2012/01/09

'El conquistador' saioaren lehenengo atalak hirukoiztu egin du ia etb 2ren audientzia

'El conquistador del fin del Mundo' ETB 2ko reallity arrakastatsuaren zortzigarren denboraldiaren lehenengo atalak %24,9ko audientzia zatia eskuratu zuen atzo. Lehiaketak azkenengo edizioetan izandako hasierarik onena izan du. 244.000 ikus-entzulek ikusi zuten saioa bataz beste Hego Euskal Herrian. Andoni izan da aurten etxera joan den lehenengo lehiakidea eta bere asanbladako lekukotzaren unea izan zen saioko unerik ikusiena edo urrezko minutua gaueko 23:45etan %33,8ko share-arekin.

Interneten ere www.eitb.com atariaren 'El Conquis'eko webguneak 23.000 bisita izan zituen atzo. Aipagarria da gainera, twitter-eko trending topic, hots uneko gai komentatuenetakoa izan zela #conquis etiketa. ETB 2ren audientzia datu eskasak hobetzea lortuko du aurtengo edizioak?

2012/01/08

Gaur gauean hasiko da 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren zortzigarren edizioa

ETB 2 kateko saio arrakastatsu honen zortzigarren edizioak berrikuntza ugari izango ditu aurten. Garrantzitsuena agian, lehenengoz Patagonia beharrean Argentinako ur-jauzietan egingo dela saioa izango da. Lehiakideek baina ez dute jakingo nora doazen bertara iritsi arte. 

24 lehiakide izango dira guztira, 12 emakumezko eta 12 gizonezko: 

- Nekane Arroyo, 25 urte ,Galdakao. Ikasle eta azafata
- Elisabeth Díaz "Eli", 26 urte, Iruñea. Dendaria.
- Cristina Elarre, 26 urte, Iruñea. Farmazia bateko langilea.
- Sarai Gustrán, 21 urte, El Regato, Barakaldo. Zerbitzaria
- Alicia Hita "Ali", 31 urte, Gasteizen bizi da. Segurtasun pribatua.
- Isabel Landa, 25 urte, Donostia. Enpresaria
- Nagore Narváez "La Gran Danesa", 34 urte,  Arrasate. Irakaslea.
- Larraitz Osés, 31 urte, Iruñea. Suhiltzailea eta igeriketa irakaslea.
- Silvia Urquía, 29 urte, Getxo. Moda diseintatzailea.
- Lourdes Gómez de Segura, 46 urte, Gasteiz. Monitorea.
- Verónica González "Vero", 23 urte, Lasarte-Oria. Monitorea.
- Virginia Chamorro "Vir", 33 urte, Astegieta. Garbitzailea.
- Ibon Urrutia, 19 urte, Bilbo. Ikaslea. 
-Javier Adell "Lobo", 34 urte, Magallón (Zaragoza). Nekazaria.
- Patxi Aizpún, 48 urte, Gasteiz. Ertzaina.
- Omar Aizpuru, 20 urte, Azpeitia. Banatzailea.
- José Antonio Arriada "Zikito", 36 urte,  Arizkun. Denetarik egiten du.
- Andoni González, 22 urte, Romo (Getxo). Ez du ezer egiten.
- Bárbaro Oreste Iglesias, 34 urte, Gasteizen bizi den kubatarra. Iturgina.
- Manu Lasarte, 32 urte,  Orio. Arraunlaria.
- Xabier Migueliz, 22 urte, Donostia. Zarautzeko udaltzaina.
- Lander Sáez de Cortazar "Txintxe", 27 urte, Gasteiz. Basozaina.
- David Seco, 38 urte, Busturia. Txirrindularia
- Yerai Gonzalez Sojo, 31 urte. Irun. Galdaragilea.

Piedra Parada deituriko parke naturalean hasiko da abentura lehiakideentzat.
Leku aldaketaz gainera,  ustekabe gehiago izango dira edizio honetan. Lehiakideek ez dakite talde bakarra osatuko duten, edo bi edo hiru taldetan banatuko  dituzten.  Jose Luis Korta, izan ezik, beste kapitainak zeintzuk izango diren ere ez dakite oraindik.

Aurten bizirauteko baldintzak ere aldatu egingo dira, gogorragoak eta zailagoak izango direla esan dute programako antolatzaileek. Adibidez saioaren lehenengo egunetan lehiakideek ez dute arropa teknikorik izango eta soinean jantzita  daramaten arroparekin ekingo diote abenturari.  Lehiaketan banatuko duten janari kantitatea ere asko murriztuko dutela esan dute eta probak aurreko edizioetan bezain zail eta interesgarriak izango omen dira.

Joxan Goñik eta Txema Montoyak zuzendu dute aurtengo edizioa eta Julian Iantzik aurkeztuko du aurrekoetan bezala. Hostoil ekoiztetxeak, Euskal Telebistarekin lankidetzan ekoitzi duen saioa da eta katearen bataz besteko audientzia mailak gainditzea lortzen du igande gauetan. 

2012/01/06

2011, ETBk ikusle gutxien izan duen urtea


ETB 1-ek %2,2ko ikusle-kuota izan du 2011an Bizkai, Gipuzko eta Araban. ETB 2-k aldiz, %8,14koa.
Bi kateek inoizko audientzia daturik txarrenak izan dituzte. Goenkale, Finlandia, Mihiluze eta kirol emanaldiak dira euskarazko katean gehien ikusten diren saioak. Horrek zerbait hobetu ditu kateraren bataz besteko datuak. Aipagarria da ETB 1-en azkenengo sei urteetan ikus-entzule gehien izan duen emanaldia Real Madril-Bartzelona Txapeldunen ligako final-erdietako partida izan zela %44,3ko kuotarekin.
ETB 2 katean berriz, La noche de..., El conquis eta Ni más ni menos magazinea dira ikusle gehien dituzten saioak. Vaya Semanita cambio radical saioari ondo etorri zaio aurpegi aldaketa eta oso datu txukunak izan dituzte lehenengo zortzi saioek. Hori dela eta zuzendaritzak Pausoka ekoiztetxeari kontratua berritu dio eta hilabete honetan bertan hasiko dira atal berriak emititzen. Lehenengo zortzi kapituluetan ikustako pertsonaiez gain (Goreti ileapaintzailea, Koro Echevarría, Benan, Mike, Nago...) Kontaidazu familia zein beste pertsonaia batzuk ere ikusi ahal izango ditugu atal berrietan. 
Arratsaldero, Anitzele eta Plató 2.0 saioak kendu dituzte eta Ai ama! izeneko ordu erdiko elkarrizketa saio bat aurkeztuko du Iban Garatek ETB 1eko prime timean. 
Hego Euskal Herrian Tele5 da gehien ikusten den telebista katea %17,4ko ikusle kuotarekin.

2011/12/29

Urte berriarekin batera 'Eguberri off' saioa estreinatuko du ETBk

Urtarrilaren 1etik aurrera gabonen inguruan ditugun galdera guztiak erantzuten saiatuko dira Nagore Aranburu eta konpainia. Zergatik hasten dugu urtea 12 mahats janda, zergatik ez ditugu jaten 12 madalena? Gabonak noiz hasten diren badakigu, baina noiz bukatzen dira?
Noiz arte atera daiteke etxera etorritako bisitei gabonetan sobratutako turroi biguna? Belengo estalpea Palestinan bazegoen, ze kristotarako jartzen dugu guk jaiotzan goroldioa? Ta jaiotzako figuratxoak txikiak badira, zergatik izaten da etxe gehienetan Jesusito hiru aldiz handiagoa?
Erderaz horrelako saioak arruntak badira ere gutxitan ikusi ditugu bakarrizketak euskaraz. Anartz Zuzazuaren zuzendaritzapean arituko dira Kontxu Odriozola, Mikel Pagadizabal, Iban Garate, Egoitz Lasa eta Itziar Urretabizkaia aktoreak. Beste hizkuntzetan funtzionatu duenak funtzionatuko ote du euskaraz?

2011/12/11

DONOSTIAKO ZINEMALDIAREN INGURUKO ZENBAKI BEREZIA

Kapuko Donostiako 59. zinemaldian izan zen eta hilabete batzuk beranduago zenbaki berezi bat prestatu dugu. Bertan hainbat elkarrizketa, eremu ikusezin eta erreportaje irakurri ahal izango dira. Baita zinemaldian aurkeztu ziren filmeen iruzkinak ere.



Zenbakia deskargatzeko egin klikatu hemen

Elkarrizketa: Ramon Agirre: "Ez utzi, ekin eta heldu adarretatik"


Testua: Irati Aguirre / Argazkiak: EiTB
Ramon Agirre (Donostia, 1954) euskal aktore, idazle eta margolaria da. Hainbat paper antzeztu ditu bere karrera emankorrean. 30 film baino gehiagotan parte hartu du. Antzerkian ere, beste horrenbeste antzezlanetan eta telebistan ere bere lanak egindakoa da. Euskal aktore osoaren titulua lortzeko, baina, Goenkale telesailean agertzea falta omen zitzaion, eta hemezortzigarren denboraldiko protagonistetako bat da. Aurtengo Donostiako Zinemaldiko Zinemira saileko epaimahaiburu izendatu dute. Hori izan da berarekin biltzeko baliatu dugun aitzakia.
Zein da Ramon Agirreren eguneroko plana zinema epaimahaiburu denetik?
Deitu, eta baietz esan nion. Baina eginkizun zerrenda pasa zigutenean, esan nuen: Uff! Hiru film besterik ez dira ikusi behar ditugunak, eta gero bat aukeratu behar dugu. Filmak ikusteko ere denboraz larri nabil, baina oso gustora.
Ikusi behar dituzun hiru film horiez gain, zein gehiago ikusiko dituzu?
Ez dut denbora askorik, baina momentuz pare bat ikusi ditut. Gaur, esate baterako, Berlinen aktore, film eta zuzendari onena izendatutako pelikula ikusi dut. Oso ona izan da. Iraniarra da. Ahalik eta pelikula gehien ikusiko ditut, baina batez ere hiru horiek, saria emateko. Kosta egiten zait niri ezezkoa esatea, eta deitu zidan pertsona oso sinpatikoa izan zen; eta nola ez, kargua onartu nuen.
Euskal McDoorman zara batzuentzat.
Euskal McDoorman… (kar, kar, kar) Orduan esan beharko dut berak esan zuen bezala, zinearen etorkizunerako potroak behar direla…
Nola ikusten duzu zinearen etorkizuna?
Hori galdera metaforikoa da. Nik uste dut, nire lagun batek esan zuen bezala, ez dagoela zertan kezkatu. Jendeak historiak ikusi, gorpuztutako historiak entzun nahi dituen bitartean bizirik egongo da zinea. Akaso formatua aldatuko da, non ikusi, etxean, mobilean… Baina historiak egingo dira, antzeztuko dira…
Aldaketa horretan, zinea beste gailuetara eramatearen aldekoa zara? Badaude purista batzuk uste dutenak filmeak aretotan ikusteko direla.
Akaso oso purista izango naiz, baina, filmak baldintzarik hoberenean ikustea gustatzen zait. Momentuz, uste dut baldintzarik onena dela aretoa, itxia, iluntasuna… Etxean nik oso zine gutxi ikusten dut, eta ordenagailuan zeresanik ez. Aretoak ematen dituen baldintzak eta iluntasuna pelikulaz gozatzeko onenak dira. Purismotasun kontua baina gehiago, erosotasun kontua da.
Eta euskarazko zinemaren etorkizuna?
Orain arte ez da apenas istoriarik izan, beraz, etorkizun oparoa du. Atzetik ez du asko, beraz, aurrera begira izango du. Nik uste, baietz. Gremio honetan, eskarmentu handiko jendea dago.Teknikari asko daude Madrilen, baita aktoreak ere; gainera, adin batekoak direnak. Errodaje oso baloratuak egiten dira Espainian. Txominista deitu didazu, baina uste dut batzuek esku ona dutela zinema egiteko. Diziplina hori euskaldunoi ez doakigu gaizki
Adibidez, izenen bat?
Adibidez, Asier Altunak poesia handia du.
Jendea oso gustura atera zen…
Ederra izango da seguru.
Euskarazko zinema kontsumitzen duen ikusleriarik ba al da?
Gauzak ondo egin behar ditugu. Elikadura pixka bat eman behar diogu euskal zinemari, eta ez bi urtean behin pelikula bat ikusi. Urtero bost film egitea ez da asko eskatzea. Industria pixka bat sortu behar da. Oraindik euskal zinemagintza oso gaztea da, eta goruntz egin behar du.
Zein aholku emango zenioke mundu horretan sartu nahi duen gazte bati?
Kalitatetik kantitatea ateratzen da. Nire aholkua da egin dezala. Nahi badu eta gustatzen bazaio, ez dezala alde batera utzi dirua ez duelako. Egin nahi badu, egin dezala edozerren gainetik. Ez utzi, ekin eta heldu adarretatik.
Potroak…
(Kar, kar, kar) Bai, potroak. Nahi baldin baduzu, aurkituko dituzu momentua eta taldea.

Elkarrizketa: Loreto Mauleon: “Bi anai ez da guztientzat egindako pelikula, baina ikusten saiatzea gomendatzen dut”

Loreto Mauleon, Donostiako aktore gaztea, ezagutu dugu Zinemaldiko 5. egunean. Imanol Rayok zuzendutako Bi anai filmean lan egin du; Bernardo Atxagaren eleberriaren irakurketa zinematografikoa da. Filmaren inguruko iritzia eman, eta aurretik egindako lanak aztertu ditu: hala nola, Goenkale telesailean eta La máquina de pintar nubes pelikulan egindakoak.
Testua: Julen Biguri / Argazkia: EiTB

Zein izan zen zure lehenengo esperientzia aktore lanetan?
Profesional moduan La máquina de pintar nubes pelikula izan zen lehena, baina lehendik ikastolan ere egiten nituen antzerkiak.  19 urte nituen, eta oso barneratuta dut esperientzia hori. Gero, poliki-poliki hasi nintzen lan ezberdinak egiten: Goenkale, adibidez. Eta orain Bi anai pelikulan lan egin berri dut.
Bi pelikuletan Bingen Elortzarekin lan egin zenuen. Pertsonaiek lotura berezia dute bi filmetan.
Bai, lotura oso berezia. Lehenengoan, La máquina de pintar nubes-en Bingen nire atzetik zebilen helduagoa nintzelako. Oraingoan, nahiz eta bion aldetik erlazioa egon, ni naiz bere atzetik dabilena.
Erraza al da binomio hori lanera egokitzea?
Oso aktore ona da. Oso gaztea da, baina burua bere lekuan dauka. Erraza da horrela lan egitea.
Eta Imanol Rayoren opera prima izan dela kontuan hartuta, nolakoa izan da esperientzia?
Erraztasun asko izan ditugu antzezteko orduan. Orain arte egindakoaren oso ezberdina zen bere proposamena, baina oso argi dauka zein den lortu nahi duena.
Gidoia irakurri aurretik irakurrita zeneukan Bernardo Atxagaren eleberria?
Bai, ikastolan irakurri genuen, baina ez nintzen asko gogoratzen. Horregatik berriro eman nion begiradatxo bat. Baina pelikulak eta liburuak ikuspuntu ezberdinak lantzen dituzte, betiere Atxagaren oniritziarekin. Filmak irakurketa dokumentalagoa bideratzen du. Mantsoa da, eta agian mundu guztiak ikusteko modukoa ez da, baina ikusten saiatzea gomendatzen dut.
Landutako pertsonai guztietatik zein da ilusio gehien egin dizuna?
Poz gehien eman zidana La máquina de pintar nubes-ena izan zen, lehena zelako eta dena berria zelako niretzat. Baina azkenean pertsonaia bakoitza estimatzen duzu. Joana (Goenkale) da pertsonaia famatuena, telebista askoz komertzialagoa baitelako. Hasiera batean arraroa egiten zitzaidan Joanaren papera antzeztea, baina azkenean ohitu egiten zara.
Zer dauka Joanak Loretorena, eta Loretok Joanarena?
Pertsona berdinak gara azkenean, beraz, antzekotasunak ikusi behar dira nahiz eta beste pertsonai bat izan. Hala ere, izaera ezberdina daukagu. Berarena gogorregia da, eta espero dut nirearen oso antzekoa ez izatea.
Nola prestatzen dituzu zuk pertsonaiak?
Noski, aktore bakoitzak bere moduak dauzka. Hala ere, nik ez daukat aktore moduko ikasketarik. Horregatik ez dut pertsonaia aztertzeko metodorik zehatzik. Gidoia irakurtzen dut, eta nire eta bere izaerak alderatuz, beste pertsonaiekin dituen erlazioak aztertuz eta nire senak esaten didanari kasu eginez sortzen dut pertsonaia. Gainera, antzezpen librea bideratzeko askatasuna ematen dute zuzendari askok.


Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money