Showing posts with label zinemaldia. Show all posts
Showing posts with label zinemaldia. Show all posts

2012/04/13

Apirilaren 20an hasiko da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren X. edizioa


Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen eta Donostia Kulturarekin lankidetzan Donostiako Udalak antolatutako Giza Eskubideen Zinemaldiak 10 urte beteko ditu aurten. Nahiz eta aurten aurrekontua murriztu, urteroko kalitatea mantentzen saiatuko dira antolatzaileak.16 film ikusi ahal izango dira Sail Ofizialean (horietatik 2 lehiaketaz kanpo emango dira). Aurten ere, aurreko edizioetan bezala, filmen inguruko solasaldiak antolatuko dituzte. Filmak Victoria Eugenia antzokian ikusi ahal izango dira eta sarrerek 4 euro balioko dute, hala ere saio guztiak ikusteko balioko duen 20 €ko abonua ere eskuratu ahal izango da. Hona hemen sail ofizialean ikusi ahal izango diren filmak:


“Satorrak”: Errepresio frankistatik ezkutatuta
1.     30 AÑOS DE OSCURIDAD (2011). Manuel H. Martín. Espainia

Itsuak diren pertsonen eskubideak

2.     CAMERA OBSCURA (2011). Maru Solores. Espainia

 

Lesbianismoa eta errepresio sexuala Iranen

3.     CIRCUMSTANCE (2011). Maryam Keshavarz. Estatu Batuak-Iran-Frantzia-Libano

 

Zinea eta adierazpen askatasuna

4.     THIS IS NOT A FILM (2011). Jafar Panahi, Mojtaba Mirtahmasb. Iran
 
Euskal Herria eta erabakitze eskubidea
5.     GAZTA ZATI BAT / A PIECE OF CHEESE (2012). Jon Maia. Euskal Herria

 

Nazioarteko ardura-gabekeria saharar herriaren aurrean

6.     HIJOS DE LAS NUBES, LA ÚLTIMA COLONIA (2012). Álvaro Longoria. Espainia-Estatu Batuak
 
Haurren aurkako sexu abusuak eta indarkeria
7.     MICHAEL (2011). Markus Schleinzer. Austria

 

Elkartu gaitezen eta eskubide murrizketari aurre egin

8.     LES NEIGES DU KILIMANDJARO (2011). Robert Guédiguian. Frantzia

 

Informazioa: Eskubidea edo merkantzia?

9.     LOS OJOS DE LA GUERRA (2011). Roberto Lozano Bruna. Espainia

 

Gatazkak kudeatzeko elkarrizketaren ahalmena

10.  L’ORDRE ET LA MORALE (2011). Mathieu Kassovitz. Frantzia

(INAUGURAZIOA)


Hezkuntza, hizkuntza gutxituak eta identitatea

11.  MONSIEUR LAZHAR (2011). Philippe Falardeau. Kanada

Justiziaren izenean hiltzea
12.  GIVE UP TOMORROW (2011). Michael Collins. Estatu Batuak
 
Bizitza sexual asea izateko eskubidea eta ezintasuna
13.  SCARLET ROAD. A SEX WORKER’S JOURNEY (2011). Catherine Scott. Australia

Asilo legea eta migrazio kontrola
14.  VOL SPÉCIAL (2011). Fernand Melgar. Suitza


Emakume eta belaunaldi saharar berriak
15.  WILAYA (2011). Pedro Pérez-Rosado. Espainia
(BUKAERA) (LEHIAKETATIK KANPO)

Indarkeria-ezazko aktibismoa Euskal Herrian
16.  ZIZTADAK / TÁBANOS (2012). Oriol Andrés, Carlos Castro, Gemma García. Euskal Herria (LEHIAKETATIK KANPO)


Aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria Iciar Bollain aktore eta zine zuzendariari madrildarrari emango diote. Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta emanaldi berezi bat antolatu dute Zinea eta Gerra Zibila Euskal Herrian izenekoa.

2012/02/14

'Mi último round' filmak irabazi du aurtengo Zinegoak jaialdia

Julio Jorquera txiletarraren Mi último round filmak irbazi du Bilboko Zinegoak Gay-Lesbo-Trans bederatzigarren Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdikofikziozko film luzeen atalean. Txile hegoaldeko boxeolari eta sukaldari gazte baten amodio istorioa da film honen ardatza. Epaimahaiak lanaren nortasun eta estilo propioa saritu nahi izan ditu. Publikoaren saria berriz, Mitzuyo Miyatzaki zuzendariaren Tsuyako film laburrak irabazi du. Dokumentalik onenaren saria Lucía Egaña Rojas kataluniarraren Mi sexualidad es una creación artístika lanarentzat izan da.

2011/09/22

Iruzkina: Amen (Kim Ki-Duk, 2011)


Kamera baten bitartez zerbait grabatu, ondoren gehienetan grabatutakoa editatu eta ikusteko prest dago. Edozeinek egin dezakeen gauza da hori gaur egungo kamerak ezagututa eta ordenagailu orok duelako bideoa muntatu edo editatzeko programa bat. Ba hori da Kim Ki-Duk korear zuzendari ospetsuak egin duena. Edozeinek egin dezakeen bideo bat baina ordu eta pikuko iraupenarekin. Arte abstraktuarekin gertatzen denaren berdina dugu hemen.
Ahozabalik atera da jendea film hau ikustetik Kursaaleko 1.aretoan. Ahozabalik “izugarria” esaten dutenak eta ahozabalik “ia-ia lo geratu naiz” diotenak. Ez du inor indiferente utzi nahi pelikula honek. Belarrientzat erosoa ez dela esatea falta da pelikula honen inguruan. Soinua eta batez ere ahotsak grabatzeko aparatuak etxean utzi dituztela dirudi eta horren ordez jasangaitza den ingurugiroko zarata entzuten da. Merezi du pelikula hau ikusteak, batez ere Zinemaldian noizbehinka nolako hanka-sartzeak egiten dituzten ikusteko.

2011/09/20

Harrera beroa‘Bertsolari’ filmari

Asier Altuna bergararrak, bertsoaren mundura hurbildu nahi izan ditu ikus-entzuleak. Nahi eta egin. 2009an BECen ospatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusia ardatz, 90 minututan, bertsolaritzaren mendeetako historia eta artea laburbiltzen saiatu da. Horretarako bidelagun izan ditu, besteak beste, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, John Miles Foley, Joseba Zulaika eta Miren Amuriza. Argazki bikain batek lagunduta eta muntaia txukun eta zaindu batekin, gaur egungo gizarte ikusgarri eta efektista batean inoiz baino biziago iraun duen artea azaltzeko saiakera bat da hau. Peñagarikano bertsolariaren hitzetan bertsolaritza hemen zein nazioartean ezagutarazteko balioko du. Txalo zaparrada izugarria jaso zuten lantaldeko kideek filma amaitzearekin batera, jendez lepo zegoen Kursaaleko areto nagusian. Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu da, lehiaketaz kanpo bada ere.

Zazpigarren Zinema mugimenduan sariak


Bi filme saritu dituzte aurtengo Zinema mugimenduan sailean. Bietako bat The last Friday (Yahya Alabdallah) jordaniarra izan da. Bertan berrogei bat urteko gizon dibortziatu batek lau egunen buruan, oradindu ezineko ebakuntza bat egin beharko duela jakitean hasiko da filmea. Protagonistari askorako balio ez badio ere, 5000 euro jaso dituzte Frantzian post-produkzio lanak burutu ahal izateko. Beste 15.000 euro soinu nahasketetarako. 2500 euro ingelesezko edo frantsesez azpititulatzeko. Eta 35mm formatuan kopia bat. Bigarren filmeko lantaldea ere ez da esku hutsik geratu. Confessioan and struggle (Eliane Raheb) film libaniarrak 5000 euro jaso ditu post-produkziorako eta lanaren kopia bat jasoko du 35mm formatuan. Dokumental honetan Libanoko gerra zibileko gertakrari tragikoak kontatzen dira.

2011/09/19

Glenn Close aktoreak jaso du aurtengo Donostia Saria

Aktore estatubatuarraren ibilbidea saritu nahi izan dute Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek

Testua: Haizea Olleta Holgado


Glenn Close aktore estatubatuarra larunbatean heldu zen Donostiara. Bere film berria, Albert Nobbs aurkeztu du eta igande gauean Donostia Saria eman diote Kursaal Auditorioan  21.30 hasi den gala jendetsuan. "Zinema jaialdi ospetsu batean aipamen bat jasotzea hunkigarria da benetan" adierazi du izarrak. Aldi berean, “hauskor” sentitzen dela ere gaineratu du goizean emandako prentsaurrekoan.

Prentsaurrekoan bere azkenengo filma aurkeztu du, Albert Nobbs. Gustura azaldu ditu filmaren nondik norakoak eta lan hau egiteko gogoak dituela aitortu du. "Bakarrik dagoen jende desberdinaren biziraupenari buruzko istorioa" dela azaldu du Closek, "eta horregatik egin nahi izan dut". Rodrigo Garcia zuzendariarekin lanean gustura dagoela onartu du, eta emakumeei papel interesgarriak ematen dizkiela esan du. Filmearen zuzendariak eman dio Donostia Saria Kursaaleko oholtzan. “Gabon, pozten nau Donostian egoteak” hitzekin hasi du hitzaldia. Talde lana izan du diskurtsoaren ardatz. Kursaalera hurbildu den alabari eskaini dio saria, bere ama izatea ohore bat dela adierazi ondoren.

Albert Nobbs pantaila handian

Albert Nobss XIX.mendeko Irlandan girotuta dago. Emakume baten istorioa kontatzen du. Filmean Glenn Closek gizon baten antza hartzen du hotel batean lan egin ahal izateko. Pelikularen aktore-zerrenda aurpegi ezagunez beteta dago, hala nola: Mia Wasikowska, Aaron Johnson, Janet McTeer, Pauline Collins, Brenda Fricker, Jonathan Rhys Meyers eta Brendan Gleeson.

Glenn Closek beste famatu askoren lekukoa hartuko du bart. Julia Roberts (2010), Meryl Strrep (2088), Woody Allen (2004), Robert de Niro (2000), Francis Ford Coppola (2002), Lauren Bacall (1992), Bette Davis (1989) edo Gregory Pecker (1986) izan dira besteak beste, aurreko edizioetako Donostia Saria jaso dutenak.

Agusti Villarongak Zinematografia saria jaso du Zinemaldian

Ageles Gonzalez-Sinde, kultura ministroak, eman dio saria Donostiako San Telmo museoan



Testua: Haizea Olleta Holgado



Agusti Villaronga, zine zuzendariak, 2011ko Espainiako Zinema Sari Nazionala jaso du larunbatean, Donostiako San Telmo museoan eginiko sari-banaketa ekitaldian. Kulturako ministroak, Angeles Gonzalez-Sindek, 30.000 euroko saria eman dio. Epaimahaiak, Villarongaren poetika eta begirada pertsonal bat sortzeko gaitasuna azpimarratu du. Hauek izan direla Pa Negre-k ikuslegoarekin lotura berezi bat lortzea ahalbideratu duten ezaugarriak.
Sari-banaketan Sindek, Villarongak kultoko zine zuzendari izateari utzi diola adierazi du. “Villaronga egun ez da kultoko zuzendari bat; milaka pertsonak maitatu eta entzuten dute errealitatea islatzeko duen gaitasunarengatik”. Zine-zuzendariak harrituta jaso du saria, "harrigarriak dira bizitzaren gorabeherak, nik neuk orain sari hau jasotzea kasu". Urte arraro bat izan duela adierazi du. “Duela urte batzuk horrelako sari garrantzitsu bat jasoko nuela esan balidate fikzio hutsa zela pentsatuko nuke” esan du Villarongak.
Villarongak gogoratu du Donostiako zinemaldia izan zela Pa Negre filma aurkeztu zuen tokia. Zuzendariak epaimahaikideei, lagunei eta komunikabideei (kazetariei bereziki) eskertu die saria. “Prentsari esker film txikiak ezagun egiten dira” adierazi du esker onez Villarongak.
Carlos Cuadros, Zinematografia eta ikus-entzunezko arteen institutuaren zuzendaria, izan da epaimahaiburua, eta epaimahaia osatu dute berarekin batera, Imanol Uribe, Josefina Molina eta Alex de la Iglesiak.

2011/09/16

Iruzkina: The Tree Of Life (Terrence Malick, 2011)

[vimeo http://www.vimeo.com/14448771 w=600&h=425]

Desberdina. Ez du beste deskribapen motarik Brad Pitten azken pelikulak. Desberdina da eta kito. Baina hori bai, polita. Orain arte ikusitakoaren artean ez diot antzekotasunik hartzen. Mila bederatziehun eta pikuko istorio bat. Gurasoak eta semeak. Aitaren autoritatea eta familiaren sumisioa hartu genitzake gai nagusitzat baina ez. Metrai honen balioa planoz plano aberasten doa.  Ikusgarria bertako irudiak. Terrence Malick zuzendari estatubatuarrak drama, surrealismoa eta zine esperimentala nahastu nahi izan ditu. Baita lortu ere, baina digeritzeko zailtasun apur bat izan dezake. Ez da publiko guztientzako film bat.

Gutxi izan dira ordenagailuz aplikatutako efektu digitalak. Badira unibertsoaren sorrera erakusten duten irudiak baina horiek material kimiko, margo, ke, likido, CO2, argi eta kamera ultra azkarrekin egina dago. 2008an hasitako grabazioa lehen aldiz 2011ko Cannes-eko festibalean aurkeztu zen kritika desberdin askorekin. Donostiako Zinemaldian gauza bera gertatu da. Badira ia-ia lo hartu dutela aitortu dutenak eta badira Jon Garaño zuzendari euskalduna bezalakoak “polita, bereziki polita” esaten dutenak. Pelikula honi gauza bat falta zaio eta beste hainbeste soberan dauzka. Baina teoria hori jarraituz gero betiko pelikula arrunt bat bilakatuko litzake. Argi dagoena da ezin daitekeela beste edozerekin alderatu eta gutxiago Hollywoodeko pelikula komertzialekin. Baina bere erara gatibu hartu gaitu. Ireki begiak eta dastatu The Tree of Life.

Julen Hernandez

Iruzkina: No habrá paz para los malvados (Enrique Urbizu, 2011)

[vimeo http://www.vimeo.com/24569616 w=600&h=450]

Polizia thirler garaikidea da Urbizuren azkenengo lan hau. Filmearen lehenengo minutuetan, Santos Trinidad inspektorea (Jose Coronado) oso mozkorturik etxera doala, hilketa hirukoitz batean nahastuko da. Lekuko batek baina, ihes egitea lortuko du eta hor hasiko dira komeriak. Itxuraz argumentua sinplea bada ere, korapilatuz joango da eta amaiera nahiko intuitiboa izanagatik ere, bukaera gauzatzen den era nahiko ezohikoa da. Filmeak batzuetan erritmoa galtzen du eta tentsio gehiago eskertuko luke. Ikerketaren nondik norako batzuk kontatzen diren zatiak, filmea mantsotzen dute, eta ikusleari luze gerta dakizkioke. Nahiz eta orokorrean ondo haritutako film bat izan. Beste momentu batzuk, hasierako hiru hilketak kasu, pelikularen maila orokorra baino altuago daude.
Tarantino bezalako zuzendariek azkenengo urteetan hainbestetan erabili dituen hainbat efektu ere agertzen dira filmean. Filmearen kalitatea hobetze aldera, odola eta tiroketak eremuz kanpo utzi beharrean ikusleei erakusteko hautua egiten du zuzendariak.
Arreta deitzen du, onerako gainera, Jose Coronadok inspektore dekadentearen pertsonaiari ateratzen jakin dion zukuak.

Iruzkina: Intruders (Juan Carlos Fresnadillo, 2011)

[vimeo http://www.vimeo.com/27906467 w=600&h=425]

Julen Hernandez Esnaola


Donostiako Zinemaldiak badaki nola ireki edizio berri bat. Intruders filma izan da lehenengoa eta ez du huts egin. Ahozabalik baino, jertseen atzean ezkutatzera behartu gaitu Juan Carlos Fresnadillo zuzendariaren thriller honek. Bertan, Juan eta Mia, bi gaztetxok dituzten amets gaiztoak errealitate bihurtzen dira.

Baliteke noizbait Freddy Krueger-en Nightmare In Elm Streeten tankera hartzea, baina honetan odola ia ikusi ere ez da egiten. Beldur psikologikoa edonon antzeman daiteke, ez zine aretoan eta ezta etxean ere deskantsatzen utziko ez digun filme bat da hau. Gainera istorioaren konplexutasuna nabaria da.

Bi belaunaldi, ipuin misteriotsu bat, elizaren eskusartzea baina batez ere aktore izugarriak. Haien artean Clive Owen (The Bourne Identity, El Rey Arturo),  Daniel Brühl (Salvador, El Ultimatum De Bourne), Ella Purnell, Pilar Lopez De Ayala (Las 13 Rosas, Alatriste) eta ikuslegoa dardarka jartzea lortzen duen musikagilea, Roque Baños (Torrente 4, Celda 211).

2011/09/03

Donostiako 59. Zinemaldiko epaimahaikideak

Sail Ofiziala

FRANCES MCDORMAND, aktorea (Sail ofizialeko epaimahaiburua)

GUILLERMO ARRIAGA, idazlea, gidoilaria eta zinema-zuzendaria
ÁLEX DE LA IGLESIA, zinema-zuzendaria
BENT HAMER, zinema-zuzendaria
BAI LING, aktorea
SOPHIE MANTIGNEAUX, argazki-zuzendaria
SOPHIE OKONEDO, aktorea
Zabaltegi-Zuzendari Berriak
JONATHAN ROSENBAUM (epaimahaiburua), idazlea eta zinema-kritikaria
LUCÍA CASANI, La Casa Encendida zentroko kultura-zuzendaria
JESSICA HAUSNER, zinema-zuzendaria
PAZ LÁZARO, Berlingo zinema-jaialdiko Panorama saileko programazio-zuzendaria
UN-SEONG YOO, Jeonjuko zinema-jaialdiko programatzailea
Horizontes Latinos
JUAN DIEGO BOTTO (epaimahaiburua), aktorea
JAVIER MARTÍN, Forum des Images zentroko programa-zuzendaria
DANIELA MICHEL, Moreliako zinema-jaialdiko zuzendaria

Zinemira Saria
RAMON AGIRRE, aktorea
MAIALEN LUJANBIO, bertsolaria
JOXEAN MUÑOZ, idazlea eta gidoilaria. Gaur egun proiektu kulturalak garatzen ditu.

Zinema Ikasleen Topaketetako epaimahaiburua
NICOLAS PROVOST, zinema-zuzendaria eta artista bisuala

2011/08/20

''The Tree Of Life'' (Terrence Malick) filmak irabazi du 2011ko FIPRESCI Sari Nagusia

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioan emango dute saria


Zinematografiako Kritikarien Nazioarteko Federazioak (FIPRESCI) urteko film onenaren Sari Nagusia The Tree of life filmari emango dio (Terrence Malick). FIPRESCIko kide diren mundu osoko 205 kritikarik azken urtean estreinatutako film luzeen artetik bat aukeratzen dute, bozketa bidez, Sari Nagusia emateko. Zinemaldiaren irekiera ekitaldian emango dute saria eta beronekin inaguratuko da aurtengo Zabaltegi-Perlak saila.

Hamabost film lehiatuko dira Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean, besteak beste, Islandiako, Japoniako, Espainiako, Israelgo, Alemaniako, Hego Koreako, Txileko, Estatu Batuetako, Austriako eta Erresuma Batuko filmak izango dira. Telmo Esnalek zuzenduriko euskarazko Urte berri on, amona! luzemetraia ere estreinatuko da bertan. Guztiak ere Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiatuko dira, Sail Ofizialeko beste hiru filmekin batera: Mathieu Demy zuzendariaren Americano (Frantzia), Oren Moverman zuzendariaren Rampart (AEB), eta Sarah Polley zinemagilearen Take This Waltz (Kanada).

2011/05/06

Donostiako Zinemaldiko kartelak

[slideshow]


Donostiako zinemaldiko 59. ediziorako kartelak aurkeztu dituzte gaur Miramongo Zientzia Kutxagunean. Lehen aldiz antolatu da lehiaketa hau eta 60 proposamenetatik BI TANTAk-ek aurkeztutako eta Yoana Figuerasek eginiko 35. proposamena aukeratu dute José Miguel Beltrán (Donostia Kulturako Zinema Arduraduna), Manuel Narváez (Donostia Turismoko Gerentea), Lucía Olaziregi (Donostia Zinemaldiko Zuzendariondokoa), José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko Zuzendaria) eta Ana Salaberria Monfortek (Arteleku Ikus Arteetako Zerbitzuburua) osaturiko epaimahaiak.


Hemen ikus daitezke  gainerako kartel guztiak

2011/03/18

Donostiako Zinemaldiak kartelen lehiaketarako deialdia egin du

Donostia Zinemaldiak 59. ediziorako diseinua eta kartelak aukeratzeko lehiaketarako deialdia egin du lehenengo aldiz. Deialdia gaurtik apirilaren 15era bitartean zabalik egongo da.

Ekimen honen bidez, Zinemaldiak aukera berberak eman nahi dizkie mundu osoko diseinatzaileei ekitaldia sustatzeko proposamenak aurkezteko orduan; hots, hala jada sendotuta daudenei, nola hasiberriak direnei.

Aurtengo Zinemaldia irailaren 16tik 24ra izango da.

Deskargatu kartel lehiaketarako materiala hemen klik eginda.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money