintzen eta komedian lanean hasteko oso erabilgarri gertatu zitzaizkidan biak. Presiorik gabe erregistroari neurria hartzeko aukera eman zidaten.
Argazkia: EiTB
Ostiralean bigarren denboraldia estreinatuko duzue gaueko hamarretan, zer ikusi ahal izango dugu?
Aurreko denboraldiko pertsonaiarik gogokoenak eta maitasun handiz landutako pertsonaia berri eta zoragarriak agertuko dira denboraldi berri honetan, ikuslearen irribarrea lortzeko prest. Aurpegi berriak ere izango dira eta programaren erritmoa azkarragoa izango dela esango nuke. Baina ezin dut gehiago aurreratu...Ostiralero zuen zain izango gara.
Horrenbeste lan egin ondoren, kalean, jendeak ezagutu egingo zaitu, ezta?
Bai, egoeraren eta herriaren arabera. Pixkanaka ari dira Vaya Semanitako pertsonaiengatik ere ni ezagutzen; baina oraindik, gehienek Rakel deitzen didate. Hiru urtez aritu nintzen Goenkalen pertsonaia samur eta alai horrekin eta zaila da hura ahaztea. 
Azkenengo lan asko euskaraz eta gazteleraz aldi berean egin dituzu: Amamaren memoria (¿Te acuerdas, abuela?), Anfitrioi berezia (El extraño anfitrión)... nolakoa izan da esperientzia hau?
Hasieran, beldur apur batekin hartu nituen, baina lanbide honetan beti presaka gabiltza eta ez digu pentsatzeko astirik ematen, zuzenean ekin behar izaten diogu erronkari. Lehendabiziko egunetan, mesfidati ibiltzen gara, baina uste baino errazagoa da. Agian, itzultzaile senak ere laguntzen didalako izango da...
Zein hizkuntzatan sentitzen zara erosoen?

Erabat elebiduna naiz eta bietan eroso sentitzen naiz. Hasieran, Barakaldokoa izanda, mundu guztiari erakutsi behar nion euskaraz ere ondo moldatzen nintzela, baina gero ohitu dira ni bi hizkuntzatan ikusten. Nik esango nuke, proiektu bereko bi bertsioak ikusita, ez legokeela inongo alderik nire interpretazioari dagokionez. Norbaitek proba egin nahi badu, aurrera!
Denetarik egin duzu, aktore lanak, dantza, bikoizketa, itzulpengintza, script lanetan ere ibili zara... zein asmo dituzu etorkizunera begira?
Ahal dudan heinean, aktore lanetan jarraitu nahiko nuke, baina hori nire esku ez dagoenez, besterik egin behar badut ere, gustura egingo dut. Azken batean, jakituriak askeago egiten gaitu eta, ipurterre hutsa naizenez, beti saltsaren batean egon behar dut. Hori bai, eskertuko nuke kultura bultzatzeko baliogarria izatea. 
Testua: Ander Barinaga-Rementeria 

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money