2012/02/28

Ostegunean hasiko da Laburbira zirkuituaren bederatzigarren edizioa

Topaguneak abian jarritako Laburbira zirkuituaren bederatzigarren edizioak zortzi laburmetrai eramango ditu herriz-herri eta guztira 30 emanaldi eskainiko ditu martxoaren 1etik apirilaren 3ra bitartean Euskal Herrian zein atzerrian. Emanaldien ondoren, ikusleek ikus-entzunezkoen egileekin solasteko aukera  izango dute.
Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko asmoarekin antolatzen du zirkuitu hau tokian tokiko euskara elkarteekin lankidetzan.
Gotzon Elorzak 1961ean zuzendutako Aberria dokumentala, Xoxe Diazen Instalación filma (galegoz euskarazko azpidatziekin), Joseba Uberuagaren Izena duena, Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Maialen Sarasuaren Hemen nago, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Oermanent taldearen Kantuka bideoklipa dira ikusi ahal izango diren lanak.
Programazio anitza osatu nahi izan dutela adierazi dute Topaguneko kideek. Emanaldiak non izango diren eta bestelako informazioa kontsultatu daiteke elkartearen webgunean: http://www.topagunea.org/

2012/02/27

And the Oscar goes to... 'The Artist'

Martin Scorseseren Hugo ondo hasi bazen ere, The Artist izan da Oscar sarien 84. edizioko irabazle nagusia. Michel Hazanavicius-en filmak irabazi zituen galako sari garrantzitsuenak film onenaren, zuzendari onenaren eta gizonezko aktore protagonista onenaren saria barne (Jean Dujardin). Scorseseren filmak beste bost Oscar irabazi zituen, baina sari guztiak alor teknikokoak izan ziren (Argazki onena, soinu onena, Soinu Efekturiko onenak, Ikus-entzunezko efekturik onenak eta zuzendaritza artistikorik onena).
Alberto Iglesias donostiarra esku hutsik itzuli da etxera Jatorrizko Soinu Bandarik onena The Artist-ena izan dela iritzi baitute akademikoek (Ludovic Bource).
Meryl Streep izan da gaueko izar disdiratsuenetariko bat hirugarren oscarra irabazi baitu The Iron Lady filmean Margaret Thatcher hezurmamitzeagatik. Makillaje onenaren saria ere film honek irabazi du. Christopher Plummer-ek errepartoko gizonezko aktore onenaren saria jaso du Beginners filman egindako lanagatik. Oscar bat jasotzen duen pertsonarik zaharrena izan da 82 urterekin. Errepartoko emakumezko aktore onenaren saria berriz Octavia Spencer-ek irabazi du The Help lanagatik.
Woody Allen-ek laugarren Oscar-a irabazi zuen Midnight in Paris filmeko gidoiagatik, ez zen jasotzera joan eta ez zuen inor bidali bere ordez.
Gore Verbinskiren Rango-k irabazi zuen animaziozko film onenaren saria.

ELKARRIZKETA: Maitena Salinas: “Dokumental hau, beste askoren lehen urratsa izatea espero dut”


Maitena Salinas Beiztegi (Beasain, 1980) komunikatzailea, Pilates-eko entrenatzailea, zine-zuzendaria, aktorea... eta ororen gainetik emakumea. Oraingoan zinema zuzendari lanetan bigarren filma amaitu eta otsailaren 29an ‘GEA’ dokumentala aurkeztuko du Ordiziako Barrena jauregian.
Nola sortu zen ‘GEA’ grabatzeko ideia?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen eta duela gutxi Giza Eskubideetan espezializatu nintzen. Gauza biak uztartu eta dokumentalen munduan sartzera animatu naiz. Tresna horiek erabilita jendeari pentsaraztea da dokumentalaren helburuetako bat.
Zer dela eta aukeratu duzue izenburu hori?
Dokumentala elebiduna denez bi esanahi ezberdin zituen titulu bat pentsatzen hasi nintzen. Alde batetik, Gea-k goierriko euskalkian gara esan nahi du. Emakumeak ikustarazteko balio duela uste dut, hemen gaudela adierazi ozen eta inongo beldur eta lotsarik gabe. Beste alde batetik Gea, ama lurra irudikatzen duen jainkosaren izena ere bada. Emakumeen barne boterea berreskuratzeko aldarrikapena egin nahi genuen bigarren adiera horrekin zenbait erlijiok emakumea etsai bihurtu eta alde batera utzi baitzuten.
Goierriko emakumeek gizartearekin duten harremana hartu duzu dokumentalaren ardatz moduan...
Bai, baina ez dut nahi sententzi modura ulertzea nahi gure artean ere desberdintasun ugari baitaude. Askatasunez bizi ezin den harreman bat da. Hainbat adibide daude: alargunek, legeak direla eta ez dituzte euren eskubideak lortzen eta emakumeen eta gizonen soldatak ez dira berdinak nahiz eta betebehar berberak eduki. Biolentzia matxista ere hor dago, eta tamalez ohitzen hasiak garela ematen du... Amatasunaren, sexu-heziketaren inguruan presio sozial ugari daude, besteak beste.
Azken finean, emakumea beti dago besteentzat eta oso gutxitan bere buruarentzat. Adibide asko jarri daitezke honen inguruan. Bada garaia guzti honekin amaitu eta bidea egiten jarraitzeko. Gauza asko lortu dira, baina oraindik asko dago egiteko eta ezin dugu hori ahaztu. 
Beasaindarra zara jaiotzez, baina badira urte batzuk ez zarela bertan bizi...
Beasainen jaio eta bizitakoa naiz. Goierriko emakumeen elkarteetara urbildu naizen lehenengo aldia izan da baina. Batzuetan kanpora joan behar duzu zure herrian zer dagoen ikusteko. Emakume zoragarri eta eskuzabalak ezagutu ditut. Euren denbora eta bihotza beste emakume askok bizitza hobeago bat izan dezaten eskaintzen dute. Horrelako pertsonak beharrezkoak dira mundu honetan, haiai esker gizarteak hobera egiteko aukera baitu.
Zenbat denbora igaro duzue proiektu honetan lanean?
2010eko udaberrian egin genituen lehenengo bilerak. Bertan, Farapi (Antropologian adituek osatzen duten enpresa), Kimetz, Asmube eta Sorgiñemak emakume elkarteen ordezkariek eta nik parte hartu genuen. Emakume elkarteen garrantzia zabaltzeko zerbait desberdina eta eraginkorragoa egin nahi zuten. Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso ondoren grabaketari ekin genion Estiko ekoiztetxearekin. 2011ko urtarrilean bukatu genituen grabaketak eta hilabeteetako edizio lanaren ondoren, orain aspaldian hasitako proiektu honek azkenean argia ikusiko du!
Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia zearo aberasgarria izan da, bai profesionalki eta bai pertsonalki. Emakume bezala hazteko balio izan dit. Emakume elkarteen garrantzia gertutik bizitzeko aukera eman dit.
Baina ez da lehenengo esperientzia izan zuzendari lanetan...
Ez, aurretik Gipuzkoako etorkinen normaltasunaren inguruan SOS Arrazakeria elkartearentzat egindako dokumental bat zuzendu nuen: ‘Pangea’.
Zer ikusiko dute otsailaren 29an Ordiziako Barrena Jauregira hurbiltzen direnek?
Zazpi emakume protagonista daude: baserritar bat, etorkin bat, Kimetz, Asmube eta Sorginemak elkarteetako ordezkariak, gizarte langile bat eta antropologa bat. 30 eta 65 urte bitarteko emakumeek gai askoren inguruan hitz egingo dute beraien esperientzia pertsonaletik abiatuta. 35 minutuan lana, amatasuna, emigrazioa, komunikabideak, elkarteratzea, sentimenduak, elkartasuna... Errealitatea bere osotasunean azaltzeko ahots gehiago falta badira ere, zati bat azaltzeko aukeraketa ederra egin dugula uste dut. Gainera, dokumental hau, beste askoren lehen urratsa izatea espero dut.
Goenkaleren azken denboraldian Mireia Miranda modelo eta diseinatzaile aberatsaren pertsonaia antzezten duzu. Nola uste duzu ikusiko lukeela feminismoa Mireiak?
Galdera bikaina! Iruditzen zait Mireia ere feminista izan daitekeela zentzu batzuetan, beti defendatzen du bere askatasuna eta autonomia, bere ama izaera ere ez da batere ohikoa, ez ditu bere izaeraren beste arloak alde batera uzten horretan bakarrik zentratzeko. Nik uste dut adinak agian gauzak beste era batera aztertzera eraman duela, ziur aski gaztetan ez zen horrelakoa. Modelo munduak patriarkatuaren gauza asko azal ditzake bere alde erradikalenean, argalegi egon beharraren obligazioa, emakumeen fisikoari lotutako obsesioa, beti zoragarri egon beharraren itxura, gizonentzat objektu eder bat izan beharraren tirania… eurei eskatzen ez zaiena, ez gradu berdinean, behintzat, eta hori komunikabideetan ere garbi ikusi daiteke. Nik uste dut guzti horrek zer pentsatua emango ziola bizitzak aurrera egin ahala, baina bere irudian oraindik oso estankatuta dago, ez da batere askea, eta hori ere, landu beharko luke nire ustez.
Eta nola ikusten duzu feminismoa zuk?
Niretzat feminismoa askatasun bide bat da, zure burua errespetatu eta errespetaraztea eramaten zaituena. Emakumeen eskubideak eta betebeharrak defendatzen ditu, menpekotasuna alde batera utziz. Ez da matxismoaren kontrakoa, hembrismoa litzatekeena, ze horrek emakumea gizonaren gainetik egon beharko lukeela adierazten du, beraz, gizonak ere feminista izan daitezke! Nik uste dut desberdintasuna oso aberasgarria dela, emakume guztiak ez gara berdinak, ezta gizonak ere, polita litzateke denak besteengandik ikasteko eta hazteko aukera izatea, baina gaur egun erabat lortuta ez egon arren, berdintasunetik abiatuta. Ziur horrek gizarte osasuntsuago bat edukitzera eramango gaituela.
 
Testua: Ander Barinaga-Rementeria

2012/02/25

Intereconomía kateko 'Punto Pelota' saioko kazetariak ezin izango dira Camp Nou-ra sartu

Camp Nou futbol zelaia (cc) TheFutureIsUnwritten
Intereconomía telebista kate espainiarreko Punto Pelota saioko kazetariak ezin izango dira Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Camp Nou futbol zelaira sartu taldeak hala erabakita. Bartzelona futbol taldeak erabaki du momentuz ezin izango direla sartu kazetarien 'kode deontologikoa urratzen dutelako' eta 'bere instituzioaren irudia zauritzen dutelako'. Hospitaleteko presidente Miguel Garcíak Bartzelonako hainbat zuzendariri Pep Guardiola entrenatzaileak jarraituko duen ala ez galdetzea lortu zuen saioko kazetari batek. Barçak komunikatu batean Punto Pelota saioaren jokaera hau Catalunyako Kazetarien Elkartean salatu duela adierazi du. Intereconomía taldeak akreditazioak berreskuratu nahi izanez gero, barkamen publikoa eta ekintza hauek gehiago ez errepikatzeko konpromisoa idatziz hartu beharko duela adierazi du klubak.
Telebista kateak bestalde, Bertzelona Futbol Taldeak Espainiar konstituzioko oinarrizko eskubidea, hots, adierazpen askatasunarena urratzen duela esan du.

2012/02/14

'Mi último round' filmak irabazi du aurtengo Zinegoak jaialdia

Julio Jorquera txiletarraren Mi último round filmak irbazi du Bilboko Zinegoak Gay-Lesbo-Trans bederatzigarren Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdikofikziozko film luzeen atalean. Txile hegoaldeko boxeolari eta sukaldari gazte baten amodio istorioa da film honen ardatza. Epaimahaiak lanaren nortasun eta estilo propioa saritu nahi izan ditu. Publikoaren saria berriz, Mitzuyo Miyatzaki zuzendariaren Tsuyako film laburrak irabazi du. Dokumentalik onenaren saria Lucía Egaña Rojas kataluniarraren Mi sexualidad es una creación artístika lanarentzat izan da.

2012/02/09

Saio berri bat grabatuko da Miramoneko estudioetan: 'Ai ama!'


 Astelehenean, otsailak 13, hasiko da K2000 ekoiztetxeak ETBrekin lankidetzan eginiko Ai ama! saioa etb1-en. Astelehenetik ostegunera iluntzeko 21:00etan Iban Garatek gonbidatu bat elkarrizketatuko du, horretarako Mikel Pagadi, Itziar Atienza eta Xabi San Sebastian lagun dituelarik. Ostiraletan, asteko unerik onenekin laburpenak emango dituzte.
Aurretik, Azpimarra saioa ematen zuten ordu horretan.
Astelehenean Julian Iantzi aurkezlea izango da gonbidatua, asteartean Gorka Otxoa aktorea, asteazkenean berriz Koikili Lertxundi Athletic-eko jokalaria eta ostegunean Xabier Euskitze kazetari eta komunikatzailea.

Martxan da Gaztearen XXI. maketa lehiaketa

Gaztea Maketa Lehiaketa arrakastatsuak 21. edizioa martxan jarri berri du. Diskoetxeekin kontraturik ez duten Euskal Herriko talde zein bakarlariek parte hartu ahal izango dute martxoaren 7ra bitartean.

6.000 euro (3.000 dirutan eta 3.000 musika-tresnatan eta ekipamendutan), bideoklip baten grabazioa eta 2012ko Bilbao BBK Live saioan jotzeko aukera daude jokoan Epaimahaiaren Sarirako eta, Entzuleen Saria, berriz, 2.000 eurokoa izango da. Epaimahaia Aiora Renteria, Zea Mays taldeko kantariak, Fermin Etxegoien kazetari, idazle eta musika-adituak, eta Pablo Cabeza musika kazetari entzutetsuak osatuko dute. Martxoaren 13an emango dituzte finalisten izanak eta martxoaren 26a bitartean entzuleek euren botoa eman ahal izango dute. Egun horretako 'B Aldea' saioan emango dute Entzuleen sariaren irabazlearen izena eta bigarren sailkatuena. Epaimahaiak aukeratutako beste hiru talde edo bakarlari finalisten izenak ere jakinarazioko dituzte eta finala martxoaren 29an ospatuko da.

Nola bidali maketak
Talde edo bakarlari bakoitzak 3 kantu bidali beharko ditu. Horretarako, Youtubera igo beharko da kantu bakoitza (aurretik Youtubera igota dauzkazuen bideoen URLak ere bidal daitezke, ez dago berriz igo behar). Youtubeko URLa gorde, eta Gaztea atarian (http://www.eitb.com/eu/gaztea/maketa-lehiaketa/) jarritako formularioa bete beharko da datu guztiekin (taldearen/artistaren izena, kantuaren izena, herria, ordezkari baten izen-abizenak eta telefonoa) Igotzen den kantu bakoitzeko bete beharko da formulario hori.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money