Azaroaren 5etik 7ra bitartean izango da ikusgai Bilboko Arriaga Antzokian
Gutxi izango dira hemeretzi urte hauetan noiz edo noiz Goenkale ikusi ez duten euskaldunak. Iaz, heldutasunera iritsi zen telesaila eta hori ospatzeko Pausoka eta Glu-Glu ekoiztetxeek bat egin eta Goenkale, Kondesaren erretratua antzezlana prestatu dute.
Felix Arkarazo
aktoreak dioen bezala “ezinezkoa da hemeretzi denboraldi laburbiltzea” hori
dela eta “obra biribil bat” egiten saiatu dira, “zale eta ez zaleek jarraitzeko
moduko obra bat”. Yannick Vergara aktoreak ere publiko zabal batentzako lana
dela azpimarratu du, azken finean, telesaila ikusi ez dutenek ere lagun talde
baten harremanetan oinarritzen den lan bat ikusiko baitute.
Pertsonaietako
hiruk, Itsasok (Maria Cruickshank), Eiderrek (Ylenia Baglietto) eta Ibonek
(Xabier Perurena) oraindik antenan jarraitzen dute eta horrek eragina izan
dezake gerora, antzezlanak telesailarekin batera egin beharko baitu bere bidea.
Jokin Oregi zuzendariak, hala ere, telesailarekiko aldaketa handienak telebistan
agertzen ez diren pertsonaiek izan dituztela uste du, telesailetik joan
zirenetik bakoitzak bere ibilbidea izan baitu. Rakel (Yannick Vergara)
Marbellatik itzuli eta landetxe baten jabea da orain, Andoni (Felix Arkarazo) erretiratu
eta Rakelen landetxera joan da bizitzera eta Nelson (Carlos Nguema) ere landetxera joango da
lagun zaharrak bisitatzera.
Yannick
Vergararentzat antzezlana “prozesu eder eta aberasgarria” izan da eta
“normalean lantzen ez diren harremanak” sortzeko balio izan du. Aurretik,
Tolosan, Elgoibarren eta Azpeitian egin badute ere, aktore bizkaitarra urduri
dago Bilboko Arriaga Antzokikoa izango baita estreinaldi ofiziala. “Arriagako
besaulkietan hazi denarentzat ilusio ikaragarria” dela esan du Vergarak,
astelehenean amets baten zati bat egia bihurtuko duela ere gehitu du.
Goenkalen ohikoak
diren osagai berak erabili dituzte antzezlana sortzeko: intriga, maitasuna eta
misterioa. Aurreko elementuei baina, komedia ere gehitu diete oraingoan. Gidoia Kepa Errastik idatzi du Pausokako
gidoigile taldearekin elkarlanean eta Jokin Oregi aritu da zuzendari lanetan.
Asteleheneko
estreinaldian azken urteetan Goenkaletik pasatu diren hainbat eta hainbat
aktore eta zale batuko dira Bilboko Arriagan. Azken hauentzat sorpresaren bat
edo beste ere egongo da obran, hastapeneko pertsonaien inguruan orain arte
ezkutuan egon den daturen bat ere argituko baita. Bilboko estreinaldiaren
ondoren Euskal Herriko hainbat txokotan ikusi ahal izango da antzezlana.
Ander Barinaga-Rementeria