2012/09/24

Iruzkina: Dans la Maison (François Ozon, 2012)



Narrazioaren barruko narrazio peto-petoa duen zine frantziarra, horixe da François Ozonen Dans la Maison. Galiarrek bakarrik burutu dezaketen istorioa da hau, galiarren umore eta elkarrizketa landuekin. Satira literarioaz eta artistikoaz jositako komedia jatorra, alegia.

                Bada, 2012ko kurtsoa hasi berri dela Germain literatura irakasleak Claude ikaslearekin txundituta geratuko da, 16 urte baino ez, eta profesionalek baino hobeto idazten du. Germainen kritikek eta adoreak bultzatuta idazlan batean landutako istorioari gorputza ematen joango da amaierara heldu arte.

                Fikzioa eta “errealitatea” nahasten dituen istorio honek diskurtso narratiboen teknikak primeran menderatzen dituela erakusten du, aktoreak eta ikusleak era berean nahastuz; jokoan sartuz.

                Aktoreen papera bikaina bada ere, umore intelektualak hartzen du paper garrantzitsuena. Batez ere, klase sozialen arteko betiko jokoak ematen dio komediari izaera, hau da: goi mailako klase burgesaren arte kontzeptual absurdu eta ulertezina, eta behe mailako kirola eta krisi familiarrak tartekatzen dituen narrazioa.

                Filmea teoria zaharraren adibide bikaina baita: gidoi eta narrazio on baten emaitza zine ona izan behar. Juan Mayorgaren antzerki lan batetik ateratako istorioa zinemazaleen bihotza irabaziko du, seguru.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: François Ozon
Gidoia: François Ozon
Argazkia: Jérôme Alméras
Aktoreak: Fabrice Luchini, Kristin Scott Thomas, Emmanuelle Seigner, Denis Ménochet, Ernst Umhauer, Bastien Ughetto, Jean-François Balmer, Yolande Moreau
Iraupena: 105 m.
Herrialdea: Frantzia

Laugarren eguna | Astelehena


2012ko irailaren 24a, astelehena.

Astelehenak gogorrak izan ohi dira. Oso gogorrak. Are gehiago, tenperatura aurreko egunetan baino hotzagoa denean. Laurent Canteten Foxfire filmak kafe kargatuen efektu pizgarria izan du batzuengan, harrera hotzagoa beste batzuengan. 1953an gertatzen den, New York estatuko sei neska gazteren istorioa da Joyce Carol Oats-en Puro Fuego eleberrian oinarritutako pelikula. Cantetek, 1999an Zuzendari Berriak saileko saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian Ressources humaines lanarekin. Beranduago, lan berarekin, Cesar sari bat irabazi zuen. 

Atzo ikusi ezin izan zutenek, gaur Truebaren azkeneko lana (El artista y la modelo) ikusteko aukera izan dute eta gaur ere harrera ezin hobea izan du zuzendari espainiarraren filmak.
Jateko batzuk hainbat modutan prestatu daitezke. Amaren eta amamaren lapikokoak, antzekoak izan arren, ez dira berdinak izaten. Zazpi chefek prestatu dute Zabaltegi saileko eguneko menua. La Habana hiria da zazpi zuzendariek euren platerak sortzeko erabili duten osagai nagusia. 

Benicio del Torok El Yuma izeneko bere film laburrean aktore amerikar gazte baten Habanako ibilerak kontatuko ditu. Pablo Traperoren Jam session piezak ordea, Emir Kusturikak Habanako Zine Jaialdira egindako bidaia bitxia du ardatz. Zuzendari serbiarraren mozkorraldi xelebrea, sari bat eta musika herrikoia konbinatzen ditu lanak. Elia Suleimanen Diary of a Beginner flima ere nahiko bitxia da. Plano estatiko batzuekin ikuslearengan irribarrea piztea lortzen du. Julio Medemen La tentación de Cecilia, aurrekoak baino istorio tristeagoa da, maitasun istorio garratz bat. Gaspar Noéren Ritual lana beste piezak baino eskasagoa iruditu zait. Juan Carlos Tabíoren Dulce Amargok aurreko lanaren garraztasuna apur bat gozatzea lortu badu ere, ez da lehenengo piezen maila berean egon.

Collagea osatzen duen azkeneko pieza Laurent Cantenten La Fuente istorio bitxia da. Auzoko batek, auzokide guztiak batzen ditu bere etxea egun batetik bestera konpontzeko asmoarekin, Ama Birjinaren omenezko festa bat antolatzeko asmoa baitu. Habanako gizartearen argazki humanoena egiten du zuzendari frantziarrak.

Menu gozoa prestatu dute, nahiz eta plater batzuk bukatzea lortu ez dugun.Sail Ofizialeko beste pieza bat Segio Castelittoren Venuto al mondo lana izan da. Dramatik gertuago behar lukeen istorioak, negar eta etsipena baino, barre algara handiak eragin ditu aretoan, nahiz eta (oker ez banago behintzat) zuzendariaren asmoa hori ez izan. Istorio eskas eta sinesgaitza, interpretazio ez oso sinesgarriak eta seriotik gutxi duten ikono eta erreferentziak nonahi.

Bihar gehiago. 

Iruzkina: Joven & Alocada (Marialy Rivas, 2012)



Ebanjelistei guda sexuala deklaratu die Marialy Rivasek Joven & Alocada filmean. Jaungoikotxuak argitutako bidean oztopoak aurkituko dituen 17 urteko Daniela da protagonista. Neska gazte eta errebeldea familia ultraebanjelistan hazi da, sexuari bizkarra emateko aginduko diotenak. Baina zakilen mundua garrantzitsuegia omen da Daniela nerabearentzat, tentagarriegia.

                Marialy Rivasek Gidoi Internazional onenaren saria jaso du Sundanceko festibalean bere lehen pelikula honekin. Errebeldia hutsarekin sinatzen du txiletarrak freskotasunez beteriko film hau. Blogeroen munduan murgiltzen den istorioa da, hain zuzen ere, http://jovenyalocada.blogspot.com  blogean.

                Atentzioa ematen du pelikularen muntaia, modan dagoen indietronica musikaren antzekoa. Oinarrizko koloreez baliatzen da sekuentzia batzuetan: horia, arrosa eta berde lauez, adibidez; tartean indie-pop eta sintetizadorez egindako musika erabiliz. Apustu arriskutsua dirudien arren, originaltasunez burutu dute komediaren muntaia.

                Erlijiodunentzat iraingarria izango den arren, film indieak eta berritzaileak bilatzen dituztenentzat gomendagarria oso titiz eta orgasmoz beteriko ikus-entzunezko pieza da; Jaungoikotxuak zakilak maite omen dituelako.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Marialy Rivas
Gidoia: Marialy Rivas, Camila Gutiérrez, Pedro Peirano, Sebastián Sepúlveda
Argazkia: Sergio Armstrong
Aktoreak: Alicia Rodríguez, María Gracia Omegna, Felipe Pinto, Aline Kuppenheim, Ingrid Isensee, Alejandro Goic
Iraupena: 92 m.
Herrialdea: TXILE

2012/09/23

Iruzkina: Argo (Ben Affleck, 2012)



Hollywoodeko thriller komertzialaren pautak jarraituta Sam osabatxoaren propagandaren antza duen filme landua da Ben Affleck-en Argo. Ohituta egongo da ikuslea Ben Affleck jauna Hollywoodeko akziozko produkzioetan ikusten; baten bat nekatuta ere. Baina oker egongo da oraingo honetan, estatubatuarrak ikus-entzunezko pieza azkarra burutu baituelako, zentzu guztietan.

Egiazko gertaera batean oinarrituta, Irango Iraultza bete-betean harrapatzen du thrillerak, Sha jadanik AEBren babesa lortu duelarik, iparamerikako enbaxadako 6 lagun herrialdean ihes ezinean egongo dira. Egoera ikusita, noski, AEBko zerbitzu sekretukoak heroiaren papera bete beharko dute 6 lagunei babesa eta askatasuna bermatzeko. Baina erreskatea burutu dadin, Hollywoodera jo beharko dute, zinemagileen mundura.

Affleckek aktore gisa ere AEBko zerbitzu sekretuen pertsonifikazioa lantzen duen bitartean, Alan Arkinek eta John Goodmanek Hollywoodeko zinemagile handien komedia burutzen dute. Izan ere, une komiko asko aurkituko ditu ikusleak nazioarteko harremanak kolokan jartzen diren bitartean. Eta Hollywoodeko produkzioen funtzionamenduaren berri direnek barrezka lehertuko dira sekuentziaren batean.

Ben Afflecken ibilbideari erreparatuz gero, esperientziaren aztarnak aurkitzen ditugu, asko hobetu baita zuzendariaren lana Adiós pequeña, adiós (2007) edota The Town. Ciudad de Ladrones (2010) pelikulak egin zituenetik. Hala ere, ez du thrilerraren ikuspuntutik Adiós pequeña, adiós filmearen argitasuna lortu. Istorioa errazagoa da, baliteke egiazko gertaera estatubatuarra izanagatik. Casey Afflek eta Morgan Freemanekin bere lehenengo filmean egin ez zuen moduan, irakaspen moralak alde batera uztea erabaki du honako honetan.

Zuzendariaren hitzetan, ordea, pelikulak zentzu diplomatikoa ere izan ahal du, nahiz eta “apostu arriskutsua“ izan daiteke nazioarteko politiketan sartzea. Gainera, aitortu duen moduan, “pertsonen arteko errespetua eta elkarbizitza hobetzeko artea ezinhobea da”.

Filmeak ez du saririk lortuko Donostiako Zinemaldian, lehiaketatik kanpo aurkeztu dutelako. Baina propaganda hutsa izateaz leporatzen dioten kritikak alde batera utzita, thrillerraren maitaleek gustura jasoko dute honako pelikula hau.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Ben Affleck
Gidoia: Chris Terrio
Argazkia: Rodrigo Prieto
Aktoreak: Ben Affleck, John Goodman, Alan Arkin, Bryan Cranston
Iraupena: 120 m.
Herrialdea: AEB

Hirugarren eguna | Zeru hodeitsua

2012ko irailaren 23a, igandea.


Françoise Ozonen azkeneko lanean agertzen den artelana bezala esnatu da gaur Donostiako zerua: hodeitsu. Lizeoko ikasle bat da Dans la Maison (Etxean) filmeko protagonista. Germain frantseseko irakasleak animatuta, Claude, azkeneko lerroan esertzen den ikaslea, bi familien istorioa idazten hasiko da, bere ikaskide batena eta irakaslearena. Apurka-apurka errealitatea eta fikzioa nahastu egingo dira eta ezinezkoa izango da bata eta bestearen arteko muga non dagoen asmatzea. Juan Mayorgaren El chico de la última fila antzezlanaren egokitzapen zaindua da Sail Ofizialaren barruan estreinatu den Ozonen film luzea.
Zine komertzialak ere badu bere tokia Donostian. Oliver Stoneren Savages (Basatiak) filma da horren adibide. Don Winslowen eleberriaren egokitzapena da filma. Californiako bi marihuana kultibatzaileren eta narkotrafikatzaile-kartel gupidagabe baten arteko liskarra da Hollywood-eko produkzio honen ardatza. Eskuartean hiru Oscar sari dituen zuzendariaren azkeneko produkzioa, irailaren 28an zinema aretoetan estreinatu baino lehenago Zabaltegi sailean aurkeztu dute. Donostian dira egunotan Oliver Stone eta John Travolta. Biek ala biek sari bana jaso berri dute Kursaaleko areto nagusian egin den gala berezian. Lehenengo saria John Travolta aktore ezagunarentzat izan da eta bere kide Benicio del Torok eman dio. Bigarren saria Oliver Stone zuzendariak jaso du.
Maja Milosen Klip film polemikoa ere eman dute gaur Zinemaldian. Pelikula nahiko ausarta da zuzendari serbiarraren azken proposamena. Rotterdamgo Tiger Award sari bat irabazi zuen. Serbiako gerraostean bizitza gogorra daraman nerabe baten istorioa kontatzen du. Mugikorrarekin grabatutako zatiak tartekatzen dira ohiko metrajean found footage teknika erabiliz, hortik pelikularen izena. Mezu inpliziturik gabeko sekuentzia esplizitu gehiegi. Zapore gazi-gozoa utzi duen beste film bat Antonio Méndez Esparzaren Aquí y allá filma izan da. Mexikoko egoera gogorraren ispilua izan nahi du filmak, baina aukeran mantsoegia da Latinoamerikatako zinea ikustera ohituta ez dagoenarentzat. Emanaldi guztien amaieran ohikoak diren txalo zaparradarik ez bi lan hauentzat.
Zinemaldian sail ugari badaude ere, Sail Ofizialeko filmek sortzen dute ikusmira gehien. Fernando Truebaren El artista y la modelo pelikularen akreditatuentzako proiekzioan besaulki bat bera ere ez da geratu hutsik. Zuri beltzeko lan pertsonal hau artearen eta bizitzaren inguruko gogoeta pertsonal eta interesgarria da. Plano luze eta erritmo motela izanagatik ere, ikuslea begiak zabalik izatea lortzen du filmak
.
Michel Gaztanbide gidoigilearentzat egun garrantzitsua izan da gaurkoa Zinemira saria jaso baitu Sail Ofizialeko epaimahaikideak.
Bero sargoria eta euri zantzo batzuk gora behera, ez du euririk egin. Zinearen magia ote?
Ander Barinaga-Rementeria

2012/09/22

Iruzkina: Beasts of the Southern Wild (Benh Zeitlin, 2012)


Suntsipenaren eta bizikidetzaren ikuspegi inozo eta zintzoa. Horrelakoa baita Benh Zeitlinen Beasts of the Southern Wild filmeko Hushpuppy protagonista eta narratzailea. Wink herrixkan bizi da sei urteko neskatxa, negarrik egin ezin den munduko azken puntan. Edo hala agintzen dio gutxienez bere aitak, gogor eta sendo eutsi behar diola hainbeste maite dituen bizitza eta bere lurrei.

                Benh Zeitlinek modu berri eta bitxi batez aurkezten digu apokalipsi klimatikoa jasango duen lurra. Galera eta Hushpuppy gaztea eskutik helduta doaz narrazio osoan, esan bezala, zintzo eta sendo helduta. Antza denez, galerak izoztutako hilobietatik ekarriko ditu antzinako animali handi eta arriskutsuak. Bitartean, Wink herrixkakoek dike handi eta lehorraren beste aldera ez dute joan nahi, kanpamentu zikinetan sartuko dituztelakoaren beldur.

                Canneseko Urrezko Kamera eta Sundanceko epaimahaiaren sari nagusia lortu dituen filme honek narrazio estrategia fantastikoak tartekatzen ditu apokalipsi klimatikoa aurrera doan heinean. Baina Hushpuppy (Quvenzhané Wallis) ez da ezerren beldur, edozer egingo du aita ez galtzeko, bai eta aspaldi desagertu zen ama zoragarria ere.

                Benh Zeitlinen lehenengo filme honek ikusleak txundituta utziko ditu, eta are gehiago aretotik irten eta pelikulari buruz pentsatu ostean. Hasierako zapore goxoa areagotzen doa pelikula behin eta berriro dastatuz gero.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Benh Zeitlin
Gidoia: Lucy Alibar, Benh Zeitlin
Argazkia: Ben Richardson
Antzezleak: Quvenzhané Wallis, Dwight Henry, Levy Easterly, Lowell Landes, Pamela Harper, Gina Montana
Iraupena: 92 m.
Herrialdea: AEB

Iruzkina: Arbitrage (Nicholas Jarecki, 2012)



Nicholas Jarecki zuzendari gaztearen lehenengo fikziozko film luzea da Sail Ofiziala ireki duen ‘Arbitrage’ (Iruzurra).
Robert Miller izeneko enpresari batek 400 milioiko zorra duela argitu baino lehen enpresa fusionatzeko egiten dituen ahaleginak ditu ardatz lanak. Filmean, boteretsuen joan etorriak, hauek familiekin duten harremana, anbizioa eta beste hainbat barne zein kanpo gatazka planteatzen dira. Gai mamitsuak izan arren, argumentua asmatzeko erraza da orokorrean eta nahiz eta muntaia eta soinu bandaren bidez tentsioa mantentzen saiatu, emaitzak ez dira beti horren agerikoak. 

Richard Gere eta Susan Sarandon dira aktore protagonistak. Atzo behintzat, eurak izan ziren kazetari eta autografo ehiztariengan gose gehien piztu zutenak. Bi aktoreak, 2004an ere bikote izan ziren Peter Chelsom-en Shall we dance? filman. Kazetari batek baino gehiagok Richard Gere-ri Oscarragatik galdetu bazion ere, Tim Roth-ek Kodak Theater-erako bide errazagoa duelakoan nago. Nabari da aktoreak inspektorearen pertsonaia prestatzerako orduan xehetasun guztiak ondo aztertu eta landuta zituela. Gererekin planoa partekatzen zuen bakoitzean, txiki utzi du “handia” beharko lukeena. 

Batek baino gehiagok jarri dio “igande arratsaldean telebistan ikusteko moduko” pelikularen etiketa. Eta bai, entretenigarria izanagatik ere, enpresa gizon aberatsen inguruko beste film bat baino ez da. Topikoek neketsu egiten duten lan bat. 

Zuzendaria: Nicholas Jarecki
Gidoia: Nicholas Jarecki
Argazkia: Yorick Le Saux
Aktoreak: Richard Gere, Susan Sarandon, Tim Roth, Laetitia Casta, Brit Marling
Iraupena: 106 m.
Herrialdea: AEB

http://youtu.be/waORywYAG7Q

Testua: Ander Barinaga-Rementeria

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money