Showing posts with label etb 1. Show all posts
Showing posts with label etb 1. Show all posts

2012/06/19

Gaur gauean amaituko da Goenkale telesailaren 18. denboraldia

Gaur gauean amaituko da ETB1eko Goenkale telesail arrakastatsuaren 18. denboraldia. Trama batzuen amaiera gaur gaueko kapituluan argituko da, beste batzuk ordea datorren denboraldian argituko dira.
Lukas eta Malen ezkontza prestatzen ari dira, baina Lukasek eta Ikernek elkarrekin pasatu dute gaua hotelean eta Itxasok zerbait gertatu denaren ustea dauka.
Nekanek, Inesek emandako informazioari esker, Ernesto Irureta eta Sor Paresi haur lapurtuen kasuan inplikatuta daudela jakingo du. Sor Paresik Ernestori laguntza eskatuko dio, baina honek ukatu egingo dio. Mojak Maleni dena aitortzea erabakitzen du. Ertzaintzaren komisariara Ines eta Aliziaren arteko elkarrizketa bat helduko da, non Inesek gizon bat hil izana aitortzen duen.

Bestalde Ibik Jokinekin alde egingo duela eta ez dutela gehiago ikusiko esango die Karlos eta Leori. Hitzordura elkarrekin joatea proposatuko dio alabari eta Jokin etortzen bada joaten utziko diola esango dio. 
Itsasok Ibon eta Eiderren argazki konprometituak aurkituko ditu argazki kameran eta ez zaizkio batere gustatuko. Joana eta Manexen arteko harremana ere ez dago bere onenean.
Hemezortzi urteren buruan ere, Goenkalek hainbat jarraitzaile ditu. Euskaldunen artean %11,5eko audientzia zatia lortu du bataz beste denboraldi honetan, hots, 71.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
Datorren denboraldian hainbat pertsonaia berri etorriko dira Arraldera eta ikus-entzuleen artean horren kutunak diren beste hainbatek alde egingo dute. Zaleen artean sorpresa bat baino gehiago egongo da. Aurten lehenengo aldiz, datorren denboraldiko lehenengo kapituluen aurrerapen bat ikusi ahal izango da. Abuztuaren amaieran ekingo diete denboraldi berriko grabaketei.
'Bi eta bat' telesailaren atal berriekin batera EiTBn grabatzen den fikzio bakarra da. Azken telesail honen grabaketak uztailean bukatzea aurreikusita dago.

Goenkale 18 gala 
Datorren ekainaren 26an, telesailaren 18. urtemuga ospatzeko gala emitituko da euskal telebistako lehenengo katean. Loreto Mauleon eta Joanes Passicotek aurkeztuko dute saioa eta hainbat eta hainbat aktorek hartuko dute parte bertan. Boga boga abestiarekin emango diote amaiera urtebetetze festa berezi honi. Gala Aitor Osa, Goenkaleren zuzendariordeak zuzendu du.





2012/06/08

Udako programazioa aurkeztu du ETBk

Donostiako La Perlako bainuetxeko terrazan aurkeztu dute ETBko udako programazioa.
Mihiluzek 1000 saio bete ditu eta saio berezia emango dute igandean. Laster gainera, pasa den asteazkenean Miramonen grabatutako Goenkaleren 18. urteurrena ospatzeko saio berezi bat emango dute denboraldiko azkenengo atalen ondoren.
Ekainaren 17an Bizirik saioa hasiko da. Programa berri hau Urko Aristi kazetariak aurkeztuko du eta Euskal Herriko herri txikietako bizimodua erakutsiko digu. Saio bakoitzean bi herri alderatuko ditu. Pausoka ekoiztetxeak ekoitzitako Yes we jai! saioa ere uda honetan hasiko dira emititzen. Hiru atzerritar gure herri eta hirietako jaietan murgilduko dira. Uda bukatzen denean Euskal Herriko festarik onena aukeratuko dute.
Hiru atzerritar hauek ez ezik Navarra Directo eta Euskadi Directo saioetako erreportariak ere jairik jai ibiliko dira uda osoan zehar.
Robin Food saioak 500 atal beteko ditu eta urteurrena ospatzeko David de Jorge sukaldariak
Pedro Subijana, Karlos Argiñano eta Alberto Chicote sukaldariez gain, Juan Echanove aktorea eta Gran Wyoming eta Andreu Buenfuente aurkezleak izango ditu lagun.
Klaudio Landak Ni más ni menos saioa aurkezten jarraituko du udan zehar eta ondoren western pelikulak emango dituzte. 
Astelehenetan Cien X Cien saioa aurkeztuko du Carlos Soberak, zortzi lagun euskadiren inguruko galderak erantzuten arituko dira. Astearteetan Felix Linaresek aurkezten duen La noche de... saioa aurkezten jarraituko du. Asteazkenetan Reyes Prados andaluziarrak aurkeztutako De boca en boca eztabaida saioa aurkeztuko du. Iñaki Lopezek aurkezten duen 60 minutos izeneko saioa ekain bukaeran amaituko da eta bere ordez erreportaje bereziak emango dira ostegunetan. Ostiraletan Africa Baeta teleberriko aurkezleak gidatutako Tu plato favorito saioa emititzen hasiko dira laster. 
Larunbat gauetan filmak emango dituzte eta igandeetan berriz Julian Iantzik aurkeztuko duen Conquistour saioa emango dute. 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko lehiakide ohiek osatutako taldea, bisitatutako herriko koadrilaren aurka arituko da, nor baino nor gehiago. 
ETB3n umeentzako programazioarekin jarraituko dute eta horretaz gain udako musika jaialdiek leku zabala izango dute bertan: Azkena Rock, Bilbao BBK Live, EH Zuzenean, Pirineo Sur eta Miarritzeko Big Festivalak adibidez. Lehen hitzordua, datorren asteburuan izango da, Gasteizko Azkena Rock jaialdian. 
Emanaldi bereziek ere beraien lekua izango dute, besteak beste, Donostia eta Bilboko Suak, Portugaleteko Munduko Dantzak, Donostiako Txistulari Kontzertu Nagusia, Errekortari txapelketa, Lekeitioko Antzar Eguna, Txirri, Mirri eta Txiribitonek Euskadiko Orkrestrarekin Bilbon eskainitako kontzertua eta Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietako kontzertuak.
Kirolak ere presentzia handia izango du udako programazioan.

2012/04/03

Eremu ikusezina: Mihiluze

Donostiako Euskal Irrati Telebistaren Miramoneko egoitzan grabatu dira hainbat eta hainbat saio. Lehiaketak, reallityak, telesailak, magazineak, late night show-ak. Azken formatu hau eta lehiaketa formatua nahastu eta Mihiluze sortu zuten 2006an Jon Garaño, Izaro Goenaga, Unai Ibarbia, Kike Amonarriz, Jose Mari Salinas eta Itziar Azpeitiak.
Mihiluze hasieran lehiaketa izateaz gain show-a ere bazen. Bideoak zeuden, aktoreen aktuazioak, epai-mahaia, Asiskoren tarteak... baina lehenengo denboralditik hona hainbat aldaketa egon dira saioan. Saioa nola egiten den ikusi nahi?


Youtubeko gure kanalean ere ikusi dezakezu.

2012/02/09

Saio berri bat grabatuko da Miramoneko estudioetan: 'Ai ama!'


 Astelehenean, otsailak 13, hasiko da K2000 ekoiztetxeak ETBrekin lankidetzan eginiko Ai ama! saioa etb1-en. Astelehenetik ostegunera iluntzeko 21:00etan Iban Garatek gonbidatu bat elkarrizketatuko du, horretarako Mikel Pagadi, Itziar Atienza eta Xabi San Sebastian lagun dituelarik. Ostiraletan, asteko unerik onenekin laburpenak emango dituzte.
Aurretik, Azpimarra saioa ematen zuten ordu horretan.
Astelehenean Julian Iantzi aurkezlea izango da gonbidatua, asteartean Gorka Otxoa aktorea, asteazkenean berriz Koikili Lertxundi Athletic-eko jokalaria eta ostegunean Xabier Euskitze kazetari eta komunikatzailea.

2012/01/06

2011, ETBk ikusle gutxien izan duen urtea


ETB 1-ek %2,2ko ikusle-kuota izan du 2011an Bizkai, Gipuzko eta Araban. ETB 2-k aldiz, %8,14koa.
Bi kateek inoizko audientzia daturik txarrenak izan dituzte. Goenkale, Finlandia, Mihiluze eta kirol emanaldiak dira euskarazko katean gehien ikusten diren saioak. Horrek zerbait hobetu ditu kateraren bataz besteko datuak. Aipagarria da ETB 1-en azkenengo sei urteetan ikus-entzule gehien izan duen emanaldia Real Madril-Bartzelona Txapeldunen ligako final-erdietako partida izan zela %44,3ko kuotarekin.
ETB 2 katean berriz, La noche de..., El conquis eta Ni más ni menos magazinea dira ikusle gehien dituzten saioak. Vaya Semanita cambio radical saioari ondo etorri zaio aurpegi aldaketa eta oso datu txukunak izan dituzte lehenengo zortzi saioek. Hori dela eta zuzendaritzak Pausoka ekoiztetxeari kontratua berritu dio eta hilabete honetan bertan hasiko dira atal berriak emititzen. Lehenengo zortzi kapituluetan ikustako pertsonaiez gain (Goreti ileapaintzailea, Koro Echevarría, Benan, Mike, Nago...) Kontaidazu familia zein beste pertsonaia batzuk ere ikusi ahal izango ditugu atal berrietan. 
Arratsaldero, Anitzele eta Plató 2.0 saioak kendu dituzte eta Ai ama! izeneko ordu erdiko elkarrizketa saio bat aurkeztuko du Iban Garatek ETB 1eko prime timean. 
Hego Euskal Herrian Tele5 da gehien ikusten den telebista katea %17,4ko ikusle kuotarekin.

2011/12/29

Urte berriarekin batera 'Eguberri off' saioa estreinatuko du ETBk

Urtarrilaren 1etik aurrera gabonen inguruan ditugun galdera guztiak erantzuten saiatuko dira Nagore Aranburu eta konpainia. Zergatik hasten dugu urtea 12 mahats janda, zergatik ez ditugu jaten 12 madalena? Gabonak noiz hasten diren badakigu, baina noiz bukatzen dira?
Noiz arte atera daiteke etxera etorritako bisitei gabonetan sobratutako turroi biguna? Belengo estalpea Palestinan bazegoen, ze kristotarako jartzen dugu guk jaiotzan goroldioa? Ta jaiotzako figuratxoak txikiak badira, zergatik izaten da etxe gehienetan Jesusito hiru aldiz handiagoa?
Erderaz horrelako saioak arruntak badira ere gutxitan ikusi ditugu bakarrizketak euskaraz. Anartz Zuzazuaren zuzendaritzapean arituko dira Kontxu Odriozola, Mikel Pagadizabal, Iban Garate, Egoitz Lasa eta Itziar Urretabizkaia aktoreak. Beste hizkuntzetan funtzionatu duenak funtzionatuko ote du euskaraz?

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money