Testua: Ander Barinaga-Rementeria Arano
Euskal Aktoreen Batasunak Juan Ortegari emango dio aurtengo Besarkada Saria, euskal antzerkigintzan egindako lanaren esker onaren adierazgarri.
Asteazkenean izango da sari banaketa Bilboko Arteria Campos Eliseos antzokian. EABko zuzendaritza batzordeko kideak diren Ane Pikaza eta Pako Revueltasek elkarteko kideen proposamen ezberdinak jaso ondoren, Juan Ortegari saria ematea erabaki zutela adierazi dute.
Juan Ortegak dio, bera “ikusten den taldeko burua” izan arren, Eibarko Antzerki Jardunaldien atzean talde handi baten lana dagoela. Hala ere, saria pozarren hartuko duela esan du.
Ortega Albaceten jaio zen eta 1968an heldu zen Eibarko Unibertsitate Laboralera. Bertako Narruzko Zezen antzerki taldeko zuzendaritza hartu zuen. Handik gutxira, Eibarko Antzerki Jardunaldiak antolatzen hasi zen, baita Debabarrenako Eskola Antzerki lehiaketak ere. SAREAko (Euskal Antzoki Sarea) kidea ere bada. Hainbat azoka eta jaialditan ere parte hartu du.
Gala berezia
Gorka Minguez ekoizleak gala berezi bat antolatu duela adierazi du, bertan bederatzi aktore arituko dira taulagainean Maskarada konpainiak antolatu duen ekitaldi honetan. Carlos Panerak gaineratu duenez, Show Business Media enpresak egun horretan casting bat antolatuko du antzokian, horrela bertaratzen diren aktoreek parte hartu ahal izateko.
0 iruzkin:
Post a Comment