Showing posts with label laburmetraila. Show all posts
Showing posts with label laburmetraila. Show all posts

2012/02/28

Ostegunean hasiko da Laburbira zirkuituaren bederatzigarren edizioa

Topaguneak abian jarritako Laburbira zirkuituaren bederatzigarren edizioak zortzi laburmetrai eramango ditu herriz-herri eta guztira 30 emanaldi eskainiko ditu martxoaren 1etik apirilaren 3ra bitartean Euskal Herrian zein atzerrian. Emanaldien ondoren, ikusleek ikus-entzunezkoen egileekin solasteko aukera  izango dute.
Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko asmoarekin antolatzen du zirkuitu hau tokian tokiko euskara elkarteekin lankidetzan.
Gotzon Elorzak 1961ean zuzendutako Aberria dokumentala, Xoxe Diazen Instalación filma (galegoz euskarazko azpidatziekin), Joseba Uberuagaren Izena duena, Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Maialen Sarasuaren Hemen nago, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Oermanent taldearen Kantuka bideoklipa dira ikusi ahal izango diren lanak.
Programazio anitza osatu nahi izan dutela adierazi dute Topaguneko kideek. Emanaldiak non izango diren eta bestelako informazioa kontsultatu daiteke elkartearen webgunean: http://www.topagunea.org/

2011/03/04

Zine txokoa: Otsoaren hatsa, ez ahazteko filma

Otsoaren hatsa, ez ahazteko filma


Testua: Txabi Alvarado


Jakitegatik jende askok daki Gerra Zibilean jasotakoaren berri. Baina gutxiago dira gertaera horietaz hausnartu eta ondorioak ateratzen ausartu direnak. Laudioko (Araba) zenbait bizilagunek hala uste dute, eta horregatik, Otsoaren Hatsa laburmetraia grabatu dute, ez ahazteko.


Laudioar talde horrek azaldu duenez, «Espainiar estatu mailan egin dira Gerra Zibilari buruzko pelikulak, eta batzuk oso onak gainera». Baina, azpimarratu dutenez, Euskal Herrian ez da gai horri buruzko zinemagintza apenas landu. Hala, laburmetrai honekin beraien «ekarpentxoa» egin nahi izan dute.


Film labur honetan, burdinazko gerrikoko gudari talde baten nondik norakoak kontatzen dira. Otsoaren arnasa geroz eta hurbilago daukate, eta elkarren arteko konfiantza eta elkarlana nahitaezkoa egingo zaizkie muturreko egoera horretan.


Zinemaren munduan, aurretik zenbait saiakera egin dituzten arren, Otsoaren Hatsa grabatzeak aparteko zenbait zailtasun ekarri dizkie laudioarrei. «Ez dugu ahaztu behar hau akziozko eta gerrazko pelikula bat dela eta horrek eszenografia aldetik asko eskatzen dizu». Goikogane mendiko magaletan grabatu dute filma, bertan dauden gerrako lubakietan. Izan ere, historiarekiko fideltasun ahalik eta handiena mantendu nahi izan dute. Horretarako hainbat historialarirekin hitz egin eta garaiko dokumentu ugari kontsultatu dituzte, emaitza «duin» bat lortzeko asmoz, egileen esanetan.


Gainera, esan beharra dago aurreko guztia beraien poltsikoko diruarekin ordaindu dutela; diru-laguntzak, eskatu badituzte ere, jaso ez dituztelako.


Filma martxoaren 11an estreinatuko dute Laudion, eta emanaldi horren ostean lana beste zenbait herri eta jaialditan proiektatzeko asmoa erakutsi dute.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money