Showing posts with label puyol. Show all posts
Showing posts with label puyol. Show all posts

2011/04/15

Pablo Puyoli elkarrizketa

Aurpegi anitzeko aktorea




Testua eta argazkia: Julen Hernandez


‘Crimen Perfecto’ antzezlana aurkeztera etorri dira oraingoan Elena Furiase, Jorge Sanz eta Pablo Puyol aktoreak. Donostiako Victoria Eugenia kanpoaldean pase grafikoa egin dute argazkilari eta telebista kamerek haien irudiak har zitzaten. Ondoren, antzokiko prentsa aretora jaitsi dira lanaren nondik norakoak azaltzeko. Aktore bakoitzak bere iritzia eman eta kazetarien galderen txanda etorri da. Kapuko Aldizkariak prentsaurrekoa amaitu arte itxaron du Pablo Puyol eta Elena Furiaserekin elkarrizketa pertsonalago bana izateko.


Nahiz eta 33 urte izan, Pablo Puyol gaztea kontsideratzen da oraindik. Unibertsitatean Biologia ikasketak egin ondoren Malagako Arte Dramatikoko Goi Eskolan sartu zen. ‘Grease’ musikala izan zen bere lehen lana. Geroztik leku askotan aritu  da; musikalak, serieak, laburmetraiak, musika CDak atera ditu… denetatik egin du gure elkarrizketatuak. Hona hemen Pablo Puyol.


Aktorea zara, dantzan ere abila, kantatzen ere ez zara atzean geratzen… Zu bezalako aktore bat zer egiten da, jaio edo egin?


Nik beti esan dut bi horien arteko nahasketa bat dela. Argi dago, kantatzeko eta dantzatzeko doaiak berezkoak direla, baina hori landu egin behar izaten da. Eta aktorea izateko, don batekin jaio behar da. Batez ere, gustatzen zaizun hori landu behar da. Arotza izateko adibidez, esku finekin jaio behar duzu. Baina geroz eta lan gehiago egin, eta geroz eta hobeto aterako zaizkio lanak.


Eta zuk asko entseatzen duzu?


Oso langilea naiz, nire kideek ere esaten dute. Entzun duzu prentsaurrekoan, obrako lehen entsegura testu guztia ikasia eramaten dudan bakarra naiz. Baliteke guzti hori nire lanagatik jada barneratuta izatea. Musikaletan askotan ibili naiz lanean, eta horietan erritmoa oso azkarra izaten da. Gainera, gehienetan New York, London eta beste hainbat lekutako zuzendari atzerritarrek agintzen dute eta beraien erritmoa oso bizia da. Testua azkar ikasi beharra dago bertan lan egin nahi bada.


Zu protagonista zinen serie arrakastatsuenetako bat Un Paso Adelante zen. Bertan pertsonaiek arte eszenikoetan arrakasta lortu nahi zuten. Zuk aurkitu duzu zure bidea?


Uste dut, inoiz ez naizela bidea bilatzen gelditu. Ez da bakoitzarentzat biderik existitzen. Zu pertsona bezala aldatzen zaren moduan, aldatzen zaizu bidea. Ni asko aldatu naiz, bide ugari jorratu ditut. Un Paso Adelante egin baina lehenago, bi musikal egin nituen, eta orain beste bi egin ditut. Antzerkian ere sartu naiz. Baliteke hemendik lau hilera berriro telebistan egotea, edo pelikularen bat grabatzea antzezlan hau egiten dudan bitartean.


Orain arteko lankideekin harremanetan jarraitzen duzu?


Batzuekin bai besteekin ez. Bada ondo konpontzen zaren jendea eta badira ikusi ere ezin dituzunak.


­Crimen Perfecto antzezlanean zabiltza Espainia osoan zehar. Nola sentitzen zara 2012ko ekainera arte  han eta hemen emanaldiak eskaintzen egongo zaretela entzutean?


“Es algo muy bestia”. Entseguekin hasi ginenean, 35 emanaldi salduta genituen Espainia osoan zehar Madrilen aritu baina lehen. Orain, beste 70 inguru daude salduta Madrilen bukatu ostean, abendutik 2012ko ekainera bitartean, eskaintzeko. Izugarrizko arrakasta da. Gainera joaten garen leku guztietako antzokiak betetzen dira. Hori aktore batentzat harro egoteko modukoa da.


Hainbeste lan edukitzeak denbora asko kentzen dizu?


Ez, ez. Gainera orain gauzak dauden bezala… hobe lan asko edukitzea. Opari bat bezala da, loteria. Lan honek duen beste gauza on bat da denbora libre dezente izaten dugula. Espainiako jira egingo dugun bitartean, astean hiru egun egiten dugu lan gehienez. Madrilen gaudenean desberdina izango da. Astean bost edo sei egunetan egingo dugu lan. Horrek beste hainbat lan motekin lan egiteko aukera ematen du, bai zinea eta bai telebista.


Nola  daramazu fama?


Batzuetan ondo eta beste batzuetan ez hain ondo. Nahiko lotsatia naiz jendea gerturatzen denean, ez dut ulertzen zergatik gerturatzen diren nigana. Baina azkenean hori ikasi egiten da eta kito. Horrekin bizitzen ikasi behar da. Ez dago beste aukerarik.

‘Crimen Perfecto’ antzezlana ikusgai da Donostiako Victoria Eugenian

‘Crimen Perfecto’ antzezlana ikusgai da Donostiako Victoria Eugenian



[slideshow]

Testua: Joanes Segurola


Argazkiak: Julen Hernandez


Txalo Produkzioaken azken lana da Crimen Perfecto antzezlana eta Donostiako Victoria Eugenian ikusteko aukera izango da apirilaren 16 eta 17an. Víctor Condek zuzenduriko antzezlan hau Alfred Hitchcocken izen bereko filmean oinarritutako antzezlana da, nahiz eta ideia originala Frederick Knotena den. Horrez gain, ez da ohiko antzezlana. Izan ere, eszenan ez da antzezlanak kontatzen duen istorioa bakarrik ikusiko, interpretazioaren atzealdea osatzen duten hainbat atal ere ikusteko aukera izango baitu ikusleak.


Xabier Agirre Txalo Produkzioakeko zuzendaria oso pozik agertu da orain arte “Txaloren ekoizpen handiena” denak, Crimen Perfecto-k, jaso duen harrerarekin. Orain arte 30 emanaldi eskaini badituzte ere, datorren urteko ekainera arte emanaldiak eskainiko dituzte han eta hemen.
Antzezlan honetan, Tony Wendicek bere emazte Margotek duen diruaz jabetu nahi duen istorioa kontatzen da. Horretarako, bere emaztea hiltzea pentsatzen du, eta aspaldiko ezagun bati xantaia egiten dio hilketa gauzatu dezan. Baina plana gaizki ateratzen da eta Margotek hiltzailea hiltzen du. Hortaz, hasieran biktima izango zena, ustezko hiltzaile izatera pasako da. Gainera, ez da ahaztu behar antzezlanak duen berezitasunaz. Horren harira, Jorge Sanz protagonistetako batek honakoa esan du: “bi emanaldi dira emanaldi berean”.


Jorge Sanz bakarrik ez, Crimen Perfecto-ko protagonistak Elena Furiase eta Pablo Puyol ere badira, nahiz eta Antonio Albella eta José Sánchez-Orosak ere parte hartzen duten. Elena Furiaseren hitzetan, “antzezlana bisualki nahiko dibertigarria da”. Beraz, ikustea eta antzezlanaz gozatzea besterik ez da geratzen!

FITXA ARTISTIKOA

Zuzendaria: VÍCTOR CONDE


Interpreteak:


JORGE SANZ
ELENA FURIASE
PABLO PUYOL
ANTONIO ALBELLA
JOSÉ SÁNCHEZ-OROSA


Talde artistikoa:
Eszenografia: ANA GARAY
Argiztapena: CARLOS ALZUETA
Musika originala: MARC ÁLVAREZ
Jantziak: MIGUEL ÁNGEL MILÁN
Diseinu grafikoa eta argazkiak: JAVIER NAVAL
Ile-apainketa eta makillajea: FELICIANO SAN ROMÁN
Ekoizpena: TXALO PRODUKZIOAK

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money