2012/03/28

‘Patria’ luzemetraia estreinatuko dute gaur Campos Eliseos antzokian

Gaur estreinatuko da Patria izeneko luzemetraia, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Filma 2011.urtean grabatu zen telebistarako, Algis Arlauskas zuzendariaren gidaritzapean. Gaur emango dute estreinakoz zine formatuan. Producciones Solidarias Lizarralde & Compañia elkarteak sustatu du ekitaldia. Emanaldia arratsaldeko  20:00etan hasiko da eta ikuskizunerako sarrerak hamar eurotan eskura daitezke. Ekitaldiaren errekaudazioa Chernobil elkarteara bideratuko da.


Patria filmak Africa de las Heras (Estrella Zapatero) zeutarraren bizitza kontatzen du. De las Heras Sobiet Batasunarentzat zelarari lanak egin ditu Latinoamerikan eta Europan, eta Leon Trotsky (Ricardo Franco) politikari errusiaren erailketarekin harreman zuzena eduki du. Hainbat hamarkadatan zehar aritu da espia modura, igaro den tokietan (Norvegia, Uruguay, Mexiko, Frantzia edota Argentina) arrastorik utzi gabe. Uruguayen igaro zuen denbora gehien, han ezagutu baitzuen bere senarra. Patria zelatariak urte hauetan guztietan erabili duen goitizena da; hortik datorkio izena pelikulari.

Artista ezagunak

Pelikularen aktore-zerrenda artista aski ezagunek osatzen dute. Protagonistaren papera egiten duen Estrella Zapatero leondarrak, esaterako, Sin tetas no hay paraiso eta Hospital Central telesail arrakastatsuetan hartu du parte. Bere aldetik, Africa de las Herasen senarra interpretatzen duen Manu Fulluola da beste izen ezagun bat. Los Hombres de Paco, El comisario eta Amar en tiempos revueltos  telesailetan bere aztarna utzi du Fulluolak. 

Zerrenda osatzen dute, besteak beste, Marina Shimanskaya, Igor Krupnov, Iratxe Hernández, Rut Artazkoz, Borja Uribesalgo, Alfonso Regidor eta Jorge Robles aktoreek.

Zuzendariaren apustu pertsonala

Bilbon bizi den Algis Arlauskas zuzendari eta gidoilariaren apustua izan da Patria proiektua. Arlauskasek pelikularen inguruan egindako «girotze lan izugarria» eskertu du, «1936ko Bartzelona,  1938ko Mexiko eta 1947ko Montevideo islatzeko aukera» eman diona. Era berean, pelikularen zati handiena errodatu zen herri arabarrarentzat, Artziniegarentzat, esker oneko hitzak eduki ditu. Arlauskasen hitzetan, proiektua aurrera ateratzea ez zen posible izango «Arabako herri horretako biztanleen lan eskergarik gabe». 

2012/03/26

Argia.com-en mugikorretarako bertsio egokitua aurkeztu dute

Argia aldizkariak mugikorrera egokitutako bertsio berri bat aurkeztu du (m.argia.com). Albisteak, astekaria eta artxiboa ez ezik multimedia kanala ere osorik ikusi ahal izango da. Duela urte bat ekin zioten webgunea mugikorrera egokitzeko lanari eta orain bigarren fasea aurkeztu dute diseinu berri eta funtzio sozial gehiagorekin.
Azken orduko albisteak irakurtzeko aukera ez ezik denboran atzera egiteko aukera ematen du bertsio berriak. Funtzio sozialak ere indartu egin dira eta partekatzeko hainbat aukera ematen ditu webgune berri honek. Iametza Interaktiboak garatu du.


2012/03/21

The Black Power Mixtape 1967-1975, irakaspen historiko eta morala


Testua: Julen BIGURI

Eskubideen eta berdintasunaren aldeko borrokaren irakaspen ikaragarria dugu The Black Power Mixtape 1967-1975 (2011) dokumentala. 60. eta 70. hamarkadetako beltzen aldeko borrokaren gertaerez baliatuz, historia osoa azaldu eta kritika sutsua egiten die AEBei. Dokumentalean Angela Davis, Erykah Badu, Harry Belafonte eta Bobby Sealen iruzkinak agertzen dira, besteak beste.



Martin Luther King-en eta Kennedy-ren hilketekin hasi eta 70eko Harlem-eko drogen gudak sortutako ghettoekin amaitzen da filma. Tartean Stokely Carmichael aktibista, Pantera Beltzak eta Vietnamgo gerraren narrazioak partekatzen dira. Beltzen aldeko borrokaren historia ez ezagutuz gero, nahitaezkoa da dokumentala ikustea.

Artxiboko irudiek inoiz baino gehiago erakusten digute Pantera Beltzek eraiki zuten bizikidetza eta hezkuntza marxista, bai eta yankiek arraza beltzeko pertsonei egindako diskriminazioa. Eta nahiz eta berdintasunaren aldeko borrokak inspiratu, oraindik asko egiteke dagoela gogoratu nahi digu.


Suediako garaiko kazetariek egindako erreportaia eta elkarrizketekin mixtape bat egitea izan zen Göran Hugo Olsson-en ideia. Ideia garatu eta edizio bikaina bideratu zuten, Sundanceko Dokumentalen Edizio Onenaren Saria jaso baitzuen 2011n. Gainera, Berlinalen Panorama eta Suediako Zinema Jaialdiko Edizio Onenaren eta Musika Onenaren sariak irabazi zituen urte berean.


Zuzendari suediarrak Story ekoiztetxean lan egiten du eta arrazismoaren kontrako kritika bideratu du bere lan askotan: Am I Black Enough For You (2008), Ikon South Africa (2010). Kolaborazio asko egin ditu ikus-entzunezko eta publizitate esparruko aldizkarietan. Eta twitterren ere aurkitu dezakezue: @limpasen. Seguruenik, Göran-i buruz gehiago entzungo dugu, laburmetrai feminista batzuetan lan egiten omen dabil azkenaldian.

Kantuan saioa estreinatuko du ETB 1ek apirilean


Apiriletik aurrera 'Kantuan' izeneko saio musikala aurkeztuko du Julian Iantzik euskal telebistako lehenengo katean. Larunbat gauetan kantuak zuzenean entzuteko aukera izango da eta lesakarrak gonbidatu bat izango du bere alboan bere gustu musikalak ezagutu eta kantuan jartzeko.
Euskal Telebistak 3Koma ekoiztetxearekiin batera ekoitzitako saioa izango da. Saio honetan parte hartu nahi dutenek 943011793 telefonora deitu edo kantuan@eitb.com emailera idatzi dezakete. Astero gainera, Euskal Herriko musika talde edo bakarlari batek euren kantarik berrienak taularatuko ditu.

2012/03/19

Ihesi.com Euskal Herriko turismo gida interaktiboa sareratu du Argia-k

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako herrien turismo gida interaktiboa sortu du Argia aldizkariak: Euskal Herrian ihesi www.ihesi.com
Sortzaileen esanetan, Euskal Herrian zehar bidaiatzerakoan sortzen diren eguneroko galderei erantzuna eman nahi die webguneak eta horretarako erabiltzaileen parte hartzea behar beharrezkoa da, erabiltzaileen proposamenekin osatuko baita.
Informazioa lurralde historiko eta zonaldeka saikatuta dago. Erabiltzaileen gomendioak ere taldeka sailkatuta daude. Webgunearen helburua informazio praktikoa partekatzea da.
Euskara hutsean sortutako edukiak ikusi ahal izango dira Creative Commons lizentziapean.

2012/03/16

Hamaika Telebistaren webgune berritua martxan da

Hiru urteko ibilbidea egin du Hamaika Telebistak eta urteurren horrekin batera webgune berritua aurkeztu du. Lehenego helbide berbera da http://www.hamaika.tv baina itxura guztiz aldatu du. Diseinu sinplea da eta etiketa bidez ondo sailkatuta ageri dira menu guztiak.
Hamaika Telebistako ikus-entzunezko edukiak eskaintzeaz gain, gaurkotasuneko berri eta albiste idatziak ere topatu ditzakegu. Ikus-entzuleen parte hartzea handitu nahi dute eta Ikusleen Txokoa izeneko tarte bat sortu dute jendeak bere argazki eta bideoak konpartitu ahal izateko (webgunean bertan eta telebistan).

2012/03/13

ADEL Topaketen VII. edizioa Aulestin

Apirilaren 9tik 14ra bitartean lan antzerki lan asko ikusi ahal izango dira Aulestin. Izan ere, bertan ospatuko baita ArteDrama Euskal Laborategia Topaketen VII. edizioa. Hainbat antzezlan ikusi ahal izango dira Aulestiko udal aretoan 21:00etan aste osoan zehar.
Apirilaren 9an, astelehena, Joxe Mari Carrerrek Maitasunaren arbola izenburuko ipuin kontaketa egingo du. Asteartean berriz, Aldatzen laguntzen taldeak Ispilua lana aurkeztuko du. Asteazkenean Traboules txotxongilo taldearen Tzimi lana ikusi ahal izango da.
Ostegunean Atx teatroak Gabriel Gabrielle antzezlana taularatuko du eta ostiralean Khea Ziater taldearen Gloriaren kantua obra ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek.
Larunbatean, martxoaren 14an, taularatuko dute aurtengo azkenengo antzezlana Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreen Xentimorik gabe.
ADEL-en aurtengo edizioan hainbat ikastaro emango dira halaber, Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta, Ana Elordi, Eñaut Gantxegi eta Asier Sota izango dira irakasleak. Informazio gehiago nahi izanez gero sakatu hemen.

2012/03/09

'Lokaleroak' gala ospatuko da larunbatean Plateruenan

Euskal Telebistaren hirugarren kateko 'Lokaleroak' saioak gala berezi bat ospatuko du larunbat honetan Durangoko Plateruena Kafe Antzokian gaueko 22:00etatik aurrera. 19:30etatik aurrera baina, kanpoan musika eta sorpresak ez direla faltatuko esan dute antolatzaileek.
Gala honetan kontzertuak, erromeria, Zaparrada batukada, gauerdi partean Oihan Vega DJ-a, elkarrizketak eta sari banaketa bat ere egongo da. Izan ere Unerik xelebreenaren saria, Urrezko minutuaren sarea eta anfitrioi onenaren saria banatuko dituzte. Lehenengo denboraldiaren errepasoa egingo dute Jon Gomez Garai galdakoztarraren gidaritzapean.
Zornotzako Pausa Digital ekoiztetxea saioaren bigarren denboraldia prestatzen ari da Euskal Telebistarentzat.


2012/03/07

Ikusentzunezko greziar iraultza

Julen BIGURI

Latza da greziarren egoera gaur egun. Zakarra. Ohituta gaude antzinako tenplu eta orakuluen dekadentzia ikusteaz. Ohituta ere aspaldiko zibilizazioaren arrasto higatuak bisitatzeaz. Baina ohituta al gaude hotelen erreinuaren dekadentziaz? Eta turisten ahanzturaz? Eta krisi ekonomiko eta sozialei aurre egiteaz?

Yorgos Lanthimos-ek irrealitate krudeleko filmak egiten ditu horretarako. Latzak. Zakarrak. Isiltasunek hitz egiten dute greziarraren filmetan. Askotan ez dakigu antzezpenak noraino doazen, ezta zein neurritan isiltasun horien beharra dagoen, baina hor daude.


Atenaseko zuzendariak Lakis Lazopoulos-ekin (My Best Friend, 2001) eman zuen pantaila handirako jauzia, lehenago antzerki eta bideoklipekin esperimentuekin ibilia baitzen. Baina bere opera prima Kinetta (2005) izan zela esan dezakegu. Bertan narrazio ez linealak, isiltasun luzeak eta desenfokeak dira ugari. Gus Van Sant-ek erabiltzen dituen tresnetaz baliatzen da greziarra. Pentsa genezake planoak nahigabe atera direla, prestakuntzarik gabe, baina ez da hala gertatzen. Zuzendariak turisten erreinuaren ahanzturan murgiltzen gaitu, greziarren bakardadean; eta bakardade horren parte izatea da jolasaren gakoa.


2009an proiektu landuagoa bideratzen du: Dogtooth. Filma mundutik paseatzen uzten du, eta erantzuna bikaina da: Canneseko “Un certain regard” saria eta Oscarretan Ingelesez besteko film onenaren sarirako proposamena lortzen du, besteak beste. Baina zerk uzten du ikuslea hain ahozabalik? Gizakiaren krudeltasunak.


Errealitatean bideraezina den egoera bat planteatzen zaigu, gizakiaren eta animalien arteko muga definitzen bat ere laguntzen ez duena. Manipulazioari eta ezjakintasunari buruzko gogoeta baino, saiakera bat dugu ikus-entzunezko pieza hau. Azken bost urteetako pelikularik onenetarikoen artean egon beharko luke Dogtooth.

Ondoren, duela gutxi estreinatu duen pelikula (Alps) prestatzen duen artean, Attenberg (2010) pelikulan parte hartzen du aktore eta produktore gisa. Artelana bere laguna den Athina Rachel Tsangari-k zuzentzen du. Istorioak animaliaren eta gizakiaren muga jorratzen du berriro ere, baina Sir David Attenborough-en (hortik izena) dokumentalez baliatuz. “Homo hominis lupus” da, besteak beste, filmak azpimarratzen duen tesia. Hala ere, otsoaren papera Ariane Labed lotsati eta hauskorrak antzezten du; Veneziako Film Festibalean saritua izan zen antzezpena.


Batzuk oraindik ez dakigu zertaz baliatuko den azken pelikulan Yorgos Lanthimos, baina jakiteko irrikitan gaude. Azken finean, bere ibilbide zinematografikoak erakusten duenez, gizakiok ezkutuan ditugun emozio eta egoerak islatzen artista hutsa da. Horretaz gain, Grezia pairatzen ari den krisialdi gogorrean ere 7. arteak aurrera egin ahal duela erakutsi digu, eta nola, gainera!



2012/03/06

Zazpi urteren ondoren bukatu da MusikHerria

MusikHerria diskoetxeak amaiera eman dio zazpi urteko ibilbideari. 2005eko martxoan ospatu ziren GazteMugi topaketetan sortu zen MusikHerria diskoetxea. Zazpi urteko ibilbidean 74 talde zein bakarlari pasatu dira MusikHerriatik, eta 82 lan kaleratu dituzte CD, DVD eta liburuak aintzat hartuta. "Iertzian erori den kolektibo bat berpiztea" zaila dela uste duten arren, "bide berriak lantzea" pentsatu dute. Proiektuan erabili gabe utzi duten dirua Lodosako Ibaialde ikastolari ematea erabaki dute.

Beranduegiren 50. saioa emango dute gaur

Argia.com atariaren Beranduegi web telebistak 50. saioa beteko du gaur. Ohiko formatutik aldenduko den saio berezia prestatu dutela adierazi dute saioa egiten dutenek. Lehenengo saioak, Gorka Bereziartuari Unai Brea batu zitzaion unea eta bestelako momentu gogoangarriak. Lehiaketa berria abiatuko dute gaurko saioan.

Twitter-eko erregina

Lady Gaga, twitter sare sozialean, 20 milioi jarraitzaile baino gehiago lortu dituen lehenengo pertsona bihurtu da.  Twitter baina, ez da musikariak duen sare sozial bakarra. Facebook-en 48,8 milioi fan ditu eta 830.000 zirukulu Google+ sare sozialean Mashabek argitaratutako datuen arabera. Twitter-en lehenengoa da, Facebook-en hirugarrena, seigarrena MySpace-n eta zortzigarrena LastFMko zerrendan. Abeslari estatubatuarrak bere kontua berak kudeatzen duela esan badu ere, bere inguruan aholkulari talde handi bat duela aitortu du.
Sare sozialetako arrakasta hau ikusita, bere sare sozial propioa sortzea erabaki zuen: Little Monsters.
 

2012/03/03

Series Yonkis deskargen webgunea Sinde-Wert legearen aurka

Espainian Sinde-Wert legea indarrean sartu zen iragan martxoaren 1ean. Kultura Sailak lege honen bitartez webguneak itxi ahal izango ditu. Momentuz, 200 webgune baino gehiagok beraien burua salatu dute bere eraginkortasunik eza agerian uzteko. SeriesYonkis deskargen webgune ezaguna izango da dudarik gabe Kultura Sailaren helburu nagusienetako bat.  Webgune honetako arduradunek baina, ez die erraz jarriko webgunea itxi nahi dutenei, webgune honen klonak edo kopiak sortu dituzte beste domeinu batekin. Momentuz bi kopia edo mirror sortu dituzte: seriescoco.com eta serieskiwi.com.
Peliculasyonkis.com webgunearekin ere gauza bertsua egin dute: peliculascoco.com izeneko kopia sortu dute. Honekin webgune hauen arduradunek ixteko salaketak indargabetu nahi dituzte.
Webgune hauen jabeek ez dutela inongo legerik urratzen esan dute, beraiek telesail eta filmak ikusteko lekuetara loturak edo link-ak baino ez dituztela.
Webguneak bikoiztuz jarraituko dutela esan dute, arazorik balego funtzionamenduan jarraitzeko.

2012/03/02

Gaur gauean itzuliko da 'Vaya Semanita' ETB2ra

Aste batzuetako atsedenaldiaren ondoren gaur gauean itzuliko da 'Vaya Semanita' ETB 2ko programaziora. 22:10etatik aurrera aurreko ataletako pertsonairik arrakastatsuenak eta pertsonaia berriak ikusi ahal izango dituzte ikusleek. 
Pertsonaia berrien artean Nekane Amaya bermeoko ijito jeltzalea ezagutu ahal izango da. Beste pertsonaia berrietako bat Katxi izango da despedidaz despedida dabilen tipo bat. Goierriko Goreti ileapaintzaileak berriz Iñaki Anasagasti hartuko du berean eta Ana Urrutia eguraldiko aurkezleak 'Eguraldia' saioarekin itsututa dagoen zoro bati egin beharko dio aurre.
Kontaidazu familia, Al salir de misa... eta sketch berri gehiago prestatu ditu Pausoka entertainment ekoiztetxeak euskal telebistarekin elkarlanean.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money